Duela gutxi argitaratu ziren OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen 2022ko PISA azterketako emaitzak. Hiru urtean behin munduko herrialde ezberdinetan burutzen den azterketak hamabost urteko ikasleek zientzietan, matematikan eta irakurketan duten gaitasuna ebaluatzen du. 2018ko emaitzekin alderatuz gero, mundu mailan okerrera egin dute orokorrean, baita EAEko eta Nafarroako ikasleen artean ere.
Emaitzak argitaratu bezain pronto, Eusko Jaurlaritzak eginiko agerraldian, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak azterketako ondorio kaskarrak pandemiari egotzi zizkion: «Azterketa pandemia ostean egin zen, eta horrek emaitzak baldintzatu egin ditu». Beherakada zela eta, zenbait alderdik EAJ kritikatu zuten; baina, inolako konponbiderik eskaini gabe. Ba al dakite legebiltzarkideek zein den hezkuntza-sistemaren arazoa? Politikariren batek, noizbait, indarrean dagoen Euskal Hezkuntzaren Digitalizazio-Plana ezbaian jarri al du?
AEBetako Atlantako Emory Unibertsitateak —Georgian— aztertu du azken PISA azterketako emaitzen jaitsiera. Azterlanaren arabera, maila pedagogikoan, HIKT Hezkuntzarako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiaren erabilera kaltegarria da. Ikerketak argitu du: batetik, Internet erabiltzea ohikoagoa den herrialdeetan, ikasleen batez besteko errendimenduak behera egin duela irakurketan; eta, bestetik, pantaila bidezko hezkuntza arautu duten estatuetan ikastunen zientzia eta matematikarako konpetentzia txikiagotu egin dela. Gainera, Andreas Schleicher PISA azterketaren koordinatzaileak onartu du, herrialde batek hezkuntza digitalean zenbat eta gehiago xahutu, orduan eta okerragoak direla emaitzak.
Norvegian, zientzialariek nerabeen konpetentzien garapenaren beheraldia hezkuntzaren digitalizazioari bizkarreratu diote. PNAS Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaraturiko ikerketak ondorioztatu du, gazteen adimen-garapena urtetik urtera baxuagoa dela. Egileen arabera, beherakada ez da arazo genetiko batengatik gertatu; baizik eta irakaskuntzan irakurzaletasuna ordenagailuen eta pantailen alde sakrifikatzeagatik. Egia ote da gizateriaren historiako belaunaldirik ergelenaren aurrean gaudela?
Pantaila bidezko ikaskuntzak ikasleen gaitasun kognitiboak apaltzeaz gain, pantailen erabilera masiboak —eskolan zein eskolatik at— osasun-arazo mental eta emozionalak eragiten ditu. Horrela adierazi du, Mark Baurlein ikertzaile britainarrak. Bere ustez, «gailu digitalen gehiegizko erabilera dela eta, nerabeen %25ek depresioa, antsietatea, logabezia eta pantailekiko mendekotasuna garatuko dute». Hau da, pantailaren erabilpena neurtu ezik, osasun-mental eta ongizate txarra izateko arrisku handiagoa dute gazteek.
Hori dela eta, hezkuntza-digitalizazio-planei mugak jartzen hasi dira Europako zenbait herrialde: Finlandia eta Suedia, besteak beste. Historikoki iparraldera begira bizi den gure herriak, aldiz, hamar urte itxaron beharko ditu —beti bezala—, beste herrialde batzuk gaur hartu dituzten hezkuntza desdigitalizatzeko neurri berak aplikatzeko. Beranduegi ez izatea espero dut.
Orain dela 50 urte, irakasle batek zigarroa piztu zezakeen klasea hasi bezain pronto. Egun, ordea, ezinezkoa litzateke. Kosta egiten zaigu irakaslea zigarroa ahoan duela klasea ematen irudikatzea; batetik, legearen kontra doalako, eta, bestetik, adingabeen osasuna arriskuan jartzen duelako. Ikerketa zientifikoei esker jakin genuen minbiziak jota hiltzen zirenen artean, %25 inguru tabakoari zuzenki lotuta zeudela. Gaur, ikerketa zientifikoei esker ere, ezagutu ditugu pantailen erabilera masiboak gazteen osasunerako eta inteligentziaren garapenerako dakartzan arriskuak. Datuak argigarriak dira: hezkuntza gaixorik dago, gazteak gaixotzen ari dira.
Gurasoek askatasun osoz joka dezakete, momentuz, eta zortzi urteko seme-alabari mugikorra eros diezaiokete; orain, behintzat, galzoriak ezagutzen dituzte. Euren erabakia da: arduraz edo arduragabekeriaz jardutea. Irakaskuntzan, aldiz, adin txikikoen eskubideak bermatzea eta beraien osasuna babestea Hezkuntza Legearen erantzukizuna da. Hortaz, tabakoarekin jazo zen bezala, hezkuntzaren digitalizazioari mugak jarri ezean, osasun publikoko etorkizuneko arazo nagusia pantailak izango dira.
Institutuko atarian mugikorrari begira daude bi ikasle. Txirrin-hotsa entzunaz batera, zigarroari azken zupada eman, sega-potoa praketako atzeko poltsikoan gorde, eta klaserantz abiatu dira. Ikasgelan irakasleari «egun on» esan, eseri eta ordenagailuak piztu dituzte.