Iparramerikarrek batez beste europarrek baino lau-sei aste gehiago lan egiten dugu urtean. Konpetibitatearen legea da. Ez da harritzekoa, beraz, ikerketek esatea AEBetan bizi dugula antsietate gehien. Gizarte amerikano honek zerbait behar zuen langileak motibatuta edukitzeko, eta Zorionaren Industria asmatu zuen. Ez da jada, udako jai giroan gaudenez, ondo pasatzea dagokigula. Hori ez da aski: orain gozamena eta zoriona obligazio bihurtu dizkigu kapitalismoak.
AEBetako unibertsitate ugarietan Zorion Ikerketak eskaintzea modan jarri da, Harvard eta prestigiorik handienekoak barne. 2000. urtean, 50 liburu argitaratu ziren zorionaren gaiaren inguruan; 2008rako, 4.000 liburu ziren jada. Platonek zioen gizon justuaren emaitza dela zoriona. Orain, norbaitek erakuts diezazukeen trikimailu bat da zoriona, baratzean lekak nola landatu ikas dezakezun bezala.
«Bizitza, askatasuna eta zorionaren bilaketa» dira independentzia deklarazio amerikarraren hiru eskubide oinarrizkoak, mantra bezala errepikatuak. Kapitalismoaren zoriona da hau bereziki; diruak markatzen eta agintzen du zer desiratu behar duzun eta noiz zaren benetan zoriontsu. Kapitalismoaren jenioa da erositako satisfazioaren azpian satisfazio eza geldituko zaizula beti.
Kultura edo komunitate batek partaide eta taldekide egiten zaitu, leku jakin bat ematen dizu, Kapitalismoak ez du holakorik behar. Amerikarren ia erdiek bakarka jaten dute. Hirutik bik ez dira auzoko inorekin sozializatzen. 50 urtetik gorakoen artean, %40 bakardadean bizi da.
Baina kapitalismoak ere bere betebeharrak ditu. Auzokoengandik deserrotuko zaitu, baina bide batez zoriontsu izatea, plazera izatea bezala, obligazio bat bihurtzen dizu; lan bat gehiago. Ondorioa? Zorionaren bilaketa esplizituak berak antsietate handiagoa sortuko dizu azkenean. Ez hain aspaldian, puritanismo sexualean agertzen zen gure moralismoa; gaur egun, superegoak gozamen neurrigabea agindu egiten dizu.
Las Vegas da AEBetan Plazer eta Zorion Industriaren hiri paradigmatikoa. Hiriaren ipar-mendebalean dago beltzen auzoa, eta hantxe, kaleetan ehunka homeless bizi diren lekutik pare bat kilometrora, zorionaren hiri utopiko bat programatu zuen Tony Hsieh enpresagizonak mende honen hasieran. Hsiehk hirurogei akreko leku utzi zabar bat erosi zuen Downtown Las Vegas zorionaren hiria sortzeko. Haren deia entzunik, ehunka enpresagizon mugitu ziren Las Vegaseko komunitate utopikora, non lana eta plazera ez ziren bereiziak izango. «Guateke handi bat» izango zen bizitza. Las Vegas peto-petoa.
Zorionaren ebanjelista bihurtua, Hsiehk «zorionaren aldeko mugimendu global» baten aitzindaritzat ikusten du bere burua. Zoriona Entregatzen izeneko aholkularitza konpainia sortu zuen. Ez da negozio arrunt bat; berak esplikatu zuenez; bizitzeko era bat da, mundu guztiari zoriona helarazteko ahalegina. Zoriona sortzeko fabrika bat. Hasteko, «Ez!» agindua debekatua dago. Positibotasuna azpimarratu behar baita. Baina laster jakingo zen zorionaren bilaketa ez dela arrisku gabea. Las Vegaseko suizidio kopuruak ez du parekorik, beste edozein hirirena bikoizten du; Hsiehren Downtown amestokian, Las Vegaseko suizidioak laukoiztu egin ziren. Paradisua izan behar duen lekuan ere ezin bazara izan zoriontsu, zureak ez du erremediorik.
Las Vegaseko Boulevard nagusian zehar gidatzen baduzu, Strip-aren hegoaldeko kasino eta hotel handien parean behera, Paradisu izeneko hirigunean, hantxe agertzen zaizu eskuin aldera Trumpen 64 solairuko urre koloreko dorrea. Las Vegaseko egoitzarik altuena da. Trumpek ere guateke handi bat agindu die bere jarraitzaileei. Hsiehk hainbat enpresagizon erakarri bazituen zorionaren laborategia den Las Vegasera, zergatik ez Trumpen Amestokiak, halako eslogan erakargarriarekin: «Egin dezagun Amerika berriro handi»? Trumplandian ere ez dago ezetzik: denak laster zoriontsu izango gara.
Trumpen dorretik begiak basamortura zuzenduz gero, ez oso urrutian ikus zenezake Creech hegazkin militarren basea eta Nevadako Test Site demasa, Euskal Herri osoa bezain zabala den lur eremua. Hor eginak dira Estatu Batuetako saio nuklearren probak. Hortik maneiatzen dira orain ordenagailuz drone misildunak. Hor dago Area 51 bezala ezaguna den gune supersekretua (bertan armamentu sistema berrienak garatzeaz batera, objektu hegalari ezezagunen ikustaldien, konspirazio teorien eta abarren inguruko fantasia erantsi ohi izan da). Ameslurra (Dreamland) eta Paradisu Rantxoa dira Area 51ren beste izenak. Trumpen munduan ere dena da paradisu galdua edo Paradisu Rantxora itzultzeko promesa. Fantastic! Beautiful! Great!
Zorion komertzial honek printzipio bat du beharrezko: bizitzako zirkunstantzia errealek ez dute lehentasunik; nire kontrol mentalaren pean egon behar luke denak azkenean. Gaixotasun bat, lana galtzea, dibortzioa, auto istripu bat… zorionaren ingeniarientzat zure interpretazioan dago sekretua, zure intentzioak aldatzen baitu mundua, eta kitto. Zure haurrak ez duela eskolan behar bezala ikasten? Inporta diona eskolan ere zoriontsu izan dadila da.
Neoliberalismoak ez dizkizu promesten bakarrik dirua eta askatasun pertsonalak. Horrekin guztiarekin batera, emozio neoliberala duzu beharrezko: zoriona. Nork jartzen du Facebooken zoriona adierazten ez duen argazkiren bat? Ez bazara zoriontsu, zerbait gaizki ari zara egiten: ziurrenik ez zara behar bezain kapitalista, edo ez duzu behar bezainbat modu positiboan pentsatzen, edo ez dakizu argazkiak ateratzen.
«Babes nazazu nahi dudanetik», hala dio Jenny Holzerren LED argi-zinta instalazioak. Babes gaitzazu Amets Amerikanoaren fantasien plagatik. Babes gaitzazu superegoaren gozamen eta zorionaren obligazio honetatik.
Zorionaren fabrika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu