Tik... tak... tik... tak... hasi da gure lan eguna; lehenengo unetik erlojua dugu atzetik, etenik gabe. 10 minutu inguru ditut zaintzen ditudan adinekoak esnatu, jaiki, dutxatu eta gosaltzera eramateko. Tik... tak... tik... tak... segundo bakoitzak pisua du eta presioa gero eta handiagoa da. Ez dago atsedenik hartzeko tarterik, ez eta benetan pertsona horiekin hitz egiteko aukerarik ere. Gehienez, lanen bat egiten ari garen bitartean zorte pixka bat izanez gero solasaldi laburren bat, baina organigramaren erritmoak agintzen du eta horretarako denborarik ez dago aurreikusita. Segi, bada! Tik... tak…tik...tak... ekin hurrengo eginkizunari.
Zaintzen dugun jendearekin nekez egoten gara ordubete, egun guztian. Langile gabezia medio, gure lana erlojupeko lasterketa bihurtu da; lasterketa honetan soilik helburu bat dago: eginkizunak gero eta denbora-tarte laburragoetan egitea. Tik... tak... tik... tak... erlojua ez da isiltzen; hurrengo eginbeharra.
Badira hogei urte baino gehiago zahar-etxe honetan oinarrizko zerbitzu bat egiten hasi nintzela, adinekoen arreta. Herri-administrazioek negozio pribatuaren esku jarri duten oinarrizko zerbitzua.
Lanetik atera eta etxerako bidean noala albiste batek harritu nau: Bizkaiko adinekoen 154 egoitzetatik ia ehunetan langile-ratioak ez dira bete. Tik...tak... buruko erlojua gelditu eta bihotza entzuten dut taupaka: Taupa… taupa... taupa… Orduan amorruz, baina baita harro ere, gogoratzen dut azken hamar urtean 600 greba egun baino gehiago egin ditugula lan-baldintzak hobetzeko, eredua aldatzeko eta ratioa murrizteko. Taupa… taupa... taupa… Azkenean Aldundiak entzun ote du gure eskaria? Tamalez, irakurtzen hasi naizen informazioa ez da hasieran zirudiena... lehengo lepotik burua.
Taupa… taupa... taupa… Gero eta haserreago, ikusi dut albistean ez dela aipatu ere egiten egunez egun erabiltzaile, senide eta beharginok bizi dugun benetako errealitatea. Ez dute esaten nazkatuta gaudela ratioak, lehengoak zein oraingoak, okerrak direlako. Ratio hori, baten batek ez badaki ere, Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailaren 31n ezarri zuen urteetan ezer egin gabe egin ostean, ELAko langileek 2017an hasitako gatazkaren presiopean. Jaurlaritzaren erabakia ez zen nahikoa izan; azaleko petatxoa baino ez. Taupa… taupa... taupa…
Gero eta gehiago berotzen ari naiz. Albistea berriro irakurrita egiaztatu dut, sinesgogor, aipatzen duten ratioaz eta defenditzen duten dekretuaz ez dagoela hitzik ere; ez dute esaten gaueko ordutegiko langileen segurtasuna, ez eta eta egoiliarrena ere, ez duela bermatzen; ez duela behartzen erizain-zerbitzua 24 orduz izatera, eta medikuen arreta ere ez duela hobetu.
Areago, ahazten du dekretuak garbitasun, ikuztegi edo sukalderako ez duela langile-ratiorik aipatzen. Ezkutatu egiten dute ratio berria ezarrita zerbitzu horiek kanporatzeko atea ireki zutela. Edota arau berriak medio etxebizitza komunitarioak eta tutelatuak haren eremutik kanpo geratu zirela. Eta adinekoen zaintzaile taldeari buruz zer esango dizuet, bada? 2019ko dekretua ezartzearekin ontzat eman zuten 1998ko dekretuan baino arreta ordu gutxiago izango zirela. Ahaztu egiten zaie langileak greban geundelarik Eusko Jaurlaritza kezkatu zela gutxieneko zerbitzuak ezarriz egun normal batean baino jende gehiago lanean izan zedin; greba eskubidea zanpatu egin zuten horrela.
Beraz, taupa… taupa... taupa…. Guk ondo dakigu «tinko eutsiko» diogula. Salatzen jarraituko dugu langile ratioa ez betetzean propio onartzen dutela Bizkaiko zahar-etxeetan pertsona bakoitzak gehienez egunean 60 minutuko arreta jasotzea, nahiz eta beteta ere ez den hori bermatzen. Segituko dugu salatzen langile gutxiegi dagoelako muturreraino eramaten gaituztela, gaixotu egiten gaituztela eta zerbitzuaren kalitatea okertu, lan-erritmo jasangaitzen poderioz. Taupa… taupa... taupa… Antxustegi anderea, ozen esango dugu zuek zaretela egoera honen arduradunak. Izan ere, ratio eta kopuru horiek zeharo desegokiak baitira; zure esku dago aldaraztea eta gure egoitzetako errealitatea hobetzea.
Ezen, ia hamar urte joan direnean, galdera bat baitatorkigu burura: zein da pertsonen lekua zuen ikuskeran zaintza zenbaki arazo hutsa bada?