Zorionez, ertzaintza ez gara denok

2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Azken egunak ez dira batere samurrak izaten ari euskal jendartearentzat. Ez dugu buru-bihotzetatik kentzen, ez dugu kendu nahi ertzain amorratuen armen bidez eraildako Iñigo Cabacas gaztea.

Herritarron begietan argi dago zein den honen guztiaren erruduna, milaka garelako polizien oldarraldiak sufritu ditugun pertsonak, asko garelako euskal labelarekinsaldu nahi izan ziguten polizia horren benetako helburua jasan beharizan dugunak.

Bai, urte luzetako saioa egin dute PNVk eta PSEk Ertzaintza disidentzia politikoaren eta herri mugimenduen kontrako errepresioan trebaturiko «polizia integrala» bihurtzeko. Urte luzez, gizarteko sektore jakin baten aurka «denak balio du» lelopean aritu dira.

Eta aspaldi da ez dakiguna nork babestu gaitzakeen poliziaren jazarraldietatik; zigilu legala daramate haien erasoek, onespen legala aitortu zaie herritarrak jipoitu eta, hala suertatzen bada, erailtzeko. Inpunitatea polizien alde dagoen lege araua da. Eta haiek dioskue orain «Ertzaintza denok gara», elkartasuna eskatzen digute... eta hori dena lotsa apurrena ere sentitu barik. Polizia jaun/andreak, ez ezazue zeuen burua engainatu; zorionez, denok ez gara Ertzaintza; ondo dakizue zuek hori.

Hau guztia ez dator bat gure herria bizitzen ari den une politiko itxaropentsuarekin. Ezker Abertzalea eta beste hainbat erakunde zein eragile, herri aske eta burujabearen aldeko indar bilketan sartuta gaude buru-belarri. Herri honetan bizi eta lan egiten dugunok badakigulako zer garen, eta, batez ere, zer nahi dugun izan: Euskal Herria, letra larriekin, hori dugu helburu, ez besterik. Argi daukagu, halaber, zer ez dugun nahi, ondo asko dakigu egungo Ertzaintzaren eta bestelako polizien azken helburua gaur egungo zapalkuntza egoera bere hartan mantentzea dela, etorri badatozen sakoneko aldaketak geldiarazi nahi eta behar dituztelako. Horretarako trebatu dituzte, gure herriaren kateak babesteko diseinatuak daude, eta guk, ordea, kate horiek apurtu eta etorkizuna aske erabakitzearekin egiten dugu amets.

Hala, Polizia eredua oinarritik aldatu behar dela deritzogu. Horretarako, besteak beste, Euskal Herrian jarduten duten indar polizial guztiek gomazko pilotak eta halako material arriskutsua erabiltzeari utzi behar diote eta, era berean, Ertzaintzaren Brigada Mugikorraren moduan, jardun errepresibora bideratutako Foruzaingo, Polizia Nazional eta Guardia Zibilaren talde bereziek desegin behar dute. Ez dago beste modurik.

Bestalde, nazka-nazka eginda gaude poliziako unean uneko arduradun politikoen gezur, faltsukeria eta inpunitatearekin.

Zer gertatu behar da herri honetan arduradun politiko batek dimisioa aurkezteko? Zenbat hildako eragin behar dituzte Ertzaintzaren gerrarako armek Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua dagoen lekutik kentzeko? Noiz arte itxaron behako dugu poliziaren buru gorenak Cabacasen erailketaren erantzukizuna aitortu eta herritar guztiok dakiguna onartzeko? Nahikoa da, Ares jauna, ken zaitez herri honen bidetik, jar zaitez bazterrean, zu bezalako beste hainbaten moduan, eta gure oroimenaren azken txokoan gordeko zaitugu: herritarrak jipoitu eta erail dituen poliziaren arduradun moduan, hori baino ez baitzara. Herri honen etorkizuna zapuztu nahi duzuenok jakin ezazue behingoz, bidean gaudela, geroz eta gehiago garela. Herri honetan ibili dabilen askatasun haizea ez da gomazko pilotekin geldiarazten. Eta zuri, hau irakurtzen ari zaren horri, bil gaitezen, egin dezagun aurrera; zabal ditzagun oihalak eta konpromisoak. Etorkizuna gurea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.