Zergatik erasotzen diote gaztetxeari?

Zigor Olabarria. Itziar Lekuona.
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Berriro ere biolentziaren profesionalak Gaztetxean sartzen, beren bakearen metal hotsarekin. Ez da lehenengo aldia; zerrenda luzea da. Ertzaintza «gustatu ez zaigun» pankarta kentzera patioan agertu zen egunean bezala. Eta Diario de Logroño-koak zirela esan zuten bi kazetariak, egiatan Informazio Brigadakoak zirenak, hain zuzen beren jokabidea salatzeko prentsaaurreko batean aurkeztu zirenekoa. Edo Udaltzaingoa sartu zenean tabernako kartel bat lapurtzera, poliziaburuaren poteo jori baten ondoren antza denez, bere poliziari buruz zuen eduki ironikoa gustuko ez zutela eta. (Pertsona hauek, begiratu azkar bat nahikoa da honetaz ohartzeko, umoreari lapurtzen dizkioten ordu guztiak eskaintzen dizkiote, eskuzabal, gimnasioari. Eta lehentasunak hauek izanik, gezurra badirudi ere armak eskuetan jartzen zaizkien pertsonengan, bada, horrela gabiltza). Eta uniformatuen etengabeko presentzia inguruetan, eta uniformerik gabekoena barruan, eta ondoko eraikineko segurtasun poliziari Gazte Asanbladako kideei buruzko galdeketa banan banako argazkiak erakutsiz, eta abar, eta abar.

Baina 2001ekoa eta 2011koa dira gure auzoko Gaztetxearekiko obsesio polizialaren mugarririk garrantzitsuenak. Antzekotasun handiekin: aldez aurretiko ustezko iraina ekimen polizial masibo eta biolentoa justifikatzeko, atxiloketak, erasotako eta zauritutako pertsonak, egozpen penal larriak, matonismoa eta harropuzkeria (zuek tregoan egongo zarete, baina gu ez), kriminalizazio politika… Eta ezberdintasun garrantzitsu batekin. 2001ean erabateko protagonismoa Ertzaintzarena izan zen. 2011ko honetan ohorea Ertzaintzak eta Polizia Munizipalak partekatzen dute. Arrazoia emanez (eta ez da lehenengo aldia) udaltzaingoa istiluen aurkako polizia moduan ezaugarritzea zein gorputzaren militarizazio progresiboa kritikatu dutenei. Udaltzaingotik bertatik heldu zaizkigu desadostasun ahotsak. Alde Zaharrean ondotxo ezagutzen dugu errealitate hau. Arkautin formatutako udaltzaingoaren Segurtasun Unitate Operatibo militar estilokoa itxura beldurgarriarekin (El País, 2009-03-10) gure kaleetatik paseatzen ikustea besterik ez dago. «Lurralde etsaian» patruilatuko balute bezala, etorkina dena etorkina izateagatik identifikatzen, gazteak gazte izateagatik, gorriak direnak oraindik marguldu ez izanagatik. Hau da gure agintarien artean udaltzaingoaren modazko eredua. Galdetu Iruñeko jendeari bestela.

Auzo ikuspegi batetik, honi guztiari gure hiriko Alde Zaharra txiroz eta disidentez garbitzeko helburu duten beste tresna batzuk gehitu behar zaizkie. Horrela, gure auzo-bizitzaren kontura, plusbalioa sortzen duen auzoa izan dadin behingoz. Urteak daramatzate ahalegin honetan buru-belarri. Horregatik, kartel eta pintaketa guztiak kentzeko helburu zehatza duen garbiketa talde berezi bat dugu, urtean 300.000 euroko kostua duena (bitxia, Iruñean horixe gertatu zen bere egunean). Horregatik, zaintza kamerak ditugu edonon. Arrazoi beragatik, Kebab-ak irekitzea debekatzen da, baina milioietako diru laguntzak ematen zaizkie udaletxeari milioiak zor dizkieten enpresariei. Esker onekoak izan behar dugu beraiekin, ordea, «kalitatezko» lokalak irekitzen baitituzte. Arrazoi beragatik, etxeak desjabetzen dira eta bizitzeko okupatzen direnak hustu. Arrazoi beragatik, susmatzen dugu hainbatek, auzo-ehunaren sorleku eredugarria den eskola ari dira hiltzen uzten.

Ez dugu ziurtzat ematen orain dela bi larunbat gertatutakoa antolatuta zegoenik, ez dugu gehiegi sinesten begitazio konspiratiboetan, non dena lotuta eta zehatz-mehatz planifikatuta dagoen. Ez zen ezinbestean horrela izan duela hamar urte ere, atea furgoneta-kolpez bota eta hogei pertsona atxilotu zituztenean (Aresi entzunda zein «lasaia» izan den uda, bururatzen zaigu tipo hauentzat, besoa gihartzen orduak ematea gero ez erabiltzeko, ikasle batentzat azterketa gogotik prestatu ondoren azterketarik ez izatea bezala izan behar duela: Frustrazioa sortu behar du. Arazoa da, haien frustrazioak besteok ordaintzen ditugula).

Edozein kasutan, alde batetik, deskribatutako testuinguru batean eta pairatzen dugun poliziarekin, nekez ekidin daiteke horrelakorik gertatzea. Eta, bestetik, planifikatuta izan edo ez, duela hamar urte alkateak Gaztetxea botatzeko kanpaina bat martxan jartzeko aprobetxatu zuen erasoa. Adi egotea dagokigu, beraz.

Eta bitartean? Bitartean, auzokidez eta hiriko herri mugimenduz lepo zegoen Gaztetxean emandako prentsaurrekoan, Gazte Asanbladako kideek iragarri zutena egiten jarraitu behar dugu. Eguneroko lanarekin beste gizarte eredu bat posible dela erakustera, herri mugimenduaren eta auzoaren tresna izatera, autogestioa eta asanblearismoa sustatzera, Gasteizko pertsona espetxeratuei elkartasuna erakustera, eskolaren aldeko plataforman lan egitera… Inurri lan honi esker, egunen batean tamalez berriro ere beharrezkoa izatekotan, Gaztetxeak babes osoa jasoko du beste behin. Azal-ezina azal-erraz bilakatuz: hain txikia den etxe baten alde 2002an 10.000 pertsona manifestatzea lortzea, edo beste milaka batzuk gehiago elkartzea 2005eko Gaztetxe Egunean.

Etxe honek, Kukutza eta beste hainbatek bezala, sorgindua jarraitzen duelako. Gure kale-kantoietan iratxo zirikatzaile asko dagoelako lanean gora eta behera. Berarekin bukatu nahi duen troll asko egonik ere, auzo honek bizitza asko duelako. Gaztetxea, guztion etxea! Alde Zaharra Bizirik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.