Zero tolerantzia, zero inpunitate

2016ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Sanfermin jaiak amaitu berri direla, uztailaren 13an jasotako datuekin, jada badakigu emaitza beldurgarria dela: 19 salaketa aurkeztu dira sexu-indarkeria mota ezberdinengatik, horietako lau sexu-erasoengatik. Kopuru horien atzean 19 biktima ditugu, 18 emakume eta gizon bat, eta guztiei helarazi nahi diegu Nafarroako Gobernuaren sostengua eta elkartasuna, baita une latz hauetan gure esku dagoen laguntza eskaini ere.

Berriro ere, Nafarroako Gobernuak adierazi nahi du guztiz eta erabat arbuiatzen eta gaitzesten dituela sexu-eraso horiek, ezin baitugu ahantzi giza eskubideen egungo urraketarik nabarmenetakoak direla gure mendebaldeko gizarteetan. Onartezina da herritarren erdia garen emakumeok ezin parte hartu izatea gizonen askatasun berberarekin festa eta bizikidetza esparruetan.

Iruñea, Nafarroa, ez da legerik gabeko hiria, eta ezin du eman halakoa denik. Ezin dugu onartu inpunitate txikienik ere. Ildo horretan, txalotzekoa da biktimek erakusten duten ausardia salaketa aurkeztean, ez dutenean onartzen delitu horiek gordean geldi daitezen. Eta hein berean da garrantzitsua eta bikaina segurtasun-kidego guztiak egiten ari diren lana, batez ere Foruzaingoa eta Iruñeko Udaltzaingoa egiten ari direna. Goresgarria da egun zail hauetan erasotzaileak bilatu eta atxilotzeko gauzatzen ari diren lana.

Salaketak eta atxiloketak urrats garrantzitsu eta ezinbestekoak dira gizarte gisa bai Iruñean bai Nafarroan geure buruari ezarri diogun helburuan aurrera egiteko: zero inpunitate. Zero inpunitate, hain zuzen ere, erantzun judizial zorrotzarekin erantzuteko erasotzaileei. Eta, horrez gain, gizartearen arbuioa, inguruaren eta herritarren gaitzespen irmo eta ahobatezkoa.

Horrekin batera, behin eta berriro esanen dugu berriz zero tolerantzia behar dugula. Gure gogoeta ezin da besterik gabe izan beti egon direla sexu-erasoak, lehenago gehiago zeudela baina ez zirela salatzen, alkohola aringarria dela erasotzaileak kontziente ez direlako, beste jai batzuetan ere hala gertatzen dela, nahiz eta jakitera eman ez.

Ez. Kasu bakar bat ere ez da ez onargarri ez jasangarri.

Nafar gizarteak hola ulertu du. Emakume-talde askok, baita gizon anitzek ere, berdintasunezko gizarte baten alde urteetan eta urteetan egindako ahalegina barneraino sartzen ari zaigu, bustitzen gaituen zirimiria balitz bezala. Iruñeko plazarik enblematikoenetan —Udaletxe plazan eta Gazteluko plazan— eginiko bi elkarretaratze jendetsuek hala erakusten dute.Bilduriko milaka pertsonak, emakumeak eta gizonak, gazteak eta nagusiak, gizarte sendo, bizi, ahaldundu eta engaiatu baten isla dira, ezetz ezetz dela beste diskurtsorik onartzen ez duen gizartearena.

Hunkigarria da ikustea herritar horiek jaia eteten dutela sexu-erasorik bat ere ez dutela onartuko adierazteko. Hunkigarria da ikustea Iruñeko peñak, Festaren osagai funtsezko horiek, eta ezin konta ahala gizarte-elkarte eta emakume-talde, beren lan, babes eta presentziarekin erakutsiz sanferminak den-denon jaiak direla, gizonendako eta emakumeendako jaiak, eta nahi dugula hala izatea beti: berdintasunezko jaiak.

Nafarroako Gobernuari, udalei eta erakundeei dagokigu aintzat hartzea, laguntzea eta indartzea Iruñean egunotan ikusgai egin zaigun herritarren erantzun engaiatu, kementsu eta ahaltsu hori.

Hobetu egin behar ditugu, ahal izanez gero, zigorrik gabeko erasorik egon ez dadin helburu duten prozedurak. Festa emakume eta gizon guztiona da. Emakumeek ezin ditugu galdu azken hamarkadetan lanez eta ekinez irabazi ditugun esparru horiek. Aitzitik, bermatu behar dugu esparru seguruak direla, beldurrik gabeko esparruak. Lan eta lan jarraitu behar dugu gure gazteak berdintasunean sentsibilizatzeko, prestatzeko eta hezteko.

Jarraituko dugu, orobat, hedabideekin dugun lantaldea sendotzen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak aurten abiarazi zuena. Bidea luzea da oraindik, eta asko dugu ibiltzeko. Bestetik, hedabideei erantzukizunez jarduteko eskatu nahi diet hemendik, sexu-indarkeriaren aurkako borrokan erantzule ere badirelako, mezuak osatu eta zabaltzean indarkeria hori ulertzeko balio duten irudiez hornitzean. Guztiok batera egin behar dugu aitzina zero tolerantziaren arrazoibidea gizartean txertatzeko. Era berean, zero tolerantzia erakutsi behar diegu turismo-jardueretarako enpresei sanferminak saltzen dituztenean nahierara eta noiznahi jan, edan eta baita musukatzea ere baimentzen duten jaiak balira bezala.

Lan handia dago egiteko. Eta Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren borondatea eta konpromisoa da urratsak egiten segitzea udal, entitate eta profesionalekin elkarlanean sexu-indarkerien izurri sozialaren aurka borrokatzeko.

Egunotan Iruñean ideologia, iritzi, arraza eta sexu ezberdineko pertsonak batera ari dira bazkaltzen, dantzan, kantuan, irribarreka... Eta gauza bera gertatzen eta gertatuko da Nafarroako herri guzti-guztietako jaietan. Atsedenerako eta gozamenerako egunak dira denondako, emakume eta gizon guztiondako, holakoak izan behar dute eta. Halaxe bizi eta sentitzen ditugu nafar gehien-gehienok. Eta izpiritu horrexekin egiten diegu harrera hona datozen guztiei. Jaiak emakume eta gizon guztionak izan daitezen desiratuz eta hala direla sendo sinetsiz. Horregatik, hori lortzeko: zero inpunitate, zero tolerantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.