2014ko apirilaren 14.a orain arte ospakizun data izan da gure herrian, Euskal Herrian: Bigarren Errepublikaren aldarria izan baita egun horretako ospakizunik handiena. Baina joan den igandetik aurrera, badugu zer ospatu eta zer ikasi, apirilaren 13.a ere data gogoangarria gertatu zaigulako. Euskal Herrian egin den ariketa demokratikorik handienetarikoa egin baitzuten etxarriarrek. Esan dezakegu emaitza bezain garrantzitsua eta esanguratsua izan dela ariketa bera, bere xumetasun guztian. Beraz, berriro ere zorionak!
Apirilak 13... apirilak 20: Aberri Eguna. Datorren igandean denok Iruñera joateko aitzakia ezin hobea dugu. Datorren igandean, gure herriko kale zein mendietan euskal herritar gehiengoaren aldarrikapen algarak etengabean entzunen dira.
Euskal Herria, Europako herririk zaharrenetarikoa den herria, hizkuntza zaharrenetarikoa dugun herria, erasoak izaten jarraitzen dugu, frantziar zein espainiar estatuek ez baitute asmo txikiena ere erakutsi, gure herriak erabakitzen duena errespetatzeko. Kirol selekzioei uko egiten jarraitzen dute, euskararen ofizialtasuna aintzat ez dute hartzen, gure seme-alaben hezkuntzan esku hartze zuzena izaten jarraitzen dute, mundu globalizatu eta kapitalista baten baitan, gure herria marrazten jarraitzen dute... noiz arte? Baina erasoek aurrera egiten duten heinean, gure etorkizuna, guk erabakitzeko hartua dugun hautua ere, gero eta sendoagoa dugu.
Beti esan ohi izan da euskaldunok oso burugogorrak garela. Agian arrazoi faltarik ez dute izanen, baino bi estatu handien zapalkuntzaren aurrean, gure burugogorkeria adorea ez galtzeko laguntza bihurtzen dugu.
Geurea Euskal Herria! Nazioa gara! Hori da ahoz aho erabili behar dugun leloa. Nazioa gara, horrela izateko aspaldian erabaki genuelako. Espainiako izaera inperialistatik kanpo egon nahi dugulako, frantziar jakobinismoak gure izaera ezabatzen jarraitzen duelako. Euskal Herriak bere bidea, ez dugu besterik eskatzen. Kantak esaten duen bezala aspaldian oinez ikasiak gara inoren eskutik joan gabe, inork gure eskuak lotu gabe.
Egunero prentsa irakurtzea nahikoa dugu, oso erraz konturatzeko zapalkuntzaren atzaparkadak ez dutela etenik. LOMCE legea, Abortuaren legea, migranteen aurkako erasoak, eskubide sozialen murrizketak eta, nola ez, espainiar inperioaren menpe gaudela ez ahazteko ikur espainolaren inposaketa edonon. Jadanik hamarnaka euskal udaletan oso modu demokratikoan ezarri digute piper potoaren presentzia. Iruñea, Donostia, Durango, Bilbo, Gasteiz, Basaburua, Atarrabia, Zizurkil, Lezo eta hainbat eta hainbat tokitako herritarren aurkako inposizioa.
Horregatik, ariketa libre moduan, gero eta gehiago dira, edozein txokotara joan, gure ikurrak bizkar gainean hartu eta lau haizetara zabaltzeko erabaki irmoa hartu duten herritarrak. Gure zaharrenen esanetan holakoak berrogei urte atzerako argazkiak gogoratzeko balio izaten zaizkie. Ezkila dorreetan, herriko plazako goiko puntan, argiaren posteetan... edozein toki ona zen, zer eta nor garen aldarrikatzeko.
Geurea ikurrina! Beste batzuen artean noski, baina argi izan behar dugu, une honetan ikurrinak duen jazarpena herri oso baten jazarpenaren irudi krudela besterik ez dela. Gipuzkoa, Bizkaiaeta Araban espainolaren inposizioa begi bistakoa da, baino Nafarroan inposaketarekin batera ikurrinaren debekua dugu. Ikurrina udal plazan uztailaren 6.ean zintzilikatzeagatik zigorra dute bizkar gainean bost bizardun arrantzale iruindarrek. Eskerrak bizardun arrantzaleek edonon klonatzeko ahalmena ere garatu duten, kasu, azken bisita Villabonako herrian izan dute. Beraz bihur gaitezen denak bizardun, arrantzale, dantzari, abeltzain, bizargabe. Hots, edozein herritarrek har dezagun gure gainean gure ikurren defentsa, gure herriaren defentsa, hori baita modurik errazena garena garela aldarrikatzeko. Gureak baitira kolore zuria, berdea eta gorria, gureak baitira ere moreak, laranjak, beltzak...
Geurea ikurrina! Gaurtik eta datorren igandera arte, aldarrikatu dezagun kolorez jantzitako herri batean bizi nahi dugula. Esan dezagun ozen, Euskal Herria gure herria dela, eta euskal herritarron esku dagoela beraren eraikuntza, guk aurrera eginen dugula gure esku dagoen guztia jokoan jarrita, geureari ekiteko.
Beraz, datorren apirilaren 20.ean denak Iruñera joateko deia zabaldu nahi genuke, han kolore biziz gure hiriburua den Iruñea jantziko dugulako.
Zorionak, Etxarri! Zorionak, etxarriarrak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu