Matrikulazio kanpaina betean gaude, eta euskal familia asko beraien seme-alabak matrikulatzeko aukerak aztertzen ari zarete. Gizartearen nahi eta beharrekin batera, gurasoenek ere aurrera egiten dute, eta guraso belaunaldi bakoitzak, bere hautua egiten duenean, aurrekoekiko elementu berriak hartzen ditu kontuan: gure herriaren, garaien… joanak eta etorriak islatzen dira matrikulazio kanpainan gurasoek hartu behar duten erabaki handi eta garrantzitsu horretan. Ikastoletan, ondo jabetuta gaude errealitate berri horietaz, eta itxaropenez begiratzen diogu guraso gazteek beren seme-alaben hezkuntzan gero eta gehiago parte hartzeko duten nahiari.
Ikus ditzagun, bada, gure proiektuak guraso horiei eskaintzen dizkien argudio nagusiak ikastolen aldeko hautua egin dezaten. Familia bakoitzak bereak eta askotarikoak izango baditu ere, hauek azpimarratu nahiko genituzke:
1.- Ikastoletan hezkuntza prozesuan erabakiak hartzeko momentuan inplikatutako talde guztiek (familiak, langileak eta ikasleak) parte hartzen dute. Ikastola bakoitzak hartzen duen forma juridikoaz gain (normalean kooperatiba), ikastolen oinarrizko filosofia da hezkuntza-komunitatea osatzen duten gizatalde guztien artean, era demokratikoan, hartzea bere funtzionamendurako funtsezko erabakiak. Horrek familiak hezkuntza-prozesuan gehiago inplikatzea dakar, etauste dugu ezinbestekoa dela prozesu hori eraginkorra izatea, gure seme-alaben hezkuntza gure esku dagoela uste baitugu.
2.- Ikastoletan euskara da ikaskuntza prozesua bideratzeko ezinbesteko tresna, eta ez hori bakarrik, guretzat euskaraz bizitzea helburu bat da; ikastoletan ez dugu ikasketa eta hezkuntza prozesu hori euskara eta euskal kultura gabe ulertzen, gure funtzionamenduaren funtsezko elementuak dira biak, eta euskararen ezagutza eta erabilera emaitzek hori horrela dela erakusten dute. Lortutako emaitzekin konformatzen ez bagara ere, argi dago ikastolak direla hezkuntza sistema osoan euskal hiztun konpetenteenak hezten dituen sarea.
3.- Ikastolak bide egile gara berrikuntza pedagogikoan, aitzindari papera erantzukizunez betez. Hezkuntza proiektu sendo eta propioak dituzte ikastola guztiek, ikasleen irteera profilari begira lan egiten dugu. Konpetentzien garapenean fokua jarriz, ezagutzak barneratzea bermatuz eta espazioak ikaskuntza prozesuaren zerbitzura egon daitezen diseinatuz. Egungo euskal hezkuntza-sistema ezin da ulertu ikastolek historikoki ikuspegi pedagogikotik egin dioten eta egiten jarraitzen duten ekarpenik gabe: Txanela, Urtxintxa, EKI, Kimu, Kuku, Euskaraz Bizi, Aisialdia…bezalako proiektuak, horrenbeste aipatzen den Euskal Curriculumean oinarritutako proiektuak, garatu eta sistema osoaren zerbitzura jartzen ditugu. Euskal dimentsioaren lanketa sistematiko eta sekuentziatua egiteko ikasmaterialak sortu ditugu, puntako produktu nazionalak garatuz.
4.- Ikastoletan elkartasuna oinarrizko balioa da. Batetik, ikastola bakoitzaren barruan: administrazioaren finantzaketarik ezean, kobratzera behartuta dauden kuotak ordaindu ezin dituzten familiei laguntzeko beken sistemak bideratuz. Bestetik, gainontzeko ikastolekin: Elkartasun-Kutxaren bidez, urtero hezkuntza proiektua aurrera eramateko zailtasun ekonomikoak dituzten ikastolei laguntza ematen zaie (Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako ikastolei batez ere) ikastolen hezkuntza komunitatea osatzen duten familia guztiek urtero 15na euroko ekarpena eginez.
5.-Ikastolena ez da bere baitan hasi eta bukatzen den egitasmoa. Euskal Herriaren izaera islatu eta hezkuntzaren bidez eraldatzen duen eragile bizia gara, beste gizarte-mugimendu batzuekin batera, bereziki euskararen, euskal kulturaren eta kooperatibismoaren mundukoekin elkarlanean jarduten dugu. Aktiboki parte hartzen dugu gizarte-erakundeetan (Kontseilua, Euskal Unibertsitateak, Gaindegia…), euskararen garapena sustatzen duten ekimenetan (Puntueus, Errigora, Bizipoza, Euskararen marka, Euskaraldia…) eta akordio estrategikoak ditugu arlo horretan lan egiten duten erakunde ia guztiekin (Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, AEK, Bertsozaleen Elkartea, Elkar, Irrien Lagunak, Wikilariak, …). Herri honekin, euskararekin eta euskal kulturarekin dugun konpromisoa gure irakaskuntza-proiektutik askoz harago doa, gure izatearen oinarrizko osagaia da. Guretzat, zera da garrantzitsuena, egiten ditugun proposamenak onura komun eta publikokoak direla: Ikastolen proiektuarekin, gizarte osoak irabazten du.
6. Ikastolak herrigintzatik sortu diren heinean, egun ere oinarri duten auzolana komunitatearen parte izateko pizgarri da; parte hartzeko guneak, erabakimena, eragiteko aukera, klase orduez gaindiko eskaintza, herriarekiko eta herritarrekiko ekarpena... proiektuaren parte aktibo izateko aukera eskaintzen dute Ikastolek, auzolanean, kolektiboan eragiteko ekimenak planteatuz. Honek proiektua norberarena ere sentiaraztea dakar, baita harremanak garatzeko aukera berriak edota estuak ere. Heziketa eremutik askoz ere harago doan proiektua da: Ikastolak herri egileak dira.
Euskal Herri osoarentzako hezkuntza sistema propio baten alde eta euskal gizarte euskaldun, berdinzale eta iraunkor baten alde lanean jarraituko dugu, orain arte bezala. Eta hori egingo dugu, ziurrenik, erosoena eta errazena ez den bidetik: herrigintzatik, hain zuzen ere. Elkarlan kolektibotik, erantzukidetasunetik. Irmoki sinesten baitugu horretan: herritarrok, gurasook, ikasleok, langileok eta eragileok ditugun erronkei eta beharrei era antolatuan erantzuteko dugun gaitasunean.
Zergatik ikastolak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu