Zestoa eta Zalla

2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Zestoa eta Zalla, egun ezbaian dauden hondakinak kudeatzeko bi eredu nagusien islada dira. Biek berreskuratu ezin izan diren materialak jasotzen dituzte ala etorkizunean jasoko dituzte. Horretan dira berdinak. Gainontzekoan, ezberdintasunak (aldeak) besterik ez dago bata eta bestearen artean.

Zalla: errausketaren zabortegia

Zallako zabortegiak, Bizkaiko hiri hondakin solidoentzako dauden beste bost zabortegiekin batera (Jata, Larrabetzu, Lemoa, Igorre eta Artigas), errausketan oinarritutako hondakinen kudeaketa ereduaren zigilua darama. Bizkaiko sei zabortegi horiek agerian jartzen dute argi eta garbi errausketa bultzatzen dutenen gezurrik handiena: errausketak energia bilakatuz zaborra desagerrarazi eta errausketarekin zabortegiak itxi egiten direneko gezurra. Bizkaian bada hamarkada bat zaborra labe kutsagarrietan oinarrituta kudeatzen hasi zirenetik, eta zabortegien beharrak bizirik dirau.

Urteotan asko izan dira kutsaduragatik errausketak Bizkaian eragindako kezkak. 2009an, PPk, Zabalgarbiko errauste plantaren inguruko lur sakonetan neurtu ziren metal astun kontzentrazio altuak salatu zituen, hain zuzen ere, Bilbora ura daraman Ordunteko kanalaren gaineko lurretan.

Bilboko Artigas zabortegian, aurki, errauste plantatik aterako diren eskoriak isurtzen hasiko dira, Bilboko udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurten sinatutako akordioaren ondorioz.

Zallako Las Lagunas izeneko zabortegira itzulita, ezagunak dira errausketaren aroko zabortegi honek ematen dituen arazoak, eta horrek, Zallako udalaren aldetik besteak beste, eragin dituen salaketak. Aurtengo martxoan udalak epaitegietara jo zuenekoa, adibidez. Zallako udalak salatzen duenez, leherketa arriskua dakarten metano mailak neurtu izan dira Las Lagunas zabortegian eta Zabalgarbiko errauste plantatik izaera arriskutsua daukan zabor toxikoa isurtzen ari dira zabor arriskutsuentzako baimenik ez daukan zabortegian. Azkena, irailean ezagutu dugu. Las Lagunasko Zabortegiaren inguruko La Jarilla erreka kutsatuta agertu baita lixibiatuekin.

Beraz, errausketak ez ditu zabortegiak itxi ez Bizkaian, ez beste inon.

Zestoa: Transiziorakogordetegia

Zestoako Osinbeltz gordetegiak, aldiz, funtzio garrantzitsua beteko du Gipuzkoan Zero Zabor eredurantz gertatzen ari den transizioan. Murrizketan, gaikako bilketan eta bereizte mekanikoan ahaleginik handiena egin ondoren geratzen den errefus egonkortua gordeko da bertan. Egonkortze hori behar bezala egiten bada, sortzen den lur geldo horrek ez du inondik inora zabor primarioak (tratatugabeak) ematen dituen arazoak emango; alegia, ez du usain txarrik isuriko eta ez du ez metanorik, ez lixibiaturik sortuko. Are gutxiago sortuko ditu dioxina eta furanoak, egunotan zenbaitzuek maltzurki zabaldu duten bezala; horiek sortzeko, errauste plantek sortzen duten adinako tenperatura altuak behar baitira, eta horiek inolaz ere ez dira sortzen Zubietako plantan emango den tratamendu hotzean.

Gipuzkoako Aldundiak zestoarrei eskaini dizkien bermeak, hondakinak modu jasangarri eta osasungarrian kudeatzeko egiten ari den ahaleginaren isla dira. Batetik, gordetegian sartutako materia geldoarentzat ezarriko dituzten baldintzak, horretarako dagoen araudi zorrotzenaren baitakoak dira, Alemaniako araudiarenak; hau da, hemengo legediaren oso gainetik dagoen araudiaren arabera bermatuko da Osinbeltzen zer sartuko den, material hori kaltegarria ez dela ziurtatzeko. Zallan hemengo legeak betetzen ez direla salatzen ari diren bitartean, Zestoan hemengo legeen gainetik dauden parametroak ezarriko dira materiala onartzeko. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, gardentasun eta bermatze ariketa bat eginez, neurketak balizko kalteak jasango lituzketenen esku uzteko proposamena egin du, hau da, zestoarren esku, horrela iruzurrik egongo ez dela ziurtatuz.

Osinbeltzen utziko den materia egonkortuak harrobi zaharrak eragindako espazio galera berreskuratzeko balioko du, betelana eginez eta eremu hori etorkizunean zestoarren aisirako berreskuratuz.

Zero Zaborrerako trantsizioa

Zero Zabor da helburua, baina baita ere helburu horretara iristeko bidea. Gauza jakina da egungo eredu kutsagarrietik eredu zirkular eta efiziente batera heldu bitartean trantsizio bat egon behar dela. Aldaketa hori benetan egin dadin, etengabeko hobekuntzarako tresna batzuk behar ditu eta baldintza batzuk bete.

Baldintzei dagokienez, bi dira nagusiak. Erabiliko diren tratamenduek ezin dute tratatu ondorengo materiala aurrekoa baino arriskutsuagoa egin, errausketarekin gertatzen den bezala. Osasunak eta ingurumenak Zero Zabor ereduaren ardatz izan behar dute.

Bigarren baldintza, trantsizioaz eta etengabeko hobekuntzaz ari bagara, erabiliko diren bitartekoek hobekuntza hori sustatzea eta inolaz ere ez oztopatzea da. Zubietako TMB (tratamendu mekaniko biologiko) plantak errefusa egonkortzeko balio duen bezala, materia organikoa konpostatzeko eta ontzi arinak sailkatzeko balioko du etorkizunean, horrela hondakinen sorrera eta bilketan gertatuko diren aurrerapenei egokituz eta aipatutako bi baldintzak betez.

Bitartekoei dagokienez, errefusa tratatzeko azpiegitura malguaz gain, TMB plantaz gain alegia, errefusa egonkortua uzteko gordetegiak funtzio garrantzitsua beteko du trantsizioan. Zestoako gordetegiari esker, gaur egun Gipuzkoan dauden hiru zabortegi kutsagarriak ixteko aukera egongo da.

Zestoa eta Zalla kontrako norabidean doazen bi ereduen ispilu dira. Osasuna eta ingurumena ardatz hartuta hondakinen murrizketa eta birziklapenean oinarritutakoarena bata, inbertsioari eutsi ahal izateko zaborra sortu eta zabor toxiko bihurtzen duenarena bestea.

Zero Zabor ingurumen babeserako elkartetik bi herriotako biztanleei gure konpromisoa adierazi nahi diegu, gordetegira iristen den materialak aipatutako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen laguntzeko batzuei eta zabortegi kutsagarria itxi ahal izateko baldintzak sortzen ahalegintzeko besteei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.