Zorionak, eta urte askotarako

2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Yolanda Diaz Espainiako lehendakariorde eta Lan ministroak duela urtebete bultzatutako Lan Erreformak ez du neoliberalismoak hamarkadetan eragindako lan baldintzen kaskartze orokorra baliogabetzeko gaitasunik, baina langileriaren eskubideen arloan zein enpleguaren joeran norabide berri bat ezartzeko urratsa izan da, beste bat. Lanpostuen ezegonkortasunaren eta lan hitzarmen kolektiboen ahultasunaren aurka borrokatzeko tresna indartsua ekarri du, alegia, eta urte askotarako etorriko direnak.

Anitz izan dira legedi berriaren inguruan egindako irakurketa okerrak, horietan ohikoena moldaketa txiki bat baino ez izatearena. Bereziki zalapartatsua izan zen hori sindikatu abertzaleen eta EH Bilduren partetik, Aznarren hitzak beren ahora ekarriz Espainiako eskuinaren estrategiaren morroi bihurtu baitziren. Zorionez, aurrera atera zen araudi berria, bide batez Nafarroako eskuina zatikatuz, eta 2022. urte osoko datuek lan harremanetan hobekuntza nabarmenak izan direla erakusten dute. Agerikoena, lanaldi osoko lanpostu mugagabe etengabea dela gaur egungo lan munduan sartzeko joera, lanpostuen behin-behinekotasunaren atzerakada ekarriz. Urtarriletik abendura milioi bat kontratu berri baino gehiago sinatu ziren Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, aurreko urteetan baino gutxiago, lanpostu txandakatzearen beherakadaren ondorioz. Kontratuetatik 282.500 mugagabeak izan ziren—zorionak egonkortu diren langile guztiei—, eta, aurreko urtean baino 172.500 gehiago izanda, ez dago pozik ez egoteko aitzakiarik. Aldi baterako ia 290.000 kontratu gutxiago sinatu ziren, ordea, eta haien batez besteko egun iraupena asko igo da.

ELAk esaten duena ez da egia, ez dira gutxiengoa izan lanaldi osoko etengabeko lanpostu berriak. Joera horretaz jabetzeko urte batetik besterako aldaketari eta batez ere langile kopuruari erreparatu behar diegulako, eta ez kontratu kopuruari. Aldi baterako kontratu berriak nabarmen jaitsi diren bitartean, Euskal Herri penintsularreko soldatapeko langile guztien behin-behinekotasuna %21,7tik %14,9ra igaro da gizonezkoei dagokienez. Emakumeena %28,5etik %24,1era jaitsi da, ordea, sexu arrakala indartuz. Zergatik? Batetik, araudia betearazteko antolakuntza sindikal gutxiagoko sektore pribatuetan daudelako, eta, bestetik, behin-behinekotasuna oso gutxi apaldu delako emakumeak bi heren diren lan publikoetan. Horietan ezegonkortasun larria murrizteko neurrien geldotasuna da horren azalpena. Yolanda Diazek bultzatutako egonkortze planak datorren urtean garatzeko baldintzak ezarri ditu, Europako Batasunarekiko 23. osagaiaren engaiamenduak direla medio.

Ariketa bera egin behar dugu lanaldi partzialen inguruan, kontratu kopuruari erreparatu beharrean langile guztiengan duen eraginaren bilakaera aztertuz. Gizonen %7,1i baino ez dio eragiten enplegu partzialak, baina halako lanaldian dagoen emakumeen ehunekoa %26,4tik %23,8 izatera igaro da azken urtean. Arlo honetan emakumeena da hobekuntza osoa, eta gizonen partzialtasun eskasa mantendu da. Soldata arrakalarekin gertatzen den bezala, euskal emakumeak lan baldintza kaskarreko jardueretan pilatzen dira, eta beharrezkoak dira horietan estrategia legegile eta sindikal komunak hobekuntzak lortzeko, adibidez gutxieneko soldataren igoera etengabea defendatzen eta sektoreko lan hitzarmen duinen alde borrokatzen.

Urteko kontratazioari begira, azken arlo batean kokatu da eztabaida, finko-etenen kopurua kontratu mugagabe berrien %19 izatean. Batetik, kontratu finko-etenen gorakada sasoian sasoiko lanpostuetan obrako edo zerbitzu jakin baterako kontratuaren desagerpenaren ondorioa da. Aldi Baterako Laneko Enpresak kontratu modalitate horiek modu berri batean erabiltzen ari dira, baina horien soldatak eta lan baldintzak kontrolatzeko tresna berriak ezarri ditu Lan Erreformak baita ere. Gainera, lanaldi osoko mugagabe etengabeen egoerarekin alde nabarmena egon arren, finko-etenek harreman egonkorra dute enpresarekin, gehienetan txandakatze gutxiago izango dute, formakuntza eskuratzeko eta trebatze sendoago bat hartzeko aukerak izanez. Eskubide berriak eskuratu dituzte, antzinatasuna kalkulatzerakoan, lanpostu mugagabe etengabeen deialdiak jasotzeko lehentasuna, eta baita langabezia sarien hobekuntza.

Negoziazio kolektiboarentzako bermeak berreskuratzea izan da Lan Erreformaren beste alde nagusia. Nafarroarako urte osoko datuen faltan, 2022an zehar 112.000 langile gehiago geratu dira indarreko hitzarmen kolektibo baten babespean: EAEko guztien %26,8 ziren urtarrilean, eta %45,4 abenduan. Aurreko urtearekin alderatuta, 20.000 langile gehiago dira EAEn bertan sinatutako hitzarmenen babesean daudenak, negoziazioen estatalizazioaren atzerakada agerian utziz. Araudi berriak ezarritako aurre-eraginaren ondorioz, gainera, hitzarmen berri bat sinatu arte lan baldintzak ez kaskartzeko bermea dute hitzarmen luzatuak dituzten langileen ia erdiek.

Ez dira makalak urte bakar batean lan baldintzetan lortutako aurrerapausoak, hainbeste arazo ekonomiko eta sozial larriagotzen diren bitartean. Gurean premiazkoena da euskal gobernuen norabide guztiz okerra zuzentzea. Zergapetze erregresiboa, osasungintzaren pribatizazioa, hezkuntza segregazioa, espezializazio ekonomiko kaskarra (etengabeko desindustrializazioa eta ekonomiaren turistifikazioa), langabeziaren kronifikazioa eta etxebizitzan gaineko espekulazioa dira gure bide galduaren adierazleak, EAJk interes oligopolikoen alde eta herri langilearen bizitza iraunkorraren aurka lerrokatuta jarraitzen duen bitartean. Lan harremanen arloan, Espainiak zein Frantziak erakutsitako eredua da gurera ekarri beharrekoa. Borroka sozial bateratua eta ezkerreko gobernuak dira Euskal Herriak behar dituenak. Nafarroan egiten ari den bezala, gaur bertan, otsailaren 15ean, sindikatu guztiek hasi duten greba da bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.