Zitalkeria: sufrimenduarekiko gizatasun eta errukirik eza; min eta atsekabe handia sortzen duen ekintza. Bortitza, gizatasun gabea. Hori da, ene ustetan, espainiar kartzela sistemaren arduradun politikoek egindako deklarazioen eta, batik bat, egiten ari diren ekintzak direla medio egingo nukeen deskribapen zuzenena.
Darabilten diskurtsoa, eskuzabaltasun osoz, euskal preso politikoen sakabanaketa amaitu ahal izateko baldintzak mahai gainean ipintzearen aldekoa omen da. «Damutuko balira, desegingo balira, albo batera geratuko balira edo... gupidatsuak ginateke».
Hainbatetan baldintza hauen pean egon arren, ezer ez, ordea! Gaurko egunez hauek baitira, biharamunean beste horiek, eta etzi? Beste haiek. Etengabean errepikan diren «hau, gero hori, gero hura»; baldintzen zurrunbilo amaigabea.
Neurri eskuzabal hauen artean daude —ustez— gaixo diren euskal preso politikoak. Espainiar Konstituzioan eta kartzelaren arautegian gaixotasun larriak edo sendagaitzak dituzten presoak aske geratzeko aukera ageri da.
Larritasun hitzak kategoria baten berri ematen digu, eritasun baten tamaina, garrantzia, pisua. Ez dago zertan sendagilea izan bularreko minbizia, prostataren kartzinoma izatea edota miokardio infartua izatea larritasun handiko gaixotasunak direla jakiteko. Ez dago gaixotasun hauek arinak, garrantzibakoak, aurreikuspen onekoak edota kategoria gutxikoak direla esango lukeenik.
Sendagaitzak
Infartu kardikoa duen gaixo bat betiko arrisku kardiobaskular handiko gaixoa izango da. Hau da, beste behin atake bat izateko arrisku handia izango du, heriotzara eraman dezakeena. Ziurrenik, gainera, gaixo horren bihotza larriki kaltetua egongo da betiko. Ankilosi espondilitisa duen gaixo bat, adibidez, sekula ez da sendatuko. Alderantziz, gaixoaren artikulazioak egunetik egunera kaltetuagoak egongo dira. Haren ankilosia progresiboa izango da, haren jardueren murrizte handi bat izan arte. Tamainako kasuetan hainbatetan egon daitekeen sendabiderik eraginkorrena errehabilitazio programa bat da. Eta kartzelan, zer?
Preso gaixo larri eta sendagaitzen inguruan ari garenean, horretaz ari gara, hain zuzen ere: ez dago inongo asmakeriarik. Hargatik diogu legegintza ez dela eskuzabala preso hauek kartzelatik irteteko eskubidea jasotzen duen bakoitzean: horietako askok bizi kalitate prekarioa dute, tratamendu bereziak behar dituzte (horietako batzuk oso gogorrak dira), tratamendurako programa eta jarraipen zehatzak, dietak eta kartzelan jaso ezin daitezkeen bestelako neurriak asko. Hutsune hauek gaixoen etorkizuna beltzez zipriztintzen dute.
Hamarkadetan zehar kartzela politikei dagokienez ezberdintasun koertzitiboak sistematikoki aplikatu izan zaizkion kolektibo batez ari gara. Praktika horien fruitu, arrisku handia duen koktel bat duena: helduaroan dauden presoak, kondena handiak betetzeko eta gaixotasun larriekin.
Bestetik, gaixotasun mentalak aipa genitzake. Zer esan daiteke Nahaste Obsesibo Konpultsiboaduen preso bat —zeinak depresio garaiak eta antsietate krisiak izan dituen eta kartzela instituzioek autolesioak saihesteko protokoloa aplikatzen dioten— 2003tik honat hamar bider «zentroz aldatu» izanari buruz? Zer iritzi duzue isolamendua aplikatzearen inguruan? Logikoa al da konfiantzako asistentzia psikologikoaren ukapena?
Beste behin, aurrez esan dugun antzera, lerro hauetan ez dago inolako asmakeriarik: beren askatasuna eskatu ohi den euskal preso politiko gaixoen artean izaten diren kasu eta gaixotasun multzoen adibidea da.
Beraz, eskakizun hauen ukapenak ankerrak eta gizatasun gabekoak dira. Praktika hauen helburua pertsona horien sufrimendua besterik ez da, honen bidez beste (azpi-)helburu batzuk lortze bidean. Euskal jendarteak ezin dezake honelako egoera onartu, eta ez dugu uste, gainera, honen alde lerrokatuko litzatekeenik.
Amaitzeko, nahiko ezaguna denez, Txus Martinen inguruko gai arantzatsuaren inguruko hainbat argipen. Txus 2002an kartzelatu zuten eta kartzela frantsesetan bakartuta eduki zuten zortzi urtez. 2010ean, muturreko baldintzak bizi ostean, bere buruaz beste egiten saiatu zen, zainak ebakiz. Eldarnioak sortzen dizkion Nahaste Eskizofrenikoa diagnostikatu zioten. Larritasun handiko paranoiak eta autolisi saioak ditu. Ahotsak entzuten ditu eta zentzubako elkarrizketa zatikatuak izaten ditu. Tratamendu farmakologiko bortitza jaso arren, bere garapena okertuz doa. Kartzelatu zutenetik hamabi espetxetan egon da. Jarraitu genezake informazioa emanez; nahikoa dela uste dugu, ordea.
Jakin daiteke zer-nolako baldintzak bete behar diren espetxeetako arduradun politikoak «eskuzabalak» izan daitezen?
Gaixo dauden presoak aske egon behar dira, orain! Txus lehena, gainera!
Zitalkeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu