Zer-nolako hedabideak

Beatriz Zabalondo.
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Hizkuntza aintzakotzat hartzen duten soziologo eta historialari hainbatek diotenez, Europako herrietan hizkuntzak eratzen du identitatearen muina. Ez daukagu urruti joan beharrik geureaz jabetzeko. Orobat onartzen dute adituek hedabideek oso eginkizun garrantzitsua betetzen dutela komunitatearen hizkuntzaren osasunean, edo normalizazioan —euskarari buruz ari garenean eta, oro har, hizkuntza txikiez dihardugunean erabili ohi dugun terminoaz esatearren—. Nolakoak izan behar dute, baina, hizkuntza gutxituetako hedabideok?, zein baldintzatan biziko dira eta baliatuko dituzte erabiltzaileek? Hor dago koxka.

Helsinkiko Unibertsitateko Tom Moring irakasleak eman dizkigu argibide batzuk. Hark dioenez, hizkuntza gutxituetako hedabideen eskaintzak, gutxienez, parekoa izan behar du komunitate horretan hizkuntza handiek eskaintzen dutenaren aldean, bai hedapenean eta bai kalitatean. Horrela izan ezean, garbi dago: hiztunek hizkuntza handiko hedabideak kontsumitzera jotzen dute, hizkuntza nagusiko hedabideen jarioak bereganantz xurgatuko balitu bezala.

Hedabide mota batetik bestera aldeak daude, eta bakoitzak ditu bere ezaugarri propioak, eta bakoitzak betetzen ditu bere kultur funtzioak, eta denetarik dastatzeko eta denak kontsumitzeko aukera izan behar dute hizkuntza gutxituetako erabiltzaileek, Moringek dioskunez. Alabaina, sarritan, egoera guztiz kontrakoa da: hasteko, hizkuntza gutxituetakoek nekez izan dute sekula nahi besteko hedabide aukerarik euren hizkuntzan. Zer egin behar dute, orduan? Informazioa eskuratzeko duten eskubidea eurena ez den beste hizkuntza batean ase? Informatzeari utzi? Eta telebistan, nolako entretenimenduzko saioak dituzte programazioan, baldin badute?

Zoritxarrez, txikiari eskatzen zaio beti sakrifizioa egitea. Handiak berez, sortzez eta izatez irabazita baleuka bezala gizartean daukan lekua. Hedabide handiek ez dute sekula planteatzen beharrezko ez direnik. Txarrenera ere, garaiotan geratzen den bezala, errentagarritasun ekonomikoaren izenean murrizketak egingo dira, edo hedabidea ixtea ere etor liteke. Baina nork galdetzen du, demagun Frantzian, telebista kate bat ez dela egokia frantses hiztunentzat? Are gehiago: frantses hiztunentzat ez ezik, esango dute egokia eta ezinbestekoa dela baita Frantziara kanpotik iritsi eta frantsesik ez dakiten guzti-guztientzat ere. Eta zergatik? Bada, hargatik. Zer erantzungo liguke Alemanian bizi den aleman batek, bizi guztian Frankfurter Allgemeine egunkaria irakurri duen batek, esango bagenio alemana ez dela oso hizkuntza garrantzitsua eta hobe duela The Times irakurrita ase bere informazio gosea? Imajinatu ere ez dugu egiten holako egoerarik, nik uste. Galdetze hutsak disparate bat dirudi.

Eta orduan, zergatik planteatzen dira holako egoerak hizkuntza gutxitu baten eta auzoan duen hizkuntza handiaren (edo handien) artean? Esaterako, nola hartuko lukete katalanek esango bagenie katalanezko telebista publikoak itxi egin behar dituztela, krisi garaiotan nahikoa dela irratia piztearekin?, eta konforme ez badaude, hor dituztela espainolezko eta frantsesezko telebistak? Estatubatuarrek onartuko lukete egunkari eta aldizkari guzti-guztiek soilik Internet bidez argitaratzea? Adibide horiek guztiak apropos asmatuak dira, eta badakigu nekez gertatuko direla, oraindik pixka batean behintzat. Azken batean, esan nahi duguna da hedabide mota bakoitzak bere funtzioa betetzen duela hizkuntza komunitatean, eta lehen aipatu dugun Moring parafraseatuz, denak dira beharrezkoak.

Hedabideez aritu gara, baina hedabideetan eduki generoak lantzen dira. Eta horiei buruz ere antzeko egoera zentzugabeak plantea ditzakegu: proba dezagun galestar bati esaten telebistan fikzio ingeles eta galestarrak ikusi beharrean ea ordu horietan kirola ikusi nahi duen, programazioan lehendik dauden kiroletako orduez gain. Edo galde diezaiogun italiar bati futbola eta 1 Formulako saioak kendu eta ea meza eta programa erlijioso gehiago nahi dituen. Azken batean, askoz merkeagoak dira. Baina ziur teleikusle erlijiosoenek ere ondo ikusia dutela programazioa askotarikoa izatea, ezta?

Beraz, zerk ekartzen du portaera aberrante horiek izatea hizkuntza gutxituko hiztunekin? Gehienetan, elebidunak(-edo) izan ohi dira hizkuntza gutxidunak, eta—nahi gabe?— ia-ia beti hizkuntza handien beharretara egokitzeko eskatzen zaie, beren hizkuntza baztertuta. Horren adibide oso argia daukagu etxean: hamaika euskaldun (ustez elebidun) ikusten ditugu erdarazko telebistetan ahal den moduan gaztelaniaz edo frantsesez hitz egiten, eta euskaraz gauza bera esan ondoren gehienetan! Ez al da naturalagoa, errazagoa, ekonomikoagoa eta euskara prestigiatzeko abagune paregabea gaztelaniazko telebista publikoetan euskaraz entzutea?

Gutako bakoitzak ere badugu geure erantzukizuna, jakina. Auzoko erdaretara geuk jo behar dugu gure berri ematera eta gutaz hitz egiteko aukerak eskaintzera. Eta aukerarik txikienean edo handienean, geure ahotsarekin mintzatu: halaxe eman zuen bere neurria berripaper hau sortu zenetik zutabegile dabilen idazle batek Aieteko Konferentzian: «Zuen baimenarekin, nik euskaraz egingo dut». Mundu osoa zeukan aurrean, eta bere betikoa barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.