Tasa edo zerga turistikoaren eztabaida urteetan luzatzen ari da, erakunde publikoetan ordezkaritza duten indar politikoen artean ezarri beharraren gaineko adostasuna zabala den arren. Eztabaidetako bat da zerga hori zein erakundek kobratuko duen: zenbait udalek (tartean Donostiakoak) eta Jaurlaritzak izan nahi dute arduradun. Eta bigarren eztabaida, aurrekoarekin lotuta, da zertarako baliatuko den zerga honen bidez jasotakoa.
Indar politiko eta erakunde batzuek «sektorea indartzeko» baliatu nahi lukete zergaren bidez bildutakoa. Esan nahi dutena da turismo jarduera are errentagarriago bilakatzera bideratu nahi dutela aurrekontu publikoa. Sortzen duen aberastasuna gizartean gaizki banatzen duen jarduera ekonomikoa izan arren, irabazten ateratzen den gutxiengoa gehiago aberastu dadila sustatu nahi dute. Turistifikazioaren kalteei ez ikusiarena egin eta turismoak hazten jarraitzearen alde apustu egiten dute.
Badaude beste erakunde batzuk zerga turistikoa «hiria hobetzeko eta turismoak eragiten dituen gastu gehigarriak estaltzeko» erabili nahi omen dutenak. Turistifikazioaren ondorio agerikoenei erreferentzia egiten dietela ulertzen dugu honekin: kaleko zikinkeria eta zaborra, zerbitzu publikoen saturazioa edo zarataren handitzea, adibidez. Aurrekontu publikoaren zati bat arazo estruktural larriak eragiten dituen turismoa erakartzera bideratzen dute (turismo azokak, kazetarien bidaia ordainduak, publizitatea, makroekitaldien erakarmena…) eta, edozein kasutan, azaleko ondorioak estaltzeko bilduko litzatekeen diru kopurua hori baino askoz txikiagoa litzateke.
Kontua da zerga turistikoa ezartzeak ez duela turismoaren hazkundea zalantzan jartzen. Turismoak gure eredu ekonomikoan duen pisua handitzearen alde lanean ari dira erakunde publiko gehienak. Eta, turismo jarduerak zenbait kalte eragiten dituela onartzera iritsi diren gutxiek proposatzen digutena da kalte horietara egokitzea. Kalte horiek iraunkortzat jotzen dituzte, betikotu egingo direla ziurtzat jotzen dute. Eta beraien proposamena da herritarrontzat eramangarriago egitea egoera.
Tranpa bat da zerga turistikoaren eztabaida bera. Turistifikazioaren ondorio garrantzitsuenak egiturazkoak dira eta arrisku larriak dakarzkiote gizarteari maila sozialean, ekonomikoan, ekologikoan eta kulturalean. Horregatik, egiturazkoak dira egin beharreko esku hartzeak. Desazkunde turistikoaren norabidea hartzen ez den bitartean, herritarren gehiengoari kalte eginez aberasten ari direnen irabaziak kosta ahala kosta bermatu nahi diren bitartean, ez da arazoa amaituko.
Beraz, esan dezakegu tasa edo zerga turistikoaren eztabaida estrategia komunikatiboen eremuan kokatzen dela. Turistifikazioaren existentzia bera ukatzen dutenek talka egiten dute turistifikazioaren ondorio sakonak estali nahi dituztenekin. Baina biak dira gizartean sortu den kezka eta protesta baretzeko estrategia hutsak.
Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren Bizilagunekin plataformatik herritarrei dei egiten diegu estrategia komunikatibo honetan, makillaje operazio honetan, ez erortzeko. Herritarren bizi baldintzak erdigunean dituen hiri-ereduaren alde egiten dugu eta, horretarako, eredu aldaketa ekarriko duen trantsizio prozesu baten alde: ekonomiaren dibertsifikazioa, lan baldintzen hobetzea, etxebizitza eskubidea bermatzeko esku hartze publikoa, natur eta kultur ondarearen babeserako neurriak eta mugikortasun eredu jasangarria, besteak beste. Beraz, ez gaitezen engainatzen utzi, eta antolatu gaitezen egoera zorrotz aztertzeko, inposatzen zaigun ereduari aurre egiteko eta alternatiba bizigarria martxan jartzeko.