Martxoaren 22an, Hernanin, Zientzia Basoaren GURE Kudeaketan izeneko jardunaldia ospatu zen Basoa Fundazioaren eskutik. Gonbidatuen artean, Pedro Miguel Etxenike eta Javier Armentia Fructuoso bezalako ikerlariak. Jardunaldiaren helburuak, baina, ez dira errazak uztartzen gaitegiaren baitan: zientzia, ilargia eta eukaliptoa. Antolatzaileek adierazi bezala, jardunaldiaren jatorria egun Gipuzkoan eta Bizkaian bizi dugun baso-kudeaketaren krisian egurgintza-sektoreari eta, bereziki, administrazioari egiten zaion salaketan dago: eztabaida zientifikoa saihestea. Izan ere, lotsagarria ez ezik, harrigarria eta beldurgarria ere bada oxido kuprosoarekin gertatu dena, eta bide beretik doa eukaliptoaren landaketen auzia.
Gipuzkoan eta Bizkaian, gogor jo zituen iaz pinudiak banda (xingola) marroia bezala ezagutzen den izurriteak. Ziztu bizian zabaldu zen udaberri-uda partean, eta irailerako aldundiek aitortu zuten ez zutela baliabiderik aurre egiteko. Hilabetera, Eusko Jaurlaritzak lau haizeetara zabaldu zuen «Konifero basoak berreskuratzeko Euskal estrategia»; besteak beste, pinudiak airez oxido kuprosoarekin fumigatzea aurreikusi zen, jakinda aire bidezko fumigazioak debekatuta daudela Europan, eta Espainian oxido kuprosoa ez dela baimendu inoiz pinudietan erabiltzeko. Izan ere, oxido kuprosoa fungizida generikoa da, onddo guztiei egiten die kalte, eta bereziki pozoitsua bihurtzen da ur ekosistemetan. Egurraren sektoreak eta administrazioak Zeelanda Berrian eta Txilen egindako ikerketak baliatu zituzten ingurumenean halako eragina izan dezakeen tratamendua justifikatzeko, hiruzpalau hilabetetan egin asmo zuten esperimentazio-fase zehaztu gabearekin doituko zutelakoan dosia eta teknika. Bistan da, zientziarekiko errespetu falta nabarmena. Non zeuden eta daude HAZI, Neiker, EHU eta administrazioaren esanetara lehen sektoreko ikerketa aplikatuan ari diren gainerako ikerketa-zentroak? Isil-isilik.
Azkenean, Espainiak ez du baimendu aire bidezko fumigazioa. Horren aurrean, pentsatzekoa zen gure administrazioek gaiari ardura handiagoarekin helduko ziotela, baina ez, erabakia plazaratu zen egun berean jakinarazi zuten Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako 1050 hektarea pinudi fumigatuko dituztela lurretik. Hamabost eguneko tartearekin, Bizkaiko aldundiak publiko egin zuen horretarako Bizkaiko Basogintza Elkartearekin adostutako erabakia, eta baita baliatuko den diru-kopurua: 5,6 milioi euro; diru publikotik, noski. Hori bai, «modu esperimentalean» eta Neikerrek diseinatuko ikerketaren baitan, Aldundiekin, Jaurlaritzarekin, URArekin eta EHUrekin elkarlanean.
Argitaratu berri dute agindua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta bertan irakur daiteke fumigazioak baimentzeko prozedura: pinu jabeen eskariaren aurrean Bizkaiko Basogintza Elkarteak tramitatuko ditu baimenak. Non dago zientzia hemen? Orografiak, kokapenak, alegia mikroklimak, lurzoruak edota izurritearen kasuistika eta dimentsioak ez du zerikusirik izurrite horren hedapenean? Zer da, orduan, ikertu behar zena? Ezer ere ez, erabakia hartuta zegoen eta lotsagarria denez, nola edo hala zuritu behar zen. Hauxe da egurgintzaren industriari eta administrazioari aurpegiratu beharrekoa: jakinda oxido kuprosoak ez duela gaitza sendatuko eta Pinus radiata pinuaren landaketak bukatu direla puska baterako, diru publikoa modu horretan banatzea arduragabekeria da ingurumenean eragin ditzakeen kalteengatik, eta bidegabea, gutxi batzuen interesak ezin direlako horrela defendatu, zientziaren izenean, eta guztion diruarekin.
Lur jabeak eta egur zaleak ataka larrian daude. Administrazioak ez du auzitan jarri egoera honetara ekarri gaituen basogintza-eredua, eta, ondorioz, pinuaren ordez zer landatu jakin nahian dabiltza. Industriak monolaborantzan oinarritutako baso-kudeaketa intentsiboarekin jarraitu nahi du, hazkuntza azkarreko eta kalitate eskaseko egurra baita euren intereseko ekoizpena. Hainbat aukeraren artean, eukaliptoan jarri dute arreta, eta testuinguru horretan kokatu behar da Hernanin antolatutako jardunaldia. Portugalen, Galizian eta Asturiasen izandako suteek eukaliptoarekiko hain uste txarra eragin duten garaian, sektoreak landaketa iritziz aldatu nahi gaitu.
Baina jardunaldi horietan ez zen eztabaida zientifikorik izan. Alde batetik, Inés Alvarez Fernández biologoak eukalipto-landaketek ingurumenean eragiten dituzten kalteen ondorioz eukaliptoa espezie arrotz inbaditzaileen zerrendan sartzeko argudioak defendatu zituen, ikerketa zientifikoetan oinarrituta. Bestetik, Luis Gil Sánchez ingeniariak eukaliptoak basogintzarako dituen interes ekonomikoak defendatu zituen, ingurumen kalteak eztabaidatu gabe. Argi esateko, eztabaida zientifikoa ez zen helburua, baso-kudeaketan ingurumen kalteak ez dira aintzat hartu nahi, eta, ondorioz, horri begira dagoen ezagutza zientifikoa guztiz arbuiatzen dute. Administrazioak, baina, ondorio argi bat, bederen, atera behar luke: eukalipto-landaketak kaltegarriak dira eta ez lirateke baimendu behar.
Tristea da gure administrazioaren jokabidea, eta are tristeagoa errealitate honen aurrean komunitate zientifikoaren eta ikerketa-zentroen isiltasuna. Diru publikoak sostengatzen ditu, eta hein batean uler daiteke finantzaketa horren menpe bizi direnen morrontza. Baina, mesede gutxi egiten ari gara zientziari eta ezagutza zientifikoari halako erabilera interesatuak onartzean. Interes ekonomikoak dituzten sektore eta lobbyak horrela aritzea uler liteke, baina administrazioak hau guztia diru publikoarekin sustatzea, ez. Ingurumenari kalte egin diezaioketen gertaeren eta ekintzen aurrean, nahikoa ezagutza zientifikorik ezean, zuhurtziazko printzipioa baliatu beharko luke administrazioak, eta zilegi zaigu hori eskatzea guztion osasuna eta natur ingurunearena jokoan dagoenean.
Zientzia, oxido kuprosoa eta eukaliptoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu