Urtearen amaiera eta hurrengoaren hasiera, balantzeak ixteko, hausnartzeko eta etorkizunari begira jartzeko edo planifikatzeko garai egokia izan ohi da. Urte hasiera baliatu ohi da, maiz, datorrenari aurre egiteko zerrendak, dekalogoak, rankingak eta enparauak argitaratzeko: urtean zehar iristea espero diren berrikuntzak, sektore batean aurreikusten diren lorpenak, gure bizimodua eta gizartea bera eraldatuko omen duten joerak, enpresetan eta norbanakoongan eragingo duten teknologiak eta tresnak... Ziur naiz zuek ere izan duzuela horien berri, 2025eko lehen egun hauetan denetariko zerrendak argitaratu baitira komunikabideetan.
Neuk ere, aukera baliatu nahi dut gurarien edo erronken zerrenda labur bat proposatzeko, euskarari eta alor sozioekonomikoari gagozkielarik, espero baitut aurreko urteko zenbait joera bazterrean geratzea eta aurtengoari begirako asmo berriak indarrez sortzea, ondoren aipatuko ditudan alor hauetan urratsak eginez gero onerako aldaketa etor dakigulako.
Lehenik eta behin, administrazioek euren eragiteko ahalmena baliatu beharko lukete sektore publikoan euskaraz aritzeko politika sendoak, neurri eraginkorrak eta behar diren baliabideak bideratzeko. Horrekin batera, arduradun politikoen erantzukizuna, araututa dagoena benetan betetzen dela ziurtatzeko eta, bete ezean, beharrezko neurriak aplikatzeko. Administrazioek euren gaitasuna baliatu beharko lukete alor guztietan euskararen erabilera egokia bermatzeko: barne funtzionamenduan, zerbitzu esleipenetan, kontratuetan, babestutako ekitaldietan... Ez dira onargarriak euskara baztertzen duten jokabideak; Behatokiaren urteroko txostenetan administrazio guztien hamaika urraketa daude. Esate baterako, Gasteizko Udalak eguzki mapa bat jarri berri du herritarren eskura. Gazteleraz, ingelesez eta katalanez ikus daiteke bertako informazioa; euskaraz, ez. Ez da lehenengo aldia Gasteizko Udalak antolatutako edo babestutako ekimen batean hau gertatzen dena; izan ere, Ironmana antolatu zenean edo Erdi Aroko Azokaren seinaletikarekin ere gauza bera gertatu baitzen. Administrazioekin lan egin nahi duten enpresek hizkuntza irizpideak bete behar dituzte eta, jakina, administrazioek bermatu behar dute herritarrok jasoko dugun guztia euskaraz iritsiko zaigula.
Bestalde, justizia administrazioak erabateko esku sartzea erakutsi izan du azken bolada luze honetan, hizkuntza politika egiteko administrazioaren eskumena ukatzen duelako. Izan ere, egun hauetan jakin dugu EAEko Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiko lan eskaintza publiko bat berriro eginaraziko duela, euskara eskakizunak «neurriz kanpokoak» direla iritzita. Epaitegiaren esanetan, euskaraz jakitea ez da ezinbestekoa euskarazko arta emateko... Lehendik beste zenbait eskaintzatan gertatu izan da eta, horrela, herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak ez daude bermatuta. Honen aurrean, arkitektura juridiko berria lantzea nahitaezkoa da, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan aurrera egiteko.
Hirugarrenik, enpresek ere erantzukizunez jokatu beharko lukete, erantzukizun linguistikoa enpresen gizarte erantzukizunaren parte baita. Horretarako, hainbat neurri garatzeko aukera dute: bezeroen arreta zerbitzuetan euskararen erabilera bermatzea, bezerooi zuzendutako euskarriak edo ohiko dokumentuak euskaraz ere lantzea, publizitatean eta marketinean euskara baliatzea, langileen barne komunikazioan euskararen erabilera sustatzea, trebakuntza saioak eskaintzea edo euskara sustatzeko planak bideratzea. Ereduak egon badaude eta laguntza ez zaie faltako.
Azkenik, ikuspegi sistemikoa ezinbestekoa da lan munduan eragiten duten aktore guztiak euskararen kudeaketaren bidean modu eraginkorrean artikulatzeko eta epe luzeko emaitza iraunkorrak lortzeko. Lan mundua sistema konplexua da, eta bertako eragile guztien arteko loturak eta elkarrekintzak ulertu eta koordinatu behar dira sistemak modu koherentean funtziona dezan. Hemen dugu heldu beharreko erronka nagusietako bat, lehenbailehen aurre egin behar dioguna, atzerapenik gabe.
Zeinek helduko die?