Zibilizazioaz zenbat zio

2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Gure zibilizazioa akabatuta dago», esan nion Eli Pagolari Igaran; laster, inoiz ez bezalako feedback-a nuen ganbaran!, tartean BERRIAren gonbita asuntoan sakontzeko, goazen ba!Lehenengo eta behin, ez espero apokalipsirik, irakurle, hau ez da hain zirraragarria izango. Tradizio eskatologiko judu-kristauan, baita marxistan ere, beti espero da Gertaera Handia, aurrekoa eta gerokoa erabat bereiziko duena, dela Jainkoaren etorrera berria, dela Iraultza, edota dela egunotan Joe Bidenek aurreikusten duen apokalipsi nuklearra.. Halakoak gertatu edo ez, nork jakin; hemen jadanik gure artean eta oso ikusgarri dagoen zibilizazioaren akabera mantsoaz arituko gara. Bohannan antropologo iparramerikarrak esaten du edozein kultura edo zibilizazioren funtsean badirela lanabesak eta zentzua. Goazen errazenarekin, lanabesak, gure zibilizazioarenoinarri teknologikoa, alegia.

Teknologiaz aritzen garenean, Georgescu-Roetgen ekonomista ekologikoak ematen dion adieran diogu, hau da, zibilizazio batean tekniken hedatzea sustengatzen duen aukera energetikoaz ari gara: automobilak, garbigailuak, labe garaiak, Internet, robotak, inorekin ligatzeko edota diskutitzeko app-ak... Horiek denak teknikak dira, erregai fosilak eta elektrizitatearen hedagarritasuna (baina ez biltegiratzea, horretan, ai!, ez da asmatu), horiek dira gure oinarri teknologikoak, eta krisian daude: alde batetik, erregai fosilen larregizko erabilerak larrialdi klimatikoa ekarri du (honela segituz gero planetaren berotzeak arriskuan jarri ditzake gure espeziak neolitiko ondorengo bizimodua mantentzeko behar dituen baldintza fisikoak), beste alde batetik agortzen ari dira batera erregai asko (petrolioa, ikatza, uranioa...) eta batez ere energia berriztagarriak hedatzeko ezinbestekoak diren lehengai asko, batez ere mineralak (petrolio merkearen akaberaz, peak oil, hitz egiten hasi zen, baina gaur peak everything kontzeptua lantzen da).

Diamond geografo materialistak edota Tainter arkeologoak demostratu dute gizarte baten kolapsoa ematen dela bere oinarri teknologikoa nahikoa ez denean populazioaren hazkuntzari eusteko eta bere kultura publikoa aldatzeko gai ez denean, hau da, jendea gertatzen ari den desastrearen tamainaz konturatzen ez denean, «zerbait asmatuko dute» esaten duenean. Hauek ikertu dituzten eredu historikoak (Erroma, Maien inperioa, Anasazien kultura, Groenlandia bikingoa, Pazko uhartea...) tokian tokikoak dira, gaur egun gure zibilizazioa globala da.

Pablo Servigne eta Raphaës Stevens frantziarren arabera, (Colapsologia, 2020), kolapsoa populazioaren parte nagusiak bere oinarrizko beharrak asetzeko ahalmenik ez duenean ailegatzen da, eta hori gertatzeko hiru prozesu jarri dira martxan: a) Erregai fosil ugari eta merkeen aroaren akabera eta hazkuntza ekonomiko etengabearen ezintasuna, hots, inoiz ordainduko ez diren zorretan oinarritutako finantza-sistemaren porrota; b) Sistema naturalen suntsiketak (berotze globala eta bioaniztasun-galera handiak) lehorteak, uholdeak, suteak, goseteak, gerrak eta pandemiak ekartzen ditu; c) Gure gizarte globalaren funtzionamendu logistikoa (elikadura, ura, energia eta materialak banatzeko azpiegiturak) eta politikoa (gobernagarritasuna bermatzeko tresna ekonomiko, politiko eta komunikatiboak) mantentzen dituzten sistemak gero eta konplexuagoak direnean, gero eta elkarren arteko menpekotasun handiagora jotzen dutenean, edozein istripu lokalek (adibidez Lehman Brothers, edo birus berri bat, edo lurraldearen inguruko gatazka lokal bat) mundua hankaz gora jar dezake. Geroko agertokiak ikusterakoan bi aukera planteatzen dituzte: erorialdi bat-batekoa, kolapso apokaliptikoa, edota zerra-hortz formako dekadentzia prozesu luzea, istripuz istripu inposatzen joaten dena. Azken hau —jada begien aurrean daukaguna— izango litzateke aukera eramangarriena!

Dekadentzia hitza erabili dugu aukera ez-txarrena izendatzeko, kontzeptu hori erabiliko dugu zibilizazioaren bigarren zutabeak (gogoratu Bohannanengandik hartzen genuena:zibilizazioa = teknologia + zentzua) pairatzen duen krisia aztertzeko, zerk ematen dio zentzu komun bat gure zibilizazioari, zer ote dago kontsumismoaz (eta bere ifrentzua, workalkoholismoaz) harago?

Orain arte ekologismoaren inguruan egon daitezkeen egileen erreferentziak baliatu dugu, baina zentzu kulturalaren dekadentziaz, batez ere egile kontserbadoreek idazten dute gaur egun: adibidez, Ross Douthat kritiko kultural iparramerikarrak, The Decadent Society liburuan, panorama iluna planteatzen du: ekonomia eta berrikuntzaren geldotzea, Mendebaldeko jaiotze-tasen behea jotzea (nahiz eta hau, ikuspegi global eta ekologiko batetik positiboa izan daitekeen), pop kulturaren retromania..., eta, bere ustez, larriena, espiritualtasunaren alorrean diskurtso erakargarrien porrota eta agerpen berrien falta (esan behar da kontu hau zenbait pentsalari ekologisten kezka ere badela); adibidez,Manuel Cruz filosofo espainiarrak El Gran Apagón aurreikusten du, debate intelektualaren itzalaldia, kantzelazio-kultura eta pentsamendu politikoki zuzenaren biktima... Marxismo esoterikoaren ikurra den Anselm Jappe-k kontsumismoa ardatz duen mutazio antropologikoaz hitz egiten du, eta horretan bat egiten du AEBetako demokraten think tank inportantea den Worldwatch Institute-ko adituekin. Noski, gobernantza demokratikoak pairatzen dituen etengabeko higatzeak —eta ez soilik periferiako herrialdeetan, demokrazia maiuskulaz idatzi den hainbat sancta santorum-etan ere bai!— berdin kezkatzen ditu urliak eta sandiak, baina politikari profesionalen (ga)noraeza unibertsala da.

Baina oso nabarmena den nahaste orokortua, despistea, gauden une historikoa ez ulertzeko joera, atakari aurre egiteko ezintasuna, hori da dekadentziaren seinale argiena. Eta gurean are larriagoa! Euskal jakintsuek publikatu duten EH 2040rako prognosian ez dago klima larrialdirik, ez baliabideen agortzerik, ez dago bioaniztasuna babestu beharrik... Hemen hainbestetan mantra bezala errepikatu den «herri moduan erantzun» ez omen da tokatzen oraingoan, hain zuzen ere, datorren desordenari aurre egiteko manera bakarra komunitateak sendotu eta herriak aktibatzea denean! Momentum ekosoziala? Oxala! Baina ekologismoa arrazoia edukitzeaz akitutako mugimendua da, bakanduak eta sakabanatuak dauden zelulek osatua (eta horri bioaniztasuna deritzote batzuek!). Muskulua behar duela diote, baina bene-benetan garuna behar, neuronak, eta, batez ere, geuronak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.