Azken urteetan, eta orain ere bai, multinazional handiak eta herrialde jakin batzuk eroen pare dabiltza lehian, nork bereganatuko petrolioa bezain preziatua den ondasun baten kontrola: erein daitekeen lurrarena, hain zuzen. Populazioa gora doa, langabezia ere bai; klima aldaketa gero eta larriagoa da, eta, merkatu librea ere, merkatu kapitalistaren oinarri den hori, ezbaian dago. Herrialde batzuek ez daukate behar beste janariz hornitzeko ahalmenik, eta, irtenbide gisa, lursail handiak erosten dituzte munduko edozein lekutan; izan ere, petrolioa agortzen ari dela ikusita, sendotzen ari da energia berriztagarrien aldeko apustua, eta, horren ondorioz, nekazaritzatik eratorritako bioerregaiak garatzen ari dira.
Horrenbestez, ez legoke gaizki pentsatzea zer-nola moldatu nahi duten politikariek, etorkizunera begira, Nekazaritza Politika Bateratu berria: industrializatutako nekazaritza bat nahi dute, jende gutxiren esku egongo dena, ala baserri giroko nekazaritza sozial eta ekologiko bat nahi dute? Eta guk zer nahi dugu?
Gustavo Duchek analisi gordin batzuk egin zituen Lo que hay que tragar liburuan (Irentsi behar dena), eta uste dut interesgarria dela horien berri ematea.
Monolaborantza gutxi batzuentzat da aberastasun iturri, eta, milioika pertsonarentzat, berriz, pobrezia iturri da. Isuritako CO2 gasaren %32 nekazaritzak eragiten du, eta gehien-gehiena enpresa handien nekazaritza industriak sortua da. Uste dugu apustu aktibo bat egin behar dela, eta dirua inbertitu behar dela honako hauek lortzeko: lurrak berreskuratu eta nekazariak ugaritzeko; nekazaritza eredu ekologiko bat lortzeko, errespetatuko dituena bai natura eta bai naturan bizi diren pertsonak; ikerkuntza eta agroekologia sustatzeko, baita lekuan lekukoa eta garaian garaikoa kontsumitu dadin sustatzeko ere.
Nekazaritza lurrei dagokienez, Europako Batasunak 2012rako egindako planen arabera, Espainian landare belarkarak ereiteko izan beharko lukeen lurraren %30 ez da horretarako erabiliko, bioerregaia produzitzeko baizik; hau da: autoen elikagaia produzitzeko. Etorkizun hurbilean, 26 pertsonak urtebetean jango luketen adinakoa da auto bat urtebetean etanolez elikatzeko behar den produkzioa.
Bestalde, jakin behar dugu haziak oinarrizkoak direla elikagaien arloan burujabe izateko. Orain arte, bioaniztasuna beti izan da herrien ondare bat: lehen, haziek ez zuten jaberik, eta baserritarrei ezin zitzaien dirurik eskatu beren uzta propiotik lortutako haziak erabiltzeagatik. Transgenikoak ez dira gosearentzako irtenbidea.
Zer esaten dio soja hazi batek arto hazi bati? Nahiago elikagai, erregai baino. Zer esaten dio azukre kanabera batek Afrikako palma bati? Nahiago elikagai, erregai baino. Zer esaten dio Ugandako edo Mexikoko nekazari batek Europako auto gidari bati? Nahiago elikagaiak, erregaiak baino. Ehun hektarea lur erabiliz gero familia nekazaritzarako, 35 pertsonari emango zaie lana eta elikagai ugari sortuko dira; monolaborantzan, %2-10 bitartean bioerregaiak produzitzeko erabiltzen da, eta gasolina ezin da jan. Egun, 900 milioi pertsona baino gehiago goseak daude, eta gero eta gehiago dira; hala ere, gero eta labore gehiago erabiltzen da erregaiak produzitzeko.
Ikertzaileek diotenez, gero eta karbono dioxido gehiago dagoenez, ozeanoak azidotzen ari dira, eta horrek arriskuan jartzen ditu ostrak, muskuiluak eta beste zenbait molusku. Horrez gain, badirudi planetako hainbat lekutan erle kopurua jaisten ari dela; munduko zenbait tokitan, %30-60 artean jaitsi omen da kopuru hori. Einsteinek esan zuenez, erleak desagertuz gero gizadi osoa ere desagertuko litzateke urte gutxian. Erleak eta moluskuak adierazle naturalak dira, natura arriskuan noiz dagoen erakusten baitute. Zenbat umek eta gaztek dakite, baina, erleak ez direla zizta egiten duten zomorro hutsak, eta, gainera, eraso eginez gero baino ez dutela zizta egiten?
Mugak liberalizatu dituzte; enpresa handiek grina bizia dute, eta esku hartu behar luketen administrazioek ez dute nahikoa irizpiderik. Horren ondorioz, egoera zentzugabeak ari dira sortzen; esaterako: egun batean, 3.500 txerri eramaten dituzte Europako hainbat herrialdetatik Espainiara, eta, aldi berean, 3.000 txerri bidaltzen dituzte Espainiatik Europara; Erresuma Batutik ere, 220.000 kilogramo patata bidaltzen dituzte Espainiara, eta, egun horretan bertan, 72.000 kilogramo patatak kontrako bidea egiten dute. Horretarako, autobideak eraiki behar dira, eta petrolio ekoizleak aberastu, baita bioerregaiak ekoizten dituzten multinazionalak ere. Baina, horri nolabaiteko irtenbide bat emateko, lekuan lekuko janaria kontsumitzea sustatu behar da hainbat politikaren bidez.
Garaia da hausnartzeko sistemaren ustez garapenari dagozkion kontzeptuen gainean. Gaur egun oso hedatuta dagoen pentsamendu baten arabera, zuzenean ekonomikoa dena (produkzio handiagoa, kontsumo handiagoa) lotua dago garapenarekin eta oparotasunarekin. Argi dago hori ezin dela horrela izan produkzio guztiei dagokienez, kaltegarriak barne. Denok dakigunez, gizarteak eta gizadiak oso garesti ordaindu behar izan ditu sarritan garapenaren ondorioak. Gaur egun elikatzen gaituen nekazaritzak, zoritxarrez, argi uzten du zer ondorio dituen lehenesteak gutxi batzuen onerako baino ez diren hazkunde irizpideak.
Herrialde jakin batentzat ona denak ez du zertan beste batentzat ona izan. Gandhik ezbaian jarri zituen teknologia batzuk: «Mekanizazioa onuragarria da, baina egin beharreko lanerako oso esku gutxi dagoenean bakarrik». Hainbat hamarkada geroago, Vandana Shivak honako hau esan zuen: «Eskulana urria eta garestia denean, produktiboak eta eraginkorrak izaten dira langileak ordezkatzen dituzten teknologiak. Eskulana badagoenean, ordea, langileak ordezkatzea ez da produktiboa, horrek ekartzen duelako pobrezia, desjabetzea eta bizibideen suntsitzea». Errealitatera moldatzen jakin behar dugu; ezin ditugu kontzeptu estandarrak erabili egoera eta herrialde guztiez aritzeko. Uruguain, ehun hektarea lur erabiliz gero famili nekazaritzarako, 35 familiarentzako adina bizibide eta elikagai lor daitezke; baina, lur horretan bertan erregaiak sortzeko azukre kanabera ereiten bada —halaxe egiten da-eta—, hamar pertsonarentzako adina produzituko da; pentsutarako soja ereiten bada Europara bidaltzeko —halaxe egiten da-eta—, bi pertsonarentzako adina; eta, eukaliptoa landatzen bada, berriz, pertsona bakarrarentzako adina besterik ez.
Horrenbestez: ekonomia, gizarte eta ingurumen arloei dagokienez, zentzugabekeria da bioerregai industrialak erabiltzea. Horiek garatzeari utzi behar zaio, eta nekazaritza produkzioa elikadurara bideratu behar da nagusiki.
Hipokratesek honako hau esan zuen: «Jaten duguna gara»; hori horrela izanik, eguneratu eta aurreratu egin gaitezke, eta hauxe aldarrikatu: «Ereiten duguna gara».
(Erredakzioan itzulia)
Zerk kezkatzen gaitu: petrolioak ala erleek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu