Ziurtasunak irakaspen bihurtuko?

2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Gutariko inor gutxik ezagutzen zuen Txinako herri urrun batean hasi zen uhina. Etortzen ikusi arren, azken unera arte Europa eta Ameriketako Estatu Batuak ez dira zinez jabetu gainezkatu zitzakeenik. Orain olatuaren barnean gaude; azala eta zola, hondartza eta itsas zabala non diren jakin ezinik.

Oraino zurrunbiloan egonda, biziki zaila da osasun krisialdi honen ondorioak iragarri ahal izatea, behinik behin aztiarena egiten jostatu nahi ez bada. Eguneroko birusaren hedapenak, estatuetako agintarien neurri ezberdinek, informazio/gezur/iritzi/zurrumurruen turrustak, erantzun kolektiboek eta banakako erabakiek etengabe dute balizko etorkizuneko aurreikuspenak birplanteatzerat behartzen. Ziurgabetasunez beteriko denboraldia da hau. Alta, egoerak ziurtasun gutxi batzuk eskaintzen dizkigu.

Lehen ziurtasuna: naturak agintzen segitzen du. Ukaezinak dira gizakiak hura kontrolatzeko egindako urratsak, baina oraindik ere haren bizkortasunak gizadia ataka larrian jartzeko gaitasun osoa du. Azkenaldian han-hemenka gertaturiko muturreko fenomeno meteorologikoek eszeptikoenei ere erakutsi diete klima aldaketa errealitate bat dela, eta horrek guztioi eraginen digula. Oraingoan gure sentimenek atzeman ezin dezaketen agente infekziosoak oroitarazten digu menperatu eta zapaltzen dugun natura horren parte ahula ere izan gaitezkeela. Ondorioz, sistema kapitalista mundialaren makina aleka hartzerat behartzen ari da, hura ia guztiz gelditzeraino. Etengabeko ekoizpena ardatza duen sistema moteltzen ari da, biziaren zaintza nagusi.

Naturaren mikromailak naturaren makromaila aintzakotzat hartzerat eraman dezake. Izan ere, argi da ekonomiaren geldialdi derrigortu honek agerian jarriko dituela egungo ereduak beroketa klimatikoaren gainean dituen efektuak. Beharren lehentasunen berrebaluaketa, telelana zabaltzea, ekoizpen kateen antolaketa eta bertze: horrek guztiak ekonomiaren birpentsatzerat eraman beharko luke, behingoz aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan engaiatze alderat.

Bigarren ziurtasuna: oraingo globalizazioak lokatzezko oinak baditu. Ez da lehen aldia arazo global bat nagusitu, eta nazioarteko kudeaketa deskoordinatua agerian jartzen duenik. Baina honek sakontasun berezia badu. Aurreikusi gabe arras denbora laburrean ia mundu osorat —Antartida salbu, momentuz— zabaldu da, sistema ekonomiko mundiala kolokan jarriz.Zisne beltza deitzen diren mugarriak diren gertaera historiko bakan horietariko bat izanen dela nahikoa argi dirudi honezkero.

Herrixka globala-k auzapezik ez izateaz gain, gutxieneko bizikidetza mekanismorik ere ez du; bertze behin ikusten ari gara. Kontinente ezberdinetako estatuak mugak ixten eta etxekotze neurri zorrotzak ezartzen hasi dira banan-banan. Alabaina, hain interdependentea den mundu batean halako aldebakarreko ekintzak ez dira beti eraginkorrak, eta okerrena, kaltegarri gertatzen ahal dira.

Birusa munduaren fabrika den herrialdean agertu izanakhorrek suposatzen duen guztiarekinMendebalde osoaren zaurgarritasuna agerian utzi du. Txinaren menpekoak dira hornidura kate ia guztiak eta munduko sendagai ekoizpen eta medikuntza hornidura gehienak. Pentsatzekoa da esperientzia honen ondotik hainbat herrialde menpekotasun hori murrizten saiatuko direla, ekoizpen nazionala bultzatuz. Hori mehatxu bihur liteke egungo ordena ekonomiko globalerako, eta bereziki, Txinaren rolerako. Halere, ez da batere argi Mendebaldeko demokraziek bide hori errazki urra dezaketenik epe motz edo ertainean, kapitalarekiko duten harremana zein osasun krisialdi honen kudeaketak eta horren inpaktu ekonomikoak eragin ditzaketen barne gobernu krisialdiak direla eta.

Baten batek Covid-19a desglobalizazioaren birusa izendatu du dagoeneko. Soberaxko zait hori. Orain arteko globalizazioak ez dubere horretan jarraituko, baina ez gara aurretiko garai baterat itzuliko ere. Ezaugarri zehatzak ikusteke, pandemia hau alterglobalizazio baterantz bideratzeko abagune ederra izanen delakoan nago.

Hirugarren ziurtasuna, ortodoxia neoliberalak porrot egiten du. Batzuontzat hau ez da nobedaderik, baina bertze askorentzat krisialdi honek dakarren errebelazio ia mistikoa izan daiteke. Esku ikusezinak ez ditu ospitaleko oheak prestatzen, eriak artatzen, populazioak babesten ezta ekonomia bizirik mantentzen edo suspertzen ere.

Birusaren aurkako borroka estatuaren eta merkatuaren arteko harremana argiki estatuaren esku hartzearen alde eramaten ari da toki guztietan. Egunotan, egoeraren larritasunak bultzaturik, AEBetan Trump bera ere merkatu askearentzat bekatuak diren hainbat neurri hartzen ari da. Segur aski, lerralditzat joko dituzte batzuek gobernu ezberdinen esku hartze hauek —salbuespenezko neurriak salbuespenezko sasoietan—, baina ziur naiz horien bizipenak milioika biztanleren pertzepzioa aldarazten lagunduko duela.

Hiru horiek ez dira nolanahiko ziurtasunak. Serio harturik sakoneko aldaketak eragin ditzakete orain arte ezagutzen dugun munduaren ordenan eta bakoitzaren errealitate hurbilean. Halere, esperientziak erakusten du gizakiak ez duela beti aurresuposatzen den bezain arrazionalki jokatzen. Koronabirusaren krisialdi honek momentuz ebidentzia hauek eskaintzen dizkigu; etorkizunari begira irakaspen bihurtuko ote ditugun, hori bertze kontu bat izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.