Zergatik jarraitu dependentzian?

2016ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Aberri Egunaren inguruan ohikoa da gure herriaren gorabehera politikoez eta etorkizunaz hausnarketak egitea. Ildo horretatik doaz ekarpen labur eta xume bat besterik ez diren ondorengo lerrook.

Aspaldi gabiltza Euskal Herrian jauzi bat egin nahian. Oin bata dependentziazko iraganean kateaturik daukagu eta bestea etorkizun burujabean, ez-dependientean jarri nahi dugu, baina ez dugu asmatzen urratsa noiz eta nola egin.

Euskal herritarron oroimen historikoa eta imajinario kolektiboa menpekotasunezkoak dira. Mende luzeetako menpekotasunaren zamak sakon markatu du euskal gizartea; hala ere, belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu da askatasun egarria, eta, gaur egun, inoiz baino argiago dago geure buruaren jabe izateko beharra.

Oso ondo ezagutzen ditugu Espainia eta Frantziarekiko dependentziaren kalteak: gerrak eta gatazkak; gure hizkuntzaren eta kulturaren aurkako erasoak; gure nazioaren eta eskubideen ukazioa; asimilazioa; gure garapen ekonomiko eta sozialerako tresna eta eskuduntzarik eza; gure etorkizuna eraikitzeko estrategien etengabeko desprogramazioa; eta abar luzea.

Hala ere, beti galdera bera jartzen da mahai gainean: Zergatik independentzia?

Baina kontuan hartuta alor pertsonal eta indibidualean zein sozial eta kolektiboan dependentzia balio negatiboa dela, eta ez-dependentzia edo independentzia positiboa, galdera logikoa alderantzizkoa izan beharko litzateke: zergatik jarraitu dependentzian?

Are gehiago, dependentziak hobeto bizitzeko aukera eragozten digunean, gure hizkuntza eta kulturaren bizirautea eta gure herriaren nazioarteko aitortza bera ere arriskuan jartzen duenean. Egunero ikusten duguneangeure demokrazia sakondu eta jendarte justu eta solidario bat eraikitzeko aukera deuseztatzen digula.

Menpekotasunezko iraganari loturik mantentzen gaituzten kateak apurtu eta etorkizunera jauzia egiteko garaia iritsi da. Iraganetik etorkizunera. Dependentziatik independentziara.

Baina, espainiar eta frantziar Estatuen egituren barruan ez dago inolako burujabetza aukerarik eta gainditu egin beharko dugu jauzi hori eragozten digun harresia: inposatzen diguten statu quo menperatzailea.

Euskal Herriaren burujabetzarako bidean estatu espainiar eta frantziarrarekiko aldebikotasun eskema iragana da jadanik. Geure bidean aurrera egitea da gelditzen zaigun alternatiba eraginkorrena, hots, aldebakarreko bideari ekitea. Eta jauzi estrategiko sakon honek herri mugimendu zabal eta indartsu baten bultzada eskatzen du.

Aberri Egunetik aurrera aro berri batean sartzen gara: erabakiaren aroan. Guztiz beharrezkoa eta premiazkoa da agenda politikoan eragin eta euskal estatuaren eraikuntza prozesuaren erritmoak markatuko dituen subjektu politikoa metatu eta aktibatzea. Subjektu politiko berri honek abertzaletasunetik askoz harago doan dimentsioa izan beharko du eta, dibertsitatea oso kontuan hartuz, demokrazian, justizia sozialean eta askatasunean oinarritutako etorkizun komun bat partekatzeko prest dauden herritar guztiei zabalik egongo beharko du.

Independentistak sareak gogotsu ekingo dio independentismoaren hegemoniari bide eman behar dion subjektu politiko hori eratzeko lanari, horixe delako, hain zuzen ere, bere misio nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.