Azken 40 urteotan, Zerainen, herriaren iraupena ziurtatzeko eta etorkizuna eraikitzeko lan egin da. Herritarrok bat eginda eta auzolanean oinarrituta, egunero-egunero joan da herri proiektua aurrera egiten, unean uneko oztopoak, arazoak eta erronkak gaindituta. Aurrera eramandako herri proiektuari esker, eta hori egiteko aukeratutako ereduari esker (auzolanean oinarrituta eta alderdi politikoetatik kanpo) gaur zeraindarrok duela 40 urte baino baliabide, zerbitzu eta ongizate handiagoa dugu, eta Zerain orduan baino biziago dago.
Ibilbide honetan guztian egindako ahaleginak fruituak eman ditu eta harro gaude lortutakoarekin. Zerainen egiten dugun guztia auzolanean eta herritarren parte hartzean oinarritzen da, mendi bideak garbitzetik hasi eta herri aldizkaria egiteraino. Gizartea geroz eta indibidualagoa eta berekoiagoa den honetan, komunitate bizitzari eustea lortu dugu Zerainen. Horretarako, baina, beharrezkoak dira herritarren inplikazioa eta auzolana, horixe baita gure ustez herriak herri izaten jarraitzeko gakoa.
Alderdien borrokaz eta ideologia handiez gaindi, herri proiektu bateratua egin dugu. Auzo, baserri, familia, etxe eta pertsona bakoitzeko abiatu den proiektu bat izan da, behetik gora eraikia eta oinarrian herritarrak dituena. Horrexegatik egin du aurrera Zerainek, horrexegatik egin du aurrera gure herri proiektuak eta horrexegatik izan gara askorentzat eredu. Argi dugu, gainera, aurrerantzean ere, eta bereziki krisialdietan, herri txikiek iraun eta aurrera egingo badute Zeraingoaren moduko ereduak beharko direla, herritar guztien inplikazioarekin eta herritar guztiek bat eginda lortuko baita etorkizunean ere herrigintzarik eraginkorrena.
Herria berpizteko martxan jarritako proiektuek eta ereduak hasieratik izan dute oztoporik eta etsairik, baina zeraindarron aurrera egiteko nahiak, indarrak, ahaleginak eta batez ere egindako lanak traba guztiak gainditzea lortu dute. Oztopo ia guztiak kanpotik iritsitakoak izan dira eta herritarrek bat eginda oztopo horiek gainditu dituzte. Azken urteotan, ordea, Zeraingo herri proiektuaren eta ereduaren kontrako zuzeneko borroka martxan jarri dute Zerainen barruko zenbaitek. Orain arte egin den bidearen onurak eta lorpenak aitortu gabe, bide horretan lanean dihardutenen kontra zuzeneko erasoa hasi dute hainbatek. Gure ustez eraso horrek helburu argia du: Zerainen azken 40 urteotan landu den herri proiektua eta auzolanean oinarritutako eredua geratzea eta deuseztatzea.
Hori ikusita, erantzutea erabaki dugu. Ez gaude urte luzeetan eraiki duguna egun batetik bestera lurpean ikusteko prest. Horregatik, Zerainen azken 40 urteotan egin den bidea babestu nahi dugu, garatzen ari garen herri proiektuarekin bat gatoz eta urte hauetan guztietan modu batean edo bestean herriaren alde aritu direnen lana aitortzen dugu. Era berean, babesa eman nahi diegu momentu honetan herriaren alde ardurako lekuetan lanean ari diren herritarrei, herri proiektuaren eta ereduaren kontrako eraso zuzenenak haiek jasan baitituzte. Badakigu gauza asko hobetu daitezkeela. Aldaketei eta berrikuntzei ez diegu batere beldurrik. Are gehiago, horretan ere eredu izan gara hainbat alorretan eta aurrekariak ezarri ditugu. Adibidez, lehenak izan ginen Gipuzkoan, herriko ondareaz jabetuz eta auzolanean oinarrituz, hura berreskuratzeko lanean hasten. Lehenak izan ginen Zeraingo sozietateko (Liztormendi Elkartea) bazkidetzan emakumeak sartzen ere. Uste dugu, baina,aldaketak eta hobekuntzak egiteko dagoenetik abiatzea dela onena, eta ez, orain arte egin den guztia gaitzetsi eta suntsitzetik.
Gure ustez, iragan hurbilean egin den bezala, Zerainen oraina eta etorkizuna eraikitzeko biderik onena herritarron auzolana da, eta horretarako, orain arte egin dugun bezala, herrigintza ideologia eta alderdikeria politikoez gaindi egiten jarraitu behar dugu, guztiok norabide berean bat eginda. Argi utzi nahi dugu une honetan Zerainen dugun arazoa ez dela politikoa, baizik eta eredu eta proiektu kontua dela.
Amaitzeko, Zerainen alde, lehen bezala orain eta orain bezala gero, lan egiteko gure konpromisoa berretsi nahi dugu. Auzolanean, gu guztiok eta hala nahi duten gainontzeko herritarrok, elkarrekin Zerainen eta gure etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu. Zerain lehen, orain eta gero!
Zerainek eredu izaten jarrai dezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu