Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoako langile batzordeak (ELA)

Zientzia: lan baldintza duinak, ez maratoiak

Alba Delgado, Julene Argaluza eta Alazne Bustinza
2023ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Ikerkuntza zientifikoaren egoera paradoxikoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: politikariek harro goraipatzen dituzte hemengo ikerketak, baina zientzialariok zailtasun handiak eta baldintza negargarriak sufritzen ditugu. Bada, azken asteotan oihartzun handia izan du EITBren ikerkuntzarako dirua biltzeko maratoiak. Zalantzarik gabe, garrantzitsua da zientzia sozializatzea eta dirua biltzea, baina hori bezain beharrezkoa da zientziaren esparruan lan egiten dugunon baldintzak duinak izatea: aurrera ateratzeko egin beharreko ahalegina da guretzat benetako maratoia.

Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoa osasun ikerkuntzarako erakundeen eta BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioaren xedea da Osakidetzan osasun zientzien ikerkuntza eta berrikuntza sustatzea, garatzea, kudeatzea eta zabaltzea. Gure lan baldintzak, ordea, ez dira lanaren neurrikoak, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gutxietsi egiten ditu baldintza horiek hobetzeko aukerak. Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoako langileak prekarioak gara, eta hainbat oztopo gainditu behar izaten ditugu egunero. Hona zenbait adibide:

Hasteko, ez dago epe luzeko garapen profesionalik, eta ezegonkorra da oso gure egoera. Izan ere, urteetan aldi baterako kontratuak sinatzera behartuta gaude, ondorioz, dagoen potentziala mugatzen da, baita hazkunde profesionala galarazi ere. Beraz, lehenago edo beranduago, askok alde egiten dute atzerrira edo sektore pribatura; garunen ihesa delakoa gertatu ohi da.

Gainera, ez daukagu lan hitzarmenik; areago, Langileen Estatutua bera ere ez da betetzen. Gure eremuko hitzarmenik ez izateak zeharo zailtzen du lan eskubideen aldeko borroka, ez baitago arlo zientifikoaren ezaugarri berezietarako irizpide espezifikorik. Esaterako, gehienetan ez zaio erreparatzen sektoreko lan kargari, ez dadin behar bezala arautu: errazagoa da langileari iradokitzea kontratuko orduen arabera fitxa dezala, hau da, ez dadila erregistratu benetan zenbat ordu egin dituen, hitzartzea baino ordu horiek konpentsatzeko moduren bat.

Sektore publikotik baztertu egin gaituzte, aldi berean. Osasun Sailaren zuzeneko menpeko eta funts zein deialdi publikoen bidez finantzatu arren, bigarren mailako langiletzat hartzen gaituzte. Lege linbo batean gaude, sektore publikoko baldintza eta onurarik gabe. Eusko Jaurlaritza gurekin akordatzen da bakarrik publizitatea egiteko.

Hiru lurraldeetan zientziaren egoera ezagutzeko garrantzitsua ere bada soldatak aztertzea, Europako batez bestekoa baino askoz ere apalagoak baitira. Esaterako, masterdun lizentziatu batek urtean 19.300 euro gordin jasotzen ditu. Gainera, langile askoren prestakuntza goi mailakoa da; adibidez, Biodonostian diharduten 408 ikertzaileen %74k doktoregoa du, horrek suposatzen duen ahalegin intelektual zein ekonomikoarekin, eta horietatik 178 (%79 emakumeak) Biodonostiak zuzenean kontratatutakoak dira, gainontzekoak beste erakunderen baten bidez. Hala ere, ikertzaile asko eta asko estu eta larri daude.

Bestalde, sektore publikoan erabakitako soldata igoerak aplikatzen dira (aplikatzen badira) erakunde bakoitzeko arduradunak erabakitzen duen bezala, nahi duen moduan eta inoiz ez KPI adina. Ondorioz, gero eta eskasagoak dira.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zientziak eta ikerkuntzak aurrera egin dezan beharrezkoa da lan baldintza duinak izatea: gure ikertzaile bokazioa bertan garatu nahi dugu, baina horretarako sektorera egokitutako lan hitzarmen bat behar dugu. EITBko maratoia ez da aski; areago, arreta desbideratu egiten du, erakunde publikoei dagokien zientzia sustatzeko ardura telebista ikusleen gain jartzen baita. Ez dugu maratoirik behar, hitzarmena baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.