Zertan datza Kupoaren inguruan Gobernuak lortutako akordioa? Nola finantzatzen dira egunero erabiltzen ditugun zerbitzu publikoak? Zertara bideratzen dira urtero ordaintzen ditugun zergak? Galdera horien eta fiskalitatearekin lotutako beste hainbaten erantzuna izango dute DBH 4. mailako ikasleek datorren urtetik aurrera, Jaurlaritzak hiru aldundiekin batera maiatzaren amaieran aurkeztu zuen proiektuari esker.
Ekimena Hezkuntza eta Ogasun sailburuek aurkeztu zuten, Cristina Uriartek eta Pedro Azpiazuk, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasun ahaldunekin batera. Xehetasunez aparte, sustatzaile guztien parte-hartzea duen agerraldia berri ezin hobea da bere horretan, funtsezko elementu bat irudikatzen duelako: zerga-heziketa guztion ardura dela.
Gaia ez dagokio Hezkuntza sailari soilik, baizik eta hainbat eta hainbat eragileri: Jaurlaritzako Ogasun Sailetik hasi, aldundien Ogasun arduradunetatik jarraitu, eta Hezkuntza sistemako aktore guztien parte-hartzearekin amaitu.
Gure gazteen etorkizuna eta, ondorioz, gure gizartearena- hezkuntzaren araberakoa izango denez, Hezkuntza Sailari dagokio, nola ez, kalitatezko hezkuntza. Kalitatezko hezkuntza sistema batek eskatzen du gai guztiak ikastea, lantzea, ezagutzea, ikertzea eta aztertzea. Gai horietako bat da zerga-heziketa, funtsezkoa bai Gobernu honentzat, bai aldundientzat, eta baita gizartearentzat ere.
Azken urte eta hilabeteotan telebistan, irratian edo egunkarietan ikusitako albiste eta gai guztiak erabakigarriak izango dira gure etorkizunerako. Horietako batzuk dira Gobernuak Kupoaren inguruan lortutako akordioa, zerga-sistemaren berrikuspena, botere publikoek ekonomian duten eginkizuna, administrazioek pertsonen eta enpresen bizitza ekonomikoan duten eragina, batzuk bakarrik aipatzearren.
Dena den, nahiz eta ekimen zehatz hau berria izan, orokorrean, Eusko Jaurlaritzak 2013tik aurrera eramandako iruzurraren aurkako planaren barruan dago, bere hirugarren jarduketa-lerroan, prebentzio jarduketei buruzkoan, eta horiek garatzea du xede.
Helburua da herritar guztiak eta, batez ere, belaunaldi berriak sentsibilizatzea eta jakitea zein garrantzitsua den gure zerga ordaintzeko obligazioak betetzea, guztion artean zerbitzu eta politika publikoak ordaintzeko eta abiarazteko. Asmo handiko ekimena, baina baita eskuragarria ere.
Gobernu honek izan badauka sentsibilitate handia gai honen inguruan, eta horrela berretsi zuen Eusko Legebiltzarrean, pasa den ekainaren 22ko Osoko Bilkuran. Alderdi Popularrak ekimen horren aurka egin zuen, ekimena finantzatzeko prozeduraren aurka hain zuzen, eta, nola ez, bozketan bakarrik geratu zen. Burura zetozkidan Berri Txarrak taldearen azkenengo singlearen hasierako hitzak: «Zatoz hona, zatoz, zure zain nago elkarren ondoan aletzeko gure ardura standard guztiak»…
Hortxe dugu erronka nagusia, inoiz baino eskurago daukaguna: zerga-heziketa guztion ardura izatea. Guri dagokigu horren alde egitea. Guk eredu izan behar dugu gizartearentzat, hori delako gure ardura eta horretarako hautatu gaituztelako, hasi Legebiltzarretik eta maila guztietara. Elkarlanean. Lankidetzan. Guztion artean.
Zerga-heziketa, guztion ardura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu