Emakume gutxik erabakitzen dute zientzia- eta teknologia-ikasketa zenbait egitea. Eta, oro har, zientziaren eta teknologiaren esparruan, emakumeak ez dira iristen gizonak iristen diren hierarkia- eta erantzukizun-mailetara. Gertaera horrek adierazpen ugari ditu: emakumeen proportzio txikiagoa karrera jakin batzuetan, emakume katedradun gutxiago, emakume ikertzaile nagusi gutxiago, emakume zuzendari gutxiago ikerketa-zentroetan, emakume gutxiago erantzukizun handiko postuetan, eta emakume gutxiagok jaso dituzte Nobel saria eta beste sari batzuk.
Unibertsitateko ikasketak egiten dituztenen erdiak baino gehixeago emakumeak dira, baina genero-arrakala nabarmena dago ikasketa-eremuaren arabera. Osasun-zientziak oso feminizatuta dauden bitartean (ikasketa horiek egiten dituztenen hiru laurden baino gehiago emakumeak dira), fisika-, arkitektura- eta ingeniaritza-graduetan heren bat baino ez dira emakumeak.
Euskal Autonomia Erkidegoan, doktorego-tesien erdiak baino zertxobait gehiago emakumeek defendatzen dituzte, eta ia erabatekoa da unibertsitate-sistemako irakasle eta ikertzaile guztien arteko parekotasuna. Hala ere, I+G+Bko jardueretan aritzen diren emakumeen ehunekoa %35ean geratu da.
Bestalde, guraize-efektua edo emakumezkoen talentuaren galera mantentzen da karrera zientifikoan zehar. Txikia izaten jarraitzen du ikerketa-taldeen buru diren emakumeen kopuruak. Lidergo zientifikoko eta unibertsitarioko karguetan emakumeen ordezkaritza txikia da oraindik ere; adibide gisa, gizonak dira katedradunen %70 baino gehiago.
2015eko abenduaren 22an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Nazioarteko Egun bat ezartzea erabaki zuen, urtero otsailaren 11n, emakumeek eta neskek zientzian eta teknologian duten rol kritikoa aitortzeko. Gaur, 2025eko otsailaren 11n, Eusko Jaurlaritzak bat egiten du ospakizun horrekin, Zientziaren arloko Neska eta Emakumeen Nazioarteko Egunarekin.
Emakumeek ez dituzte gizonek dituzten aukera berak zientziaren cursus honorum-en. Desparekotasun horren arrazoiak askotarikoak dira, baina ez da emakumeen eta gizonen jaiotzetiko desberdintasunen ondorio, eta ez du loturarik garapen ekonomikoaren mailarekin. Gizarte-faktoreen eta oztopo sistemikoen ondorio dira, eta faktore horiek emakumeek eta neskek zientzia-ikasketetan parte hartzea oztopatzen dute. Hein handi batean, estereotipoen efektuan dute jatorria; izan ere, estereotipo horien arabera, rol eta jarduera batzuk emakumeenak direla jotzen da, eta beste batzuk, ez.
Alde horiek ez dute inolako oinarririk, eta ez dute justifikaziorik. Kaltegarriak dira, lehenik eta behin, emakumeentzat, garapen profesionalerako eta, beraz, garapen pertsonalerako aukerak galtzen baitituzte. Horregatik, erabat bidegabeak dira.
Eta, bigarrenik, gizarte osoari egiten diote kalte; izan ere, gizarte horri baliozko pertsonen ekarpenak kentzen zaizkionez, mugatu egiten du gizarteak zientzian eta teknologian aurrera egitea. Horrela, herrialdeen garapena eta gizarte inklusibo, kohesionatu eta oparoak eraikitzeko ahaleginak geldiarazten dira. Genero Berdintasunerako Europako Institutuaren arabera, STEM eremuetan parekotasuna lortzeak EBko per capita BPGd-a %2,2tik %3,0ra igo lezake 2050erako.
Zientziaren, unibertsitatearen eta berrikuntzaren esparruetan genero-desparekotasunari aurre egitea Eusko Jaurlaritzaren, unibertsitateen eta Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gainerako erakundeen (horietako gehienek Genero Berdintasunerako Planak dituzte) ardura da. Berdintasunaren aldeko ekimen sozial edo herritar ugari ere badaude. Eragile eta pertsona guztioi dagokigu zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren esparruan genero-berdintasunaren alde lan egiten jarraitzea.
Emakumeek zientzia behar dute, eta zientziak emakumeak behar ditu. Ezagutza-iturri guztiak, talentu-iturri guztiak eta berrikuntza-gaitasun guztiak baliatuz bakarrik lor dezakegu erabat zientziaren ahalmena, gure garaiko erronkei erantzuteko eta bizitza hobea lortzeko.
Horregatik eta, batez ere, justizia hutseko arrazoiengatik, Jaurlaritza honentzat, bihar, atzo bezala, zientziaren arloko emakume eta nesken egunak izango dira. Eusko Jaurlaritzarentzat zientzia-arloan emakume eta nesken egunak dira guztiak.