Zoriona kultur agindua da banakoarentzat gaur egungo gizarteetan. Ezin konta ahala dira helburu hori lortzera bideratutako baliabideak. Zenbatezinak agindu soziala betetzeko xedearekin eguneroko bizitzan inguratzen gaituzten presio bideak. Esate baterako, aspaldi honetan saldoka sartzen ari dira aholku liburuak gure bizitzetan, auto-laguntzan oinarritutako literaturaren gorakadaren erakusle. Apurka-apurka, era guztietako coach edo entrenatzaileak agertu dira gure inguruan, laneko xedeak edo asmo pertsonalak erdiesteko tekniketan trebatzen gaituztenak. Oharkabean, gomendioak ematen dizkiguten atalekin hornitu dira ikusi edo irakurtzen ditugun hedabideak, zoriontsuago, emozionalki helduago edo produktiboago izan gaitezen saiatu beharraz ohartarazten digutenak. Lantokian, kiroldegian edo udal egoitzan, nonahi eskaintzen zaizkigu mindfulness tailerrak eta auto-garapenerako terapiak, ongizatea, erabateko arreta, kontzientzia betea edo lidergoa erdiesteko ahaleginak egin ditzagun. Eta adimen emozionalaren gaia ia eguraldiarena bezain arrunta dugu lagunen arteko solasaldian.
Inbasio kultural hori ez da ausazkoa, ezta ondoriorik gabea ere. Zorionerako bidea erakustean, self-improvement delakora bideraturiko aholkuek gaur egungo gizarte ereduaren preskripzioak helarazten dizkigute. Hala, identitate egokia eta soziabilitate zuzena eraikitzeko arauak jasotzen ditugu haien bitartez, baita behar bezala jarduteko eta sentitzeko eredu multzoa ere. Kultura terapeutikoa bete-betean sartu da Beranduko Modernitateko sen oneko ikuspegian. Zoriontsu izateko premia indibiduala eta obligazio kulturala ezartzen duen marko horrek definitzen digu, gero eta gehiago, zer den bizitza ona eta zein balioren esanetara jardun behar dugun. Ildo beretik, estilo etikoa eskaintzeaz gain, kode emozional jakin bat ere zehazten digu, esanez zein emozio onartu behar dugun eta, aldiz, zein jo patologikotzat. Azken horien artean egon ohi dira egonezina, haserrea, sumindura, beldurra, depresioa eta antzekoak. Mota horretako emozioek sortzen dituzten egoera negatiboen erantzukizuna pertsonari berari egotzita, gutako bakoitzari ematen zaigu zama hori arintzeko ardura latza ere, eta geure emozioen kudeaketa «zuzena» egiteko eskaria.
Izan ere, pertsonen jokabidea zuzentzeko eginkizuna ez ezik haien barne bizitza arautzeko funtzioa ere betetzen dute kultur aginduek gaur egun. Gure garaian banakoak bizi duen kontingentzia, segurtasun eza edo antsietatearen aurrean, pertsona autokontrolatuaren eta zoriontsuaren ideala zabaltzen da aipatu teknika eta trebakuntza berrietan proposaturiko eraldaketa prozesuen bitartez. Jakina, ni (ustez) ahaldundu eta zorionekoa xede duten eraldaketa horiek pertsonaren barrenak etengabe heziz eta otzanduz baino ezin daitezke gauzatu. Hala, kapitalismo garatuan (batzuen hitzetan, kapitalismo emozionalean) ohikoa den bizitza intimoaren merkantilizazio joerarekin bat eginda, banakoen intimitatea ere produkzio-lan eta heziketa-prozesu sakon eta neketsuaren emaitza bihurtu da.
Gizartearen indibidualizazioa dugu saiakera kultural horien guztien testuinguru orokorra. Kultura indibidualizatuan, pertsonen identitatea modu auto-erreferentzialean eraikitzen da. Norberaren barrenetan arakatzea eta introspekzio ariketak egitea patua da eta ez hautu librea gure aroko pertsonentzat, norbera baita bere bizitzaren erantzule gaur egungo ikuspegi nagusian. Hori dela eta, eskaintzen dizkiguten trebakuntzak buruaskitasunaren norabidean doaz eta ez besteei buruzko arduraren ildoan, banakoa asebeteko duten harreman pertsonalen ildoan eta ez errealitate sozialaren aldaketaren norakoan. Helburua pertsonaren barnealdea aldatzea da, ni berri bat osatzea, borondatearen eta etengabeko lanaren bidez. Barne bidaiaren metafora erabilita, banakoari bere pertzepzioa eta emozioak egokitzen irakasten zaio, lanean eta harremanetan sortutako estresa kontrolpean jartzen, bizi-baldintzek sortutako ardurak eta tristurak kudeatzen, bizitzaren hainbat ataletan eragiteko asmoz, gorputzean, osasunean, lanean eta harreman pertsonaletan, besteak beste. Ikuspegi indibidualizatuak ez du aintzat hartzen ez ingurune soziala, ez haren hertsapena. Aitzitik, baldintzapen sozialak edo, bestela esanda, ondoez kulturalaren banakoaz kanpoko arrazoiak baztertu egiten ditu eraldaketatik. Niaren eta gizartearen arteko harremanetan sor litezkeen gatazken aurrean, niaren egokitzapena hartzen da irtenbidetzat. Kapitalismo garatuko lan sisteman ezarri den malgutasunaren printzipioa nola, hala nagusitu da flexibilitatearen ideal bera identitate pertsonalaren eraikuntzan ere, aurreneko balio gisa. Bada, merkatuan ez ezik merkatu eredu horretan arituko direnen buru egituren eta identitateen diseinuan ere txertatu beharrezko osagai kulturala da doikuntza.
Hartara, mundua ulertzeko epistemologia mentalista bat nagusitzen ari da. Merkatuaren esanahiak eta esanahi psikologikoak eta emozionalak bateragarri egiten ari dena. Errealitate sozialaren ulermena urruntzean, bizitza intimoaren tirania eta bizitza publikoaren despolitizazioa bultzatzen duena. Emantzipazioa norberaren auto-asmaketarako aukerarekin soilik parekatzen duena, eta ez boteretik edo dominazioaren uztarritik askatzearekin. Zorionik eza eta egonezina borondatearen eta jarrera indibidualen erabilera okerraren ondoriotzat hartzen dituena, eta ez gizarte eredu jakin baten emaitzatzat. Zenbait emozio «negatibo» gaixotzat hartzearekin batera, emozio horiek kolektiboki izan dezaketen ahalmen eraldatzaile eta oldartzailea ezabatzen duena.
Ongizatea kulturalki irudikatzeko hedatzen ari diren moduek eta, oro har, banakoen bizitzari zentzua emateko prozesuetan atzemandako joerek kezka bat baino gehiago mahai gaineratzen dute, besteak beste, prozesuok euskal gizartearen bizitza publikoa ahultzeko izan dezaketen eragina dela eta. Egia da Euskal Herrian herri ekimenaren eta parte hartze sozialaren bizitasuna erakusten diguten esperientziak eta indarrak ere badaudela. Azken asteotan ikusi ahal izan ditugu ekimen horietako batzuen adierazpenak. Izango ote du gure gizarte indibidualizatuak balio kolektiboetan oinarritutako tradizio oparoari jarraipen eraldatua eta eguneratua emateko ahalmena hemendik aurrera ere? Politika bera etxeko txoko intimoa hornitzeko katalogo gisa saltzen zaigun une honetan, asmatuko ote dute Euskal Herria ardatz duten eragile sozialek eta politikoek zoriona klabe sozialean ulertzen duten proiektu erakargarriak sortzen?
Zoriona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu