Aurtengoan ere iritsi da azaroaren 25a, emakumeek pairatzen duten bortizkeriaren kontrako nazioarteko eguna. Egun ofiziala, protokoloz eta asmo oneko hitzaldiz betea, politikoki oso zuzena, baina inoiz baino areago mugimendu feminista asaldatzera, aldarrikatzera deitzen duena. Zer dio honi buruz lan munduak, zer dio ELAk, klase-sindikatu abertzale den aldetik? Zer ekarpen egin daiteke?
Begi-bistakoa da gure ikusmolde sindikala bat datorrela diagnostikoan: bortizkeria sexistaren erroa emakume eta gizonen arteko sakoneko desberdintasun estrukturala da, lanean, etxean zein bizitzako esparru guztietan. Honelako baiespen argi eta gogorra azken langilearengana eta herritar guztiengana iristea nahiko genuke. Eta ibilbide honetan, teoria eta mugimendu feministak adierazi duen norabidea ezinbesteko iparra bihurtu da.
Halere, ezin da ukatu zaila dela aipatzea gizonek emakumeei, emakume izate hutsa dela medio, eragiten dieten bortizkeriaren adierazpenak zeintzu eta zer-nolakoak diren. Baita lanaren esparruan ere. Antzinako gure kultura patriarkalak dituen sustraiak jende askorentzat antzeman ezinekoak dira (baita gizartea goitik behera eraldatu eta desberdintasunak desagerrarazi nahi dituzten progresista batzuentzat ere). Areago, sustrai horien adierazpiderikxeheenei dagokienez.
Argi hitz egin beharra dago, ordea. Bortizkeria sexista aipatzerakoan botere desberdintasunaz jardun behar da, gizonentzako zilegitasunik gabeko pribilegioak daudela aitortu, horiek gizarte patriarkal eta kapitalista batentzat ikusezin gertatzen badira ere; gizarte honek, hain zuzen, lan-merkatua ere prisma horren arabera egituratzen du. Lepagainetik horrelako zama kentzeko ahalegina berebiziko transgresioa da, baina ezin dugu emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunaren aldeko borroka, zilegizkoa eta beharrezkoa, baztertu; batik bat berdintasun hori benetakoa izan dadin borrokatu behar dugu.
Berdintasun formalaren eta zinezko berdintasunaren arteko bidegurutzean, aitortu baina betetzen ez diren eskubideen adibide konkretuak enpresa eta lantokietako eguneroko bizitzan topatzen ditugu.
Erakundeen sareak genero-berdintasuna sustatzeko benetako borondate politikoa ote duen epaitzen hasi gabe, galdera bururatzen zaigu: zergatik sortzen dira sarri egitura eta prozedura instituzional handiak, teknikoki oso konplexuak, gero horiek iraunarazteko eta benetan duten xedea betearazteko gutxieneko bermerik ez badute?
Hain zuzen, enpresa eta lantokietan baditugu tresnak, adibidez Berdintasun Planak eta sexu-jazarpen edo jazarpen sexista kasuetarako protokoloak. Ustez, horrelako tresnak lagungarri dira lan-esparruan gertatzen diren berdintasun eta bortizkeria sexistarekin lotutako arazoak azaleratzeko. Alabaina, zertarako ditugu Berdintasun Planak, teknikoki akatsik gabeak, baina hitzarmen kolektiboetan neurri edo klausula zehatzik sartzea eragiten ez dutenak? Zer aurrekontu erabakiko da horientzat, enpresak murrizten ari direnean? Nola saihestuko ditugu sexu-jazarpena eta jazarpen sexista aldez aurretik, eta ez soilik gertatzen denerako protokoloak eginez? Nola hasiko dugu berdintasun eta bortizkeria sexistari buruzko negoziazio-prozesurik, aurrez horrekiko kezka eta formaziorik ez badago? Nola bermatuko dugu emakumeen ahotsa eta interesak prozesuotan aintzat hartuko direla?
Erakundeek prozesuak eta egitasmoak azkartu nahi dituzte, baina horiek gizartean hasi ere egin gabe daude, eta hori etxea teilatutik eraikitzen hastea da. Hots, enpresetan, lantokietan, ikastetxeetan eta abar lan egiten da berdintasun-printzipioa zirkinik egin gabe bereganatu balute bezala.
Legeetan eta erakundeetan islatzen den berdintasun formalak beste zerbait eskatzen du: elikatu egin behar da, eskubide konkretuak gauzatuz eta erabiliz gorpuztu eta indartu egin behar du, emakume eta gizonen arteko desberdintasuna errotik erauziko duten neurri zehatzen bitartez. Hain zuzen horrela, zinezko berdintasunaren aldeko apustua eginda, emakumeok aukera gehiago izango dugu bortizkeria sexistarik gabe bizitzeko eskubidea bete-betean eta berme osozizateko.
Beraz, ELAk indarra eta konpromisoa batzen ditu zinezko berdintasunaren aldeko borroka honetan, batez ere lantokietako negoziazio kolektiboan eta kaleko mobilizazio sozialean. Feminismoak sustatu eta eraikitako borroka, guztion artean egiteko borroka, zeina gaur gaixotasun kroniko honen aurka dagoen prebentziorik eta irtenbiderik egokiena baita; gaixotasun latza, esan dezagun, aurten dagoeneko sei emakumeren heriotza ekarri eta besteaskoren bizitza egunero jotzen baitu.
Zinezko berdintasuna helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu