Memoria historikoaren aldeko borroka oraindik egiteke dugun lan bat da. Egiaren bila jarraitu behar dugu, beharrezkoa baita Justizia izateko. Frankismoaren krimenen zigorgabetasuna bukatzeko, eman ditugu, bai, pausoren batzuk, nahiz eta horretarako Argentinara joan behar izan dugun; horrek garbi erakusten du Espainiako justiziaren demokrazia zer-nolako eskasa den. Justizia unibertsalaren printzipioarekin bat gatoz, eta urteak daramatzagu erantzukizunak eskatzen 1936ko kolpe militarrarengatik eta haren osteko diktadura odoltsuarengatik.
Kriminalen inpunitatea sustatu duten eta sustatzen jarraitzen duten Estatuko erakundeak salatzen jarraituko dugu, bai eta biktimei erabateko babesa eta tutoretza judiziala eman ez izana ere. 78 urte geroago, Trantsizioak eta 1977ko Amnistia Legeak borreroak babesten jarraitzen dute, eta gu, bien bitartean, estatuko gobernuaren laguntzarik gabe gaude hil zituzten gure senideak lurpetik ateratzeko, eta, bestalde, demokraten faltsukeriak Memoria Zentro bat inauguratu du. Zentro horrek uko egiten die milaka biktimei egia, justizia, ordaina eta ez errepikatzearen bermeak izateko duten eskubidea.
Eskaera horiek sozializatzeko, Euskal Herriko memoria erakundeek, frankismoaren krimenen kontrako Kereila lortzeko Euskal Plataforma osatzen duten sindikatuekin eta alderdi historikoekin batera, eta Elgetako Udalak Intxortako Erresistentzia Egunaantolatu dute apirilaren 18/19an.
Horretarako, ekintza bateratu batean, erresistentzia hartan bizirik atera ziren pertsonei omenaldi bat egingo diegu Elgetan, basakeria faxistaren aurrean erresistentziaren sinboloa baita, joera politiko eta sindikal guztietako milaka pertsonak estatu kolpearen aldeko soldadu taldeei aurre egin zieten herrian bertan.
Bizirik atera ziren gudariek eta milizianoek —ideologia bat baino gehiagokoak—, errepresaliatuen senideek, alderdi eta sindikatu historikoek (horietako batzuk kereila egileak) Iñigo Arregi arte egileak diseinatutako obra bat jasoko dute. Obra horrek gizon eta emakumeen duintasuna sinbolizatzen du, hiru Intxortetako mendi inguruetan eraso militar ankerrari aurre egin zion herri baten eskubideen eta askatasunaren alde egindako borrokan.
Apirilaren 19an, Herri Errekreazioak hirugarrenez izango du bere hitzordua mendiotako magaletan, 1936ko urriaren 4an nahiz 1937ko apirilean, 20tik 24ra bitartean, gertatu ziren erasoak erreproduzitzen dituen agertokian. Eraso horietan Emilio Mola Vidal, Rafael García Valiño, Camilo Alonso Vega eta Francisco Franco buruzagiek hartu zuten parte, nazioarteko faxismoaren laguntzarekin.
150 pertsona boluntario (gizon eta emakumeak) gure historiaren gertaera bat gogoratzeko. Hona hemen horren laburpentxo bat:
Intxortak gure memorian daude eta haien memorian ere bai.
Camilo Alonso Vega koronelak, Intxorta-Elgetako erasoetan milaka matxinoren buruak, hauxe zioen Bergarako Udalera bidalitako gutun batean: «La lucha de los Intxortas fue cruenta y la sangre de cientos de soldados de la IVBrigada Navarra regando su suelo nos ligará para siempre a su recuerdo».
Historiografia frankistak beti ezkutatu dizkigu borrokaldietan izandako porrotak, nahiz eta askoz ere baliabide gehiago izan: armak, hegazkinak, borroka hegazkinak, obusak, kanoiak, eta jakina, nazioarteko faxismo osoaren laguntza. Ziur zeuden Intxortak konkistatuko zituztela 1937ko apirilaren 20an; Franco bera etorri zen Bergarara 19an, garaipenaren lekukoa izateko.
Apirilaren 20 hartan, goizeko lehen orduan, Junkers bonba-hegazkin alemanak eta Savoias bonba-hegazkin italianoak euskal erresistentziaren lubakiak hausten eta txikitzen hasi ziren; gero, kanoi bateriak, eta garaitu zituztela uste zutenean, infanteria bidali zuten eraso egitera, baina behin eta berriro oposizio latz batekin egin zuten topo. Erasoan baja ugari izan zuten, hainbeste, bi egun behar izan zuten indarberritzeko. Ordurako, Franco joanda zegoen Burgosera.
Apirilaren 23an, berriro, lehengoa errepikatu zen, eta antzeko emaitzarekin. Ondorio lazgarriak izan zuen porrot haren umiliazioak.
Hurrengo egunean, arratsaldean, Intxortako erresistentzia egileek ez zekiten frontea hautsita zegoela Udalaxtik; Elorrio matxinoen esku dago eta behartuta egongo dira atzera egiten Ermurantz eta Eibarrerantz.
Bidea libre dute, eta mendekua errukigabea izango da, gogorra. Camilo Alonso Vega-k eta Emilio Mola Vidal-ek «dena libre» utziko die euren soldaduei 48 orduan, nahi dutena egiteko, eta hori da gudariak, milizianoak, pertsona zibilak hiltzea, emakumeak bortxatzea, iraintzea, eta abar, Euskal Herrian nahiz estatu espainiarrean oso ohikoak izan ziren ankerkeriak.
Omenaldiaz eta Herri Birsorkuntzaz gain, beste ekitaldi batzuk ere egongo dira Elgetan, horiek guztiak Memoria Historikoaren inguruan: Oroimenaren Gaua, rock talde batzuek hartuko dute parte, apirilaren 18an, eta bisita gidatuak, Memoriaren inguruko azoka, Memoria Historikoari buruzko materiala egongo da salgai...
Dei egiten diegu herritar guztiei parte har dezaten, zigorgabetasuna salatzeko eta gure herriaren askatasuna erreklamatzeko, Egia, Justizia, Ordaina eta Ez errepikatzeko Bermeak erreklamatzen jarraitzen dutenei elkartasuna adierazteko.
Zero tolerantzia inpunitateari. Denok Elgetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu