Zenbatetan deitu gaituzte putak? Zenbatetan kondenatu gaituzte sexu harreman bati ezezkoa emateagatik? Zenbatetan kritikatu lagun batekin baino gehiagorekin jolasteagatik? Zenbatean iraindu gure gizonari aurre egiteagatik?
Zenbatetan deitu gaituzte putak sistema patriarkalak ezartzen dizkigun arauak hausteagatik?
Emakumeoi bi toki eskaintzen dizkigu patriarkatuak: emakume onarena, otzana, gainjartzen dizkiguten erregela guztiak beteko dituen emakume on, garbi, isil, polit eta gaztea, edo emakume gaiztoarena, zikina, bakartia, puta. Sozialki gure desioaren kontrola izatea, gizonena ere kontrolatzea, gaizki ikusia dago; promiskuoak ez izatea eta zuhurtziarekin jokatzea nahi dute. Gizonei ezartzen zaien sexualitate eredu aktibo eta esplizitu horretatik kanpo geratu behar dugu emakumeok. Agindua betez gero, neska onen kategorian sartuko gara. Aldiz, kode hori gainditu, gure sexualitatearen jabe garela aldarrikatu eta horren araberako jardueraren bat badugu, neska gaiztoen kategorian sartuko gaituzte. Gure plazerari bide eman eta otzanak ez bagara, putak, gaiztoak, besteak izango gara.
Sexu langileek, nola ez, bestea ordezkatzen dute. Sakratutzat hartzen den sexualitate eredu nagusitik ateratzen direlako, duintasunik eza ezartzen zaio haien lanari. Prostitutak gaiztoen bandoan sartzen ditugu, kasu askotan ekonomikoki askeak direlako, beren sexualitatea modu ireki batean azaltzen dutelako, egiten dutenagatik kobratzen dutelako eta prezioa haiek jartzen dutelako. Emakumeoi debekatzen zaizkigun muga asko gainditzen dituztelako.
Estigma sozial hori patriarkatuaren oinarrizko tresna bat da, zeinaren arabera emakume on eta gaiztoak sexualitate jardueraren arabera mailakatzen diren. Txikitatik dakigu nolakoak izan behar garen, baita nolakoak ez garen izan behar ere. Barneratua dugun errepresio mamu inkontzienteari jarraikiz, putak ez izateko, arauak ez apurtzeko helburuarekin eraikitzen dugu geure burua. Gainera, errua eta duintasun falta sentitzeko beldurrak beste emakumeak kontrolatzera garamatza, patriarkatuaren mesedetan elkarren poliziarenak eginez. Emakumeak zapaltzeko ezartzen diren arau sozialak puskatzeak emakume gaizto kategorian sartzea dakar, eta, ondorioz, jendarteak emakume horiek onargarriak ez diren pertsonak bilakatzen ditu, jendearen jarrera ezkorrak bultzatzen ditu eta erabateko gutxiespena eta diskriminazioa jasaten dute.
Baina ohar gaitezen estigma hori emakume guztiontzat dagoen kontrolerako mekanismo bizienetakoa dela. Putek emakumeoi debekatzen zaigun guztia kondentsatu egiten dute, eta egin ezin ditugun gauza askoren ordezkariak eta gainditu ezin dugun muga dira.
Antza denez, modu bakarrean gerturatu gaitezke errealitate horretara: biktimizatzen baditugu. Ezin baitugu onartu edozein emakumek horrelako erabakirik modu askean (baina baldintzatuan, noski) har dezakeenik, sexualitatea sakralizatua dugulako, defendatu ezin diren emakumeak direla uste dugulako, beti gizon baten menpe daudela uste baitugu. Bada garaia, beraz, sexu langileek duten indar eta erabakimenaz ohartzeko. Erabakimenez jarduten duten putak subjektu aktiboak dira, euren bizitzaren jabeak, emakume indartsu eta boteredunak.
Prostituzioaren errealitatea errealitate gordin bezain konplexua da. Hari asko lotzen dituen lan bat da, interes asko mugitzen dituena, negozio izugarria askorentzat, eta sarri beste arazo eta bidegabekeria batzuk estaltzeko erabiltzen da. Hala, garrantzitsua iruditzen zaigu, ekintza horiei buruz mintzatzean, jarduteko dauden modu ezberdinak bereiztea. Kasu batzuetan, indarkeria patriarkalaz hitz egitera behartuta gaude; bortxapeko prostituzioa denean, emakumeek lan hori aukeratu ez dutenean, beste baten menpe bizi direnean, beren bizitzaren kontrola erabat galtzen dutenean. Baina ezin dugu pentsatu denak egoera horretan daudenik, askok beren erabakiz lan egiten baitute. Egia da erabaki hori baldintzatua dagoela, gure egoera sozial eta ekonomikoak asko eragiten duela, baina gure bizitzako zenbat esparrutan gertatzen zaigu hori? Zeinengan ez dute baldintza sozial, politiko edo ekonomikoek eragiten?
Euskal Herrian prostituzioa existitzen den errealitate bat izanik, duintasunez eta eskubidez hornitu behar dugun jarduera bat dela deritzogu. Ezin ditugu zenbait udalek bultzatu dituzten ordenantzak onartu, jendartearen babesaren atzean sexu langileen —beraz, hainbat emakumeren— kontrako erasoak baitaude. Ez dute haien iritzia jasotzen, neurriak ez daude haiekin adostuta, eta duten jarduera oztopatu eta ezkutatzeko zuzenduak daude. Gainera, jazartzen dieten langileak inoiz ez dira luxuzko prostituzioan dabiltzanak, baldintza zaurgarrienetan daudenak baizik. Oraingoan ere, klasismoa eta arrazakeria indar ditzaketen jarrerei adi egotea komeni zaigu.
Sexu langileengana gerturatu behar dugu, haien errealitatea modu zuzen batean ezagutu, subjektu politiko bilakatu eta elkarlana bultzatu. Ez ikusiarena egiteak edota jarduera horren desagerpenaren alde lan egiteak sexu langileen lan baldintzak eta baldintza sozialak txartu egiten ditu, eta emakume horiek oraindik eta ikusezinago bihurtzen. Eta ez hori bakarrik, patriarkatuaren oinarrizko estigma soziala indartzen dugu, pertsona eredu aske eta pluralen kontra eginez. Badakigu sexu langileengana gerturatzea eta haiekin harremanetan egotea prozesu mantsoa izan daitekeela, epe luzekoa. Baina bien bitartean, putaren estigmak patriarkatuak markatutako sexualitate arauetatik irteten den emakume oro harrapatzen duenez, saia gaitezen estigma hori geure egiten eta beraren aurka borrokatzen, kalera irten eta puten lana legitimatzen. Izan ere, modu horretan emakume guztion izateko eta erabakitzeko askatasuna aldarrikatzen ariko baikara.
Hautsi dezagun, beraz, emakume on eta gaizto dikotomiarekin! Puskatu ditzagun epaiketa moralak eta lan egin dezagun sexu langileen eskubideen alde!
Zergatik gara putak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu