Ikerketa hitza entzun edo irakurtzen dugunean, orokorrean gehienoi burura datorkiguna zera da, mantal zuriz jantzitako pertsonak laborategian sartuta. Baina hori ikerketaren atal txiki bat baino ez da, zientzia esperimentaletako eta osasun zientzietako ikerlari batzuen irudia erakusten duen eredua, alegia. Beste asko ere badira ikerketa eremuak, eta horietako hainbatetan ez dugu behar ez mantal zuririk, ez laborategirik gure ikerketa aurrera eramateko. Zientzia esperimentaletan bertan ere, alor asko daude mantal barik lanean aritzen direnak: matematikariek formula eta ordenadorez inguratuta edo geologoek mendian edota kobazuloetan murgilduta, besteak beste. Biologia arloan ere, zeinek ez du inoiz erantzun behar izan «batadun edo botadun biologoa» den.
Gure unibertsitate publikoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, munduko 400 unibertsitate hoberenen artean dagoela dio Shanghaiko ranking ospetsuak, hain zuzen ikerketari erreparatzen dionak. Sailkapen hori egiteko 20.000 unibertsitate aztertzen direla kontuan hartuta, munduko %2 hoberenen artean gaudela esan nahi du horrek. Aurretik edo parean ditugunen artean, zortzi soilik daude Espainian eta hamasei Frantzian. Datu hau baloratzeko, kontutan har dezagun 50 unibertsitate publiko daudela Espainian, eta ordea Frantzian 72. Gure inguruan zentratzen bagara, Ikerbasquek argitaratutako 2023ko Zientzia Euskadin txostenaren arabera, Euskadin egiten diren argitalpen zientifiko guztien %56, eta Gizarte eta Giza Zientzietako %75, Euskal Herriko Unibertsitateari dagozkio. Euskadiko ikerketa agente nagusia izateaz gain, beste agente guztiekin elkarlanerako akordioak ditu Euskal Herriko Unibertsitateak. EHU da Euskal Ikerketa eta Berrikuntza Sistemaren muina, eta, betetzen duen toki hori aintzat hartuz, horren neurriko finantzaketa izan behar du eragile publiko ezberdinen aldetik.
Testuingurua kokatuta, eta euskaldunok Euskal Herriko Unibertsitatean egiten den ikerketaz harro egoteko arrazoi sendoak ditugula nabarmenduz, ba al dakigu zertan ikertzen dugun bertako ikerlariek? Esparru guztietako ikerketa talde eta lerroak ditugu geure artean, Euskadin ikertu eta lortutakoa munduan barrena zabaltzen duten ikerlariak ditugu, baita nazioarte mailan ospe handia dutenak eta erreferentzia direnak ere.
Punta-puntakoak diren adibide batzuk aipatuko ditut, asko sakondu gabe eta azken hilabeteetan hedabideetan azaldu direnetan oinarrituz. Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak klima-aldaketak ur gezetako ekosistemetan duen eragina aztertzeko elkarlanean ari dira, Frantzia eta Estatu Batuetako ikertaldeekin batera. Hidrogeno berdea biltzeko eta garraiatzeko teknologia eraginkorrago bat garatzeko bidean daude Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Saileko ikerlariak proiektu europar baten barruan. EHUko bi ikerketa taldek parte hartzen dute Mars 2020 misioan, bata Zientzia eta Teknologia Fakultatekoa eta bestea Bilboko Ingeniaritza Eskolakoa, Euskadi espazio-esplorazioaren abangoardian kokatuz. Adimen artifizialaren eta hizkuntzaren prozesamendu naturalaren arloan ikertzen dute HiTZ Zentroan. Europar Batasunaren deskarbonizazio-betekizunei erantzuteko etxebizitzen berriztatze-politikak garatzen lagunduko duen simulazio-tresna garatu dute Arkitektura Goi Eskola Teknikoan. Biomaterial polimerikoak erabiliz hortz inplanteak sortzeko estrategia garatu dute Kimika Fakultatean, inplante horiek edozein pertsonarentzat balioa izango luketelarik. COVID-19a duten pazienteen bilakaera txarra klinikoki aurresateko eredu estatistikoak garatu dituzte matematikariek Osakidetzako medikuekin lankidetzan. Gaixotasun neurologikoak tratatzeko agente terapeutiko berriak aztertuko dituzte EHUn eta Bordeleko Unibertsitatean garuneko sistema endokannabinoidea ikertzen duten adituek elkarlanean. Umeek ilean metatzen duten kortisol-maila epe luzeko estres-mailaren adierazlea dela ondorioztatu dute Psikologia Fakultateko ikertzaileek 11 urteko umeekin egindako ikerketan oinarrituz. Ikus-entzunezko produkzioetan hizkuntz dibertsitatea eta irisgarritasunaren inguruko azterlana egin dute Gizarte eta Komunikazio Zientzietako ikerlariek, arreta hizkuntza gutxituen presentzia eskasean ipinita. Autismoa duten pertsonen garunean hizkuntzaren eta kontzeptuen arteko harremana ikertzen dihardute Hizkuntzalaritza Teorikoko Taldeko ikertzaileek. Arte Ederretako Fakultateko ikertzaileek Ibarrolaren Omako basoaren migrazio proiektuan parte aktiboa izan dute.
Adibide hauek erakusten digute nola oinarrizko zientzia esperimentaletatik abiatuta, arlo aplikatu eta ingeniaritzetan jarraikiz, gizartearen aurrerakuntzak eta gizakion ongizatea aintzat izanik, artera iritsi arte, alor eta eremu guztietan dugula norbait EHUn ikertzen aritzen dena. Beraz, abiapuntura bueltatuz, eta izenburuan txertatu dudan galderari erantzunez, Euskal Unibertsitate Publikoan jorratutako ikerketa jarduerak Euskal Herrian presentzia duten alor guztiak estaltzen ditu.