Ezagunak dira frantses posestrukturalisten izenak: Deleuze, Lacan, Foucault, Lyotard, Baudrillard, Derrida... Ezagunak dira haien esanak ere: egia botere kontua da; egintzarik ez dago, interpretazioak baizik; dena da eraikuntza soziala, testuz kanpo ez dago ezer, eta abar. Modernitatea bazterrera utzi eta bestelako pentsabidea landu zuten. Jadanik ez dira bizi.
Jean François Lyotard filosofoak jarri zuen modan «posmoderno» hitza. Bera izan da posmodernitatearen bide-irekitzaile eta gurasoetako bat inguru hauetan.1979an agertu zen haren Izaera posmodernoa (Minuit, Paris) eta 1986an Postmodernitateahaurrei azaldua (Galilée, Paris). Azken urteetan, halere, zuzendu egin zuen bere jarrera: Kantengana itzuli eta «modernitatea berridaztea» proposatu zuen.
Diskurtso posmodernoen/posestrukturalisten/sozialkonstruktibisten moda alde guztietara zabaldu zen. Ahal zen guztia «deseraiki» zen. Modernitatea markatu duten «kontakizun handiak» (liberalismoa, sozialismoa, kristautasuna...) astindu eta jipoitu ziren. Eta, denen gainetik, Ilustrazioa bera —europar «metakontakizun» nagusia— kritikatu eta suntsitu nahi izan zen.
G. Lipovetsky filosofo eta soziologo frantziarrak hitz gutxitan azaldu du garai berriaren espiritua: gizarte modernoa indibidualismoaren eta hustasunaren aroa da. Ondo zehaztu ditu, orobat, posmodernismoaren ezaugarriak: «Ardatz moderno handiak —iraultza, diziplina, laizismoa, abangoardiak— baztertuak izan dira pertsonalizazio hedonistaren eraginez [...]; baikortasun teknologiko eta zientifikoa galduta dago; inolako ideologia politikorik ez da jendeteria entusiasmatzeko gauza; gizarte posmodernoak ez du ez idolorik ez taburik, ezta bere buruaren irudi gloriosorik ere, ez inongo proiektu historiko mobilizatzailerik...».
Kontu hau dela eta, Richard Rorty filosofo estatubatuarra eztabaidan aritu zen Lyotardekin eta Habermasekin 1984eko artikulu batean. Rorty zeharo bat zetorren frantses posnietzschezale eta posheideggerzaleen iritzi filosofikoekin, baina inola ere ez haien jarrera politiko ezkor eta antidemokratikoekin.
Rortyrentzat sineste eta proposamen guztiak ez dira balio berekoak. Sineste batzuk «baliagarriago» dira beste batzuk baino. Demokrazia, adibidez, bere aurkakoa baino hobea da. «Ilusorioa» da, ordea, arrazoimena lur egonkor eta seguruan finkatu nahi izatea. Objektibitateari buruzko diskurtso oro (arrazoia, egia, gezurra) zokoratu beharra dago, egia baino garrantzitsuagoa baita solidaritatea.
Maurizio Ferraris italiar filosofo distiratsuenetakoa da une honetan. Posmoderno horietakoa izan zen bera ere (G. Vattino, italiar filosoforik posmodernoena izan zuen maisu). Baina Derridaren dekonstrukzioa eta erlatibismo hermeneutikoa bertan behera utzita, objektibismo errealistaren altzora itzuli da azkenaldi honetan. Horren erakusgarri da Errealismo berriaren manifestuaizeneko lan argitaratu berria (Biblioteca Nueva, Madril, 2013).
Liburuxka mamitsu horretan posmodernismoaren bi dogmak ukatu eta gezurtatzen ditu Ferrarisek: errealitate guztia sozialki eraikia eta erabat manipulagarria dela da bata, eta egia zein objektibitatea alferrikako nozioak direla, bestea. Ferraris, bada, konstruktibismoaren eta erlatibismoaren auka dago erabat. Giza emozioak edota portaera moduak ez dira inola ere konstrukzio sozialak.
Hiru dira Errealismo Berriaren ezaugarriak: Ontologia (munduak bere legeak ditu), Kritika (mundua aldatu egin daiteke) eta Ilustrazioa (menpetasunetik askatu eta aurrera egin daiteke). Gugandik —gure eskema kontzeptualetatik— independentea da errealitatea. Badago kanpoko mundu bat eta badira munduari buruzko egia objektiboak. (J. Baudrillardek esan ez zuen, bada, Golkoko Gerra telebistako fikzio bat besterik ez zela izan?).
Errealismoaren ideiak (hala nola haren kontrakoak) ondorio kognitiboak ez ezik, ondorio etiko eta politikoak ere baditu. Nahitaezkoak dira jakintza eta egia. Den-denak ez du balio. Justizia eta giza eskubideak bezalako minimo teoriko unibertsal batzuen beharra dugu. Deseraiketa arduragabekeria da berreraiketarik gabe (H. Putnam).
Modernoen eta posmodernoen arteko eztabaida amaitutzat eman daiteke dagoeneko. Krisiak atzera errealitate gordinera ekarri gaitu. Premia errealek, interpretaziotara murriztu ez daitezkeen bizitza eta heriotza errealek, euren eskubideak eskatzen dituzte. Horregatik, azkenaldiko Foucauld, Derrida eta Lyotard Ilustrazioa aintzat hartzearen aldekoak ziren.
Astinaldi posmodernoa premiazkoa izango zen beharbada, baina bada urte haietako diskurtsoak berrikusteko garaia. Kontua ez da jada arrazoiaren desarrazoi eta erruak etenik gabe azaleratzea—hainbat bider jakinarazi baitira— baizik eta autokritika horiek ere kritikoki hartzea. Mendebaldeak bere burua kritikatzen jakin du, bere erruak aitortu eta ondorioak atera ditu. Ez dago dagoeneko hiperkritiko izaten jarraitu beharrik. Modernitatearen berrirakurketa kritikoak ez du zertan haren muina ukatu behar. «Nous n´avons jamais été modernes». Ez gara beste garai berri batean sartu, alegia.
1997an, Alan Sokalek eta Jean Bricmont lankideak Impostures intellectuelesl liburua plazaratu zuten Parisen. Bertan, zenbait filosofo frantsesen (Deleuze, Derrida, Lacan, Kristeva, Latour, Baudrillard...) hitzontzikeria hutsala parodiatuz gain, haien arinkeria teorikoa kritikatu zuten. Zientziaren ordezko jakintza bat eraiki nahi izana da posmodernoen hutsegitea.
Oraintsuko historiak berretsi egin du Habermasen diagnostikoa: olatu kolpe anti-ilustratu bat izan da posmodernismoa.
Zer izan da posmodernitateaz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu