Zergak eta 'hiru zuhurrak'

2013ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Bai ederra nire daikiria! Karibeko uharte txiki batean banengo bezala sentitzen naiz, ezin hobeto ospatzen Gipuzkoako Batzar Nagusietan gertaturikoa. Eta ez da gutxiagorako. Zinez diotsuet. Inbertitzaileak arrunt kezkaturik geunden, zer gertatzen ari zen ikusita. Zenbateraino nahi zizkiguten zergak igo gure dirua gobernatzen dakigunoi? Europako batez bestekora inguratzeraino? Zer uste dute horiek! Ni euskaldun peto-petoa naiz! Bazen garaia norbaitek geldiaraz zitzan.

Tira: orain bizi-bizi nabilela, trago bat jo eta beste trago bat jo, ipuin bat kontatuko dizuet, antigoaleko ipuin bat, irakaspen eta guzti: Zergak eta hiru Zuhurrak du izena. Erne, oraintxe hasiko naiz eta.

«Bazen behin herrialde urrun-urrun bat, bi erresumaren artean itxirik bizi zena. Hegoaldean, lau probintziek hitzarturik zeukaten haietako bakoitzak nahi bezala kudeatzeko zergak, neurri batzuen arabera. Trukean, probintzia horiek honenbeste edo hainbeste ematen zioten, bildutako dirutik. Azken batean, altxor bat zen, Eraztunen Jaunarena ere txiki uzten zuena.

Altxor hori, ondo erabiliz gero, komunitate justuago baten atea zabaltzeko giltza zen, uzta berdintasunez banatzeko; alegia, gehien zeukanak gehiago eman zezan.

Baina halakoren arrastorik ez, ordea. Horiek ere itsutu egin zituen eraztunaren indarrak, Frodo Zorrozabal itsutu zuen bezala. Hala, beste gehiegikeria batzuekin batean, probintzia horietako hiruk, egokiera aprobetxatu, eta hamarrena jaitsi zieten inguru haietara joatea erabaki zuten artisau handiei. Garai hartan ez izan opor hitzik, horixe pena! Erresumako lurjabe handi batzuk hantxe jarri ziren bizitzen, ondorengoek ezertxo ere pagatu behar ez izateko. Esaterako, esaten dute Aldako dukesa izeneko bat Pompaelo hirira joan zela bizitzera. Trikimailu bat asmatu zuten zergen ordainketa hamar eta gehiago urte atzeratu ahal izateko. Paradisurik ez, baina bazuten beren oasia! Ogasun publikoan ez zen sartzen ehun errealetatik bat baino. Enpresak sustatzeko sozietate deitzen zioten, nik uste.

Denbora pasatu, eta biztanle bakoitzeko zergetan biltzen zen dirua gutxituz eta gutxituz joan zen. Nahiz eta hitzarmenak debekatzen zuen, erresuma konkistatzailean baino are gehiago apaldu zen diru bilketa. Azken batean, nork atera zezakeen kontua?

Baina onena hauxe zen: hamarrenak ordaintzeari ihes egiten zietenak lasai ederrean ibiltzen ziren. Izan ere, probintzia bakoitzeko agintariek ez zioten inortxori ere kontatzen beren jopuen zerga jolasen berri.

Baina ezer ez da betiko. Izan ere, probintzia batean joera aldatzen hasi zirenean, berdintasuna eta elkarlana lortu nahian aldatu ere, Mare Nostrumen iparraldeko zenbait erresumatako sistemetan egiten duten bezala, erantzuna iritsi zen segituan: jaun feudalek gorteetara deitu zuten, laido larria iruditu baitzitzaien hala jokatzea.

Hasieran, plebeioengandik itxuraz hurbilenik zeuden bi fakzioek bat egin zuten lanean: oasiak kendu zituzten —baina oraindik badago jaurreri bat—, progresibotasuna handitu, zerga arloko kontu berritzaileak sortu, ihesaren kontrako neurriak ezarri...

Baina, halako batean, bi talde horietako bat zorabiatu egin zen bat-batean. Iruditu zitzaion bizkorregi zihoala. Ez dakit. Beharbada, kargu hartu zieten haren parekoek; alegia, batzuk eta besteak banatzen zituen ibaiaz hegoaldekoek. Atzera egin beharra zegoen.

Bere neurritasun erabatekoan, nahiago izan zuten beste bi talde are zuhurragoei hurbiltzea: pribilegio feudalak bere hartan utzi nahi zituztenei hurbiltzea, alegia. Horixe zen onena guztientzat. Bide batez, «herrialdeko akordio» horrek sistema uniformizatzen zuen, «segurtasun juridikoa» emanez —esaten zuten harrotasunez beterik—. Ez zen harritzekoa. Lehen ere elkarrekin ibiliak ziren halako trantzeetan, eta, jakina, gehiengoa osatzen zuten. Hori bai: gehiengoa inposatu zuten, baina, aurretik, setatsuak zerbait lortu zuen haiengandik: hitzeman behar izan zioten erresumako zerga presiora hurbilduko zirela. Ufa!

Herri bitxi haren berezko hizkuntzan, «hiru zuhurrak» eta «iruzurrak» ia berdin ahoskatzen omen dira, baina esanahia guztiz bestelakoa omen dute...

Nolanahi ere, errentadunek lasai lo egin zezaketen. Inork ez zituen molestatuko kixotekeriekin: inork ez zituen berdinduko jornaldunen eta eskulangile txikien zergak eta pribilegiodunenak; inork ez zien prebendarik kenduko handikiei.

Eta hala, berriz ere, hiru zuhurrek apaldu egin zuten Sauronen hira.

Irakaspena: haur maiteok, zuek putz eta putz ari zarete, baina hiru txerritxoei aspalditi eraiki zieten adreiluzko etxea.

Gustatu al zaizue? Ufa, eztarria lehortu egin zait, hitz eta pitz arituta. Zerbitzari! Beste trago bat denentzat, gaur eskuzabal nabil eta!

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.