Fan Hemendik taldea

Zergatik jarraitzen dute oraindik hemen? Fan hemendik!

Aitor Atxa
2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Espainia eta Frantziako indar armatu eta polizialen presentzia Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntzaren adierazgarri nagusienetako bat da. Urte luzez gure lurretan nagusitasunez eta zigorgabetasunez modu bortitzean jardun dute, eta, oraindik ere, beraien egitekoa estatuen batasuna eta asimilazio prozesua bermatzea da, nazio eta klase zapalkuntza betikotzearekin batera. Horregatik dira indar okupatzaileak eta horretarako jarraitzen dute hemen, beraien presentziaren bidez Euskal Herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki ez erabakitzea ziurtatu nahi delako. 

Jakina da dagoeneko errepresioa eta zapalkuntza izan direla beraien jardun nagusiak azken hamarkadetan: hainbat aldiz salatu izan dira hilketak, torturak, mehatxuak, jarraipenak, kolaborazio eskaerak, errepidetako kontrol bortitzak eta giza eskubideen urraketa larriak. Esan beharrik ez dago estatuen babesa eta zilegitasuna bermatuak izan dituztela une oro.

Konfrontazio armatuaren garaian rol protagonista jokatu zuten, eta gaur egun oraindik, ikusgarritasuna jaitsi bada ere, bertan jarraitzen dute. Ziklo haren bukaerak, baina, ez du beraien presentzian aldaketa nabarmenik ekarri, ez eta joateko intentziorik agertu ere. Zergatik jarraitzen dute, bada, oraindik hemen? Badakite, ondo jakin ere, beraien irteera gatazkaren balizko konponbiderako urrats handia dela.

Beraien presentziak ez dauka errepresioa eta estatuen batasuna indarrez bermatzea ez den beste justifikaziorik. Euskal Herriak jarraitzen du izaten Europa osoko lurralde militarizatuena eta biztanleko indar armatu gehien dituena, nahiz eta konfrontazio armatua iraganeko kontua den.

Oñatin ere, batzuetan ahaztu zaigula dirudien arren, Guardia Zibilaren kuartel aktibo bat dugu herriaren erdian. Herriko historia ilunaren parte izan da Guardia Zibila, eta hainbat eta hainbat errepresio kasuren eragile nabarmena, beste indar errepresiboak ahaztu ezin ditugun arren. Besteak beste, ekainaren 25ean 34 urte beteko dira Susana Arregi torturatu eta hil zutela, eta ezin ahaztu oñatiarrek jasandako 70 tortura kasu baino gehiago, errepide kontrol bortitzak, atxiloketak eta eragindako tentsio eta sufrimendua. 
Indar okupatzaileen presentziaren aurrean, Fan Hemendik mugimendua martxan izan da Oñatin hainbat urteetan zehar. Manifestazioak, kanpaina ezberdinak, sinadura bilketa, bazkari herrikoiak, kontzertuak eta gehiago antolatu izan dira, ehunka herritarren babesarekin eta helburu garbi batekin: Indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dute! Herri honek bakean bizi nahi du, indar okupatzaileen presentziarik gabe. 

Geldialdi baten ostean, beste urte batez, aldarrikapen hauek herriko kalera aterako ditugu, ahantz ez dezaten, ez ditugula herrian nahi. Kuartelik gabeko herria izan nahi dugu. Horretarako, herritar guztien parte hartzea ezinbestekoa izango da ekainean burutuko diren ekintza desberdinetan eta kaleak beteko dituen manifestazioan. 

Ez ditugulako nahi, eta ez ditugulako behar, ekainaren 22an denok Oñatira! Fan hemendik! Utzi bakean Euskal Herria!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.