Nafarroako Gobernuak egun hauetan aurkeztu digu aurtengo lehen sei hilabeteetan herritarrei ezarritako zergek zer eman duten. (Beharbada, sakoneko gai semantikoetan sartu gabe eta gizarte azterketa bat eginda, hobe genuke esatea zerga bilkeria egin dela, eta ez zerga bilketa).
Lehen begiratuan, gorakada bat gertatu da bilketan: %13 inguru; alegia, Nafarroako Administrazioaren diru kutxetan 154 milioi euro gehiago daude. Dirua sartzea onuragarria delako axioma neoliberala histu egiten du nola galderak.
Ez dira huskeria 154 milioi euro horiek, baina errealitatearen irudi desitxuratu bat eman dezakete, hazkundearen oinarria ez baita—nahi izatekoa litzatekeenez— zerga iruzurraren kontrako borroka edo kapitalaren eta lanaren arteko bilketa orekatua, baizik eta gizarte mailarik apalenekoei ekonomian ematen zaien tratu txarra: hala nola pentsiodun, langabe eta mila euro eskas irabazten dutenei. Sistema hori, gainera, zeharo hedatua dago bazter guztietan.
Gizartearen kontra jo ohi du zerga bilketak bere bilakabidean, eta ez da inondik ere zuzentzat eta aurrerakoitzat jotzeko modukoa. Batetik, handitu egiten dira zeharkako zergetatik eratorritako diru sarrerak; Nafarroako herritar guztiok egunero eta modu berean ordaindu ohi ditugu zeharkako zergak, norberaren diru sarrerei jaramonik egin gabe. Izugarri handitu da zeharkako zergetatik bildutako dirua, %23,89: 2010eko lehen sei hilabetean, 662.010.050 euro bildu zituzten; 2011ko lehen sei hilabetean, 820.143.148 euro.
Zuzeneko zergek, aldiz, diru sarreren mailarekin dute zerikusia, eta zergen banaketa berdinzaleagoa dakarte; horiek —esate baterako, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga— beherakada nabarmena izan dute: 2010eko lehen sei hilabetean, 490.212.683 euro bildu zituzten, eta 2011ko lehen sei hilabetean, 482.289.176; alegia, %1,62 apaldu da.
Andre eta gizon xumeontzat, jainko-jainkosen Olinpoa bizileku ez dugun izaki hilkorrontzat, hauxe esan nahi du: ekonomiarik hauskorrenak eta sektorerik ahulenak higatzen eta murrizten dituztela zeharkako zergek. Zerga horiek poltsikoak husten dizkigute egunero, aurrez ondo pentsatuta, batzuetan gauez baina beti maltzurkeriaz; behin eta berriro egokitzen zaizkigu erosketa saskian; gasolina hodi malguetatik isurtzen dira; eta gure kontra aritzen dira aisia guneetan. Hala, bada, arazoa ez da zenbat biltzen duten bakarrik; baizik eta, funtsean, zeinen poltsikotik biltzen duten.
Egonarriaren edalontziari gainez eragiten diona, berriz, sozietateen gaineko zergatik bildutakoa da. Gainez egin ordez —nahi izatekoa litzatekeenez—, luzaroko lehortea izan dute, eta ezin ulertuzko atzerakada: %47,1; lehen sei hilabeteko lagin tartean, adibidez, 40.170.358 euro bildu zituzten 2010ean, eta 21.249.226 euro bakarrik, 2011n.
Sozietateen gaineko zerga bilketan izandako hustea berdintzeko eta arintzeko, nafar guztion bizkar moldatu dira, lehen sei hilabete honetan %42,75 handitu baitigute BEZa. Zorionekoa administrazioa, gizendu egingo baititu diru kutxa publikoak; eta zoritxarrekoak gainerako guztiok, etsi-etsian eta kristautasunez onartu beharko baitugu.
Askotariko jendeak osatzen dugu Bildu; nork bere jatorri eta ideologia ikuspegia izanik ere, hainbat administraziotan ez bezalako iritzi eta ikusmoldeak darabiltzagu, zeharo bestelakoak, zerga sistema aurrerakoi bat erabiltzearen kontrakoak baitira haiek, zergak gizartean pixkanaka eta modu orekatuan ezartzearen kontrakoak. Gure zerga sistemaren bidez, gizarteko desberdintasunak leundunahi ditugu, eta ez betikotu. Gure ardatz nagusia ez da sozietateen gaineko zerga murriztea edo hari bere hartan eustea; ez da nahierara bultzatzea enpresari jakin batzuen zerga pizgarriak, sariak eta salbuespenak; ez da PFEZaren progresibotasuna gutxitzea ere; baizik eta ahalik eta gertukoena izatea ia herritar guztientzat, eta haien ekonomia eta gizarte egoera larrira ahalik eta gehien doitua.
Zerga orekatu eta zuzen batzuek lagunduko digute krisialdi sakon honetan berme eta duintasun osoz bizirik irauten; gogoan izan dezagun, bada, Mendebaldeko gizarteko egiturarik erosoenek eta elitistenek eragin dutela krisi hau.
(Erredakzioan itzulia)
Zerga bilketa, elkartasunik gabeko bilketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu