Urtero bezala, apirila iristerakoan, foru ogasunaren aurrean gure zerga aitorpena aurkezteko betebehar saihetsezina daukagu. Eta urtero bezala Eliza katolikoak, bere betiko ildoari jarraituz, berriro ere Elizaren laukitxoa markatzeko publizitatez josiko gaitu alde guztietatik, horrela gure zergen %0,7 jasoko bailuke; edo beste aukera bi laukitxoak markatzea dela esango du (Eliza katolikoarena eta gizarte helburuenekoa), zeren eta azken hautu honetan gure zergen %0,7 berbera jasoko luke, eta beste horrenbeste (hau da, beste %0,7) gizarte helburuetarako izango litzateke. Hori dela eta, Laikotasuna elkarteko kideok gai honi buruzko gure iritzia aurkeztu nahi dugu: gure aburua da zerga aitorpenean bi laukitxoetatik ez bata ez bestea ez markatzea, ez Elizarena ezta gizarte helburuena ere.
Eliza katolikoak egiten duen propagandan, gizarte laguntzan egiten duen lana sustatzen duzula dio. 2023. urtean Eliza katolikoak 382 milioi jaso zituen horretarako. Elizaren X-rekin jasotzen duen diruaren %80, eliza hierarkiak, apaizen eta gotzainen soldatak eta gizarte segurantza gehi antolakuntza kostuak ordaintzeko erabiltzen du. Eliza katolikoa propaganda engainagarriaz baliatzen da bere diru bilketa gizentzeko. Zergetatik ematen zaion diru saritik 5,3 miloi xahutzen ditu jendeari sinetsarazi nahian jasotako dirua Elizaren gizarte laguntzarako erabiliko dela. Zerga ordaintzaileek jakin behar dute Espainiako Gotzainen Biltzarrak 2023an aurkeztu zuen urteko kontuen txostenean ez dela aipatzen euro bakar bat ere horretan eralgia. Gainera, Eliza-Estatua akordioen arabera, diru kopuru hori ez du Gipuzkoako Elizak jasotzen, baizik eta, Ekonomia Itunaren sistema aplikatuz eta kupo bidez, oso-osorik Espainiako Estatuari transferitzen zaio, Espainiako Elizari emateko.
Euskal gizartearen gehiengoa ez da katolikoa, ezta fededuna ere. 1987an euskal biztanleriaren %81ek katolikotzat zeukan beren burua. Alabaina, azkeneko 37 urteetan kopuruak beheraka egin du erabat. 2024an argitaratutako azken estatistika datuen arabera, biztanleen %45,30ek aldarrikatu zuten katolikotzat beren burua, eta soilik %12,90 ziren praktikatzaileak. Apurka-apurka gertatutako sekularizazioak argi eta garbi adierazten du behingoz amaitu behar dela Eliza katolikoaren abantaila hau. Hain zuzen, jada 70eko hamarkadan, Eliza katolikoak hitza eman zuen ez zela guztion diruaz baliatuko, geroztik bete ez duen hitza. Gainera, PFEZaren bidez biltzen dituen 382 milioiak, era batera edo bestera Eliza katolikoak Estatutik urtero jasotzen dituen 11.600 milioiekin erkaturik —zenbait zerga ordaintzeaz salbuetsia baitago, eta bere enpresa lanetan irabaziak aitortu beharrik ez baitu—, ahuntzaren gauerdiko eztula baino ez dira, eta diru hau erabat kontroletik at dago, batere gardentasun barik. Ez aipatzearren 100.000 ondasunetik gora immatrikulatu izanak sortzen dituen gaizpideak… Erlijio konfesio partikular batek dituen abantaila hauek,ez dute bat egiten bere burua akonfesionala aldarrikatzen duen Estatu batekin.
Horregatik guztiagatik, Laikotasuna elkartetik irmo eskatzen dugu zerga aitorpenetik solidaritatearen aurkakoak diren bi laukitxoak kentzeko. Eta kentzen ez dituzten bitartean ez bata eta ez bestea ez markatzeko: ez Eliza katolikoarena eta ezta gizarte helburuena ere.
Gizarte helburuena laukitxotik jasotzen denaren %35-40 Eliza katolikoarekin lotura duten erakundeentzat izaten da. Hortik Eliza katolikoak bere publizitatean bi laukitxoak markatzea adierazteko duen interesa, horrela bietatik lortzen baitu diru publikoa. Egia da jende askok laguntza behar duela. Egia da boluntario asko ere badaudela besteen bizitza goxatzen laguntzen dutenak. Baina, gure iritzian, zerbitzu publiko lagungarriak era unibertsalean kudeatuko dira soilik botere publikoa arduratzen bada, horren beharretara egokitutako aurrekontuekin. Erakunde pribatuen edo norberaren borondate onaren menpe daudenen eskuetan uztea pribatizazioa eta kanpoko kontratuak sustatzea da, karitatearen azoka zabaltzen dutenak, gehienbat erlijioen eskuetan.
Besterik da erakunde partikularren edo GKEen izaera, gizarte helburuko hainbat eginkizunez arduratzen direnak, interes orokorrekoak izanik, bere baliabide eta emaileenak ez ezik administrazioaren kontrolpean laguntza publikoak ere jasotzea, ekonomikoak edo gaietan, gardentasun osoz kudeatuko direnak.
Gai honi buruz zera bakarra geratzen zaigu esateko: bere dirua Eliza katolikoari edo GKE jakin bati edo gizarte erakunderen bati eman nahi dionak, egin dezala nahi duen adina, baina bere patrikatik, dagokion zergak ordaindu ondoren, modu gehigarrian, aurrekontu publikoetatik guztiona den dirua kendu gabe. Alde horretatik, Iparraldeko biztanleen egoera berean egotea gustatuko litzaiguke, 1905etik Frantzian dagoen eredua Eliza eta Estatua bereiztea baita. Elizak ez du Estatuaren diru-laguntzarik jasotzen, eta fededunen dohaintzen mende dago soilik, zergen aitorpenean elizari buruzko aipamenik egin gabe.
Uste dugu aukera solidarioena inolako laukitxorik ez markatzea dela, zeren hori da biderik ziurrena zerga oro guztiona den kutxan geratzeko, gero denon intereseko diren benetako beharretan era errealistan banatzeko.
Amaitzeko, datu hau azpimarratu nahi dugu: 2023an Gipuzkoan aurkeztutako zerga aitorpenetatik soilik %17,48tan markatu zuten Eliza katolikoarena. Jarrai dezagun bide horretatik!