Musikaria

Zorion etxe hontako denoi

2025eko otsailaren 19a
05:00
Entzun

Zorion etxe hontako danoi,
oles egitera gatoz (…).
Santa Ageda bezpera degu, 
Euskal Herriko eguna.

Otsailaren hasieran Santa Agedaren koplak bazterretan kantatu dira eta lurra esna dadin makilez astindu. Hor ere, Gabon abestietan bezala, ibili dira lanean erlijio arrasto ezabatzaileak. Oroimenari hainbesteko garrantzia ematen zaion garaian, honetan mendeetan lagundu gaituen kultura erlijiosoaren aztarnak ahaztu egin nahi dira kutsakorrak diren beldurrez. Arriskutsuagoa da horren gaizki kantatzen ateratzea eta makilen kolpeak era zozo baldarrean burutzea. Lurra banintz, ez nintzateke esnatuko.

Kaldereroen festa ere izan da. Ezagun batek adiskide amerikarra konpartsara hurreratu eta hura suminduta galdezka hasi zen nola onar litekeen horrelako jai arrazista. Lehenago ere entzun dira horrelakoak. Zer du ba arrazistatik jai horrek? Gogoratu egiten da, inauteri giroan, Donostiara hungariar ijito nomadek urtero egiten zuten bisita. Eta azpimarratzen dira haien umore ona, nola gustatzen zitzaien kanta eta dantza, donostiarrei euren lana eskaintzen zietela, garaian garaikoa, emakume donostiarren eta hiriaren ederra nola kantatzen zuten… Esango nuke jende haien goraipamena egiten dela.

Kontuz begirada estuko predikadoreekin. Muturrekoak, ezinezkoa den erabateko garbitasunaren bilatzaileak, erlijio eta elizan bezala, denetan agertzen dira, baita sozialismo, feminismo eta bestelako mugimendu berritzaile eta eskertu beharrekoetan ere. Eta matrakaren matrakaz, neguak lurra bezala, jendeak lokartzea lortzen dute.

Esnatu beharra dugu ordea. Lotan gauden bitartean ilunaren munstroak lanean ari baitira. Gaza lurraldea infernu bihurtuko duela, dagoeneko ez balitz bezala, errepikatzen duen deabrua adibidez. Edo Lizarrako Raimundo el Canasterotaldekoak auzitara eraman dituztenak, alkatearen izenarekin jolasean grabatu zuten kanta, Beef de Alda, iraingarri eta gorroto delitua omen delako. Bihoakie nire laztantxoa Raimundotarrei eta eskertza pentsamendu eder hau opari digutelako: «Puritanismoa inor, inon, agian zoriontsu izan dadin beldur obsesiboa da». Eta aholkua agintari puritano horiei: eskatu hiztegi gaztearen eskola ematea. Edo Shakirari galdetu beef kanta zer den.

Garai bateko madarikazioa zen: auziak izan eta irabaz ditzazula. Batzuentzat ez da arazo: Borboi Txoizorena ez da epaitegian sartu ere egin. Poz-pozik azaltzen da aldizkari famatu baten azalean: Juan Carlos erregek urteak ospatu ditu alaben eta biloben maitasunak inguratua. Maitatuko ez dute ba, hiltzean zazpi bizitzatarako diruak utziko baitizkie kleptomano elefante akabatzaileak. Epaitegietako azken berria, bide batez: Pedro Sanchezen koinataren lehengusu baten eskolako atezainaren alabaren ezagun bati auzia ireki berri diote: txikitan puzkerra bota omen zuen zinean.

Espainiako egoera informatibo-politikoak gogorarazten du haur eta gazte ginenean Atotxako futbol partida askotan egiten zena. Zelaia mangeraz blaitu, kakalardoak ito arte ureztatu eta patata-soro bihurtu. Horrela talderik onenak etorrita ere, denak lokatzetan berdintsu aritzen ziren. Teknika zaharra eta berria.

Orain askoren galdera: nola iritsi gara honaino? Elkarbizitzaren arauetan erridikulu galanta egin dugulako XX. eta XXI. mendeetan. Orain boteretsuak izugarri boteretsuak dira dagoeneko, inoiz ez bezala, eta areago nahi dutenez, fatxerian alimaleko indar-dirua inbertitu dutelako horien bitartez guztiok manipulatzeko.

Biblia eskuan kristaua dela oihukatzen duen AEBetako presidenteari Mariann Edgar Budde gotzain emakumeak muturraren aurrean ongi esan zion: «Jainkoaren izenean errukia izan dezazula eskatzen dizut gure herrian orain beldurra duten pertsonekin. Gay haurrak, lesbianak, transexualak […]. Gure Jainkoak erakusten digu kanpokoekin urrikalkorrak izan behar dugula, denok izan baikinen noizbait kanpotar».

Hobe guk ere emakume obisporik bagenu. Kristau izena erabiltzen duten asko (Abogados Cristianos, El Yunque…) usurpatzaileak dira. Kristautasuna ez da ohitura sozialen edo erritu errepikatzaileen kontua. Gorrotoari maitasunaz aurre egitea da eta pertsona guztiak, bereziki ahulenak eta bizitzak zigortuenak, gurekin bat sentitzea eta ahalegina egitea laguntzeko. Manos Unidaseliza katolikoaren erakundeak gogorarazi zigun otsail hasierako igande batean: Partekatzea gure aberastasunik handiena da

2024 YR4 meteoritoak Lurrean 2032an anabasa sor dezakeelarik, otoitza proposatuko dizuet: Unibertsoko indarrak gobernatzen dituzun Goiko horrek, landu apunteria. Gu bitartean jendeak esnatzeko manifan atera gintezke astebururo makilak lurrean jotzen. Baina erritmo egokian, mesedez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.