Zer irudikatzen du 'separatismo' hitzaren erabilerak?

2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Azken asteotan, separatismoa kontzeptuak indar handia hartu du berriro eztabaida politiko eta mediatikoan. Joan den irailaren 4an, Hirugarren Errepublikaren 150. urteurrena ospatzeko Panteoian egindako ekitaldian, Emmanuel Macron presidenteak zera adierazi zuen, «Errepublika zatiezinak» ezin zuela «abentura separatistarik» onartu. Zer dago termino horren lekuz kanpoko erabileraren atzean?

Barne Ministerioaren arabera, Frantzia «komunitarismoak jota gaixoturik dago». Frantzia gerra zibilaren atarian legoke. Diskurtsoa alarmista da. Hitz gogorrak dira. Ustez Frantzia gaixotzen duten gaitz horien sendagaia lege proiektu batean barnebildurik legoke: separatismoaren aurka borrokatzea xede duen lege proiektuan.

Hitzak ez dira inozoki hautatzen; errealitatea areagotu edo leundu egin dezakete, baina, batez ere, errealitatea desitxuratu egin dezakete. L'Homme révolté lanean, Albert Camus-ek gogorarazten digu «hizkuntza argia lortzeko borrokatu» behar dugula, «gezur unibertsala ez loditzearren».

Separatismo hitzaren erabilerari hainbat alderditatik egin dakioke kritika, gertaera historikoak desitxuratzen dituelako, gaur egungo mugimenduen arteko loturak iradokitzen dituelako eta nahaste-borrastea sortzen duelako.

Historikoki, nazio lurraldearen osotasuna eta batasuna urratzeko nahitzat interpretatu izan da legeetan. Batik bat, 60ko hamarkadan erabili zen hitz hori, Frantziaren kolonietan independentzia lortzeko izan ziren borrokaldiekin loturik. Horrela, bada, separatismoaren aurka borrokatzeko, Frantziak errepresioa baliatu zuen kolonietan eta, horren ondorioz, 1963. urtean Estatuko Segurtasun Auzitegia sortu zen; auzitegi berezi horretan independentistak epaitu zituzten, izan guyanar, izan guadalupar, izan korsikar edo izan euskaldun, 1981. urtean desegin zen arte.

Separatismo hitzak iruditeria frantsesa gogorarazten du, balio unitarioen eta estatu-nazio unitario baten ideian oinarrituta eratutako iruditeria. Gogora dezagun, bide batez, Frantzia bat eta zatiezina forzepsekin eraikitakoa dela, edo Charles de Gaulle-ren hitzei jarraikiz, «ezpata ukaldika». Iraganean erabilitako metodoak pentsaezinak izango lirateke gaur egun, erabat.

Errepublikaren nolabaiteko ideia bat aitzakiatzat hartuta, bestea estigmatizatu eta baztertu dute, jatorria, hizkuntza eta kultura ezaugarriak direla eta, frantses onaren arautik gehiegi aldentzen delakoan. Frantziako kultura eta hizkuntza aurrerabidearen sorburutzat jotzen dira, iraultza progresista, aurrerakoi batetik sortu ziren aldetik. Eta errealitate horrek aldi historiko legitimo eta ofizial bat irudikatzen du. Aldiz, kultura eta hizkuntza periferikoak —hala nola euskara, bretoiera edo okzitaniera— gizarte zahar eta estatikotzat hartzen dira, funtsean, kontserbadore eta erreakzionarioak. Horren ondorioz, bi espazio antagoniko eratu dira ideologiari dagokionez: lehenengoak aurrerabidearen gizarte modernoa eta zentralizatua irudikatzen du, eta, bigarrena, aldiz, mundu primitiboarekin identifikatzen da, ustez iraganean izozturik gelditu den eta modernitatean sartu ezin izan duen munduarekin.

Harrezkero, hizkuntzak, kulturak edo herriak aintzat hartzeko aipamen oro aurrerabidearen aurkako erresistentziaren parekotzat jo da. Frantzian, Estatu-nazioaren eskala soilik da askatasunaren, berdintasunaren eta justizia sozialaren ideal unibertsala irudikatzeko gai. Nazioaren batasuna eta zatiezintasuna, beraz, emantzipazioaren premisa bakarrak bihurtu dira.

Gizakiak pentsamolde eta jokamolde bakarrera mugatzeko nahi hori Hirugarren Errepublikan sendotu zen, zibilizazio frantsesaren nagusitasunaren izenean. Gizakiak eredu ideal batera egokitzeko ideia, eredu hori ona izan arren, sufrimenduaren eta jazarpenaren bitartez baino ezin izan da gauzatu: uniformizazio politika Frantzia barruan, eta kolonizazio politika Frantziako lurraldearen mugetatik kanpo.

Errepublika Frantsesa ez da inoiz izan proiektu inklusibo eta unibertsal baten adierazlea. Zentralismo abstraktua izan da, beti, estatu errepublikanoaren bereizgarri, zentralismo bihozgabea eta zapaltzailea, aldi berean. Estatu errepublikanoaren historian argi ikus daiteke hautabide sekuritario eta autoritarioaren tentazioak iraun egin duela. Sarraski ugari egin dira ordena errepublikanoaren izenean: Pariseko Komuna garaia, langileen grebaldietako triskantzak edo 1945eko maiatzaren 8an Aljerian hasitako Setif, Guelma eta Kherrata-ko sarraskiak.

Frantzia gaixo baldin badago, alteritatearekiko edo ezberdina denarekiko duen harreman konplexu eta gatazkatsua da horren arrazoia. Harreman gatazkatsu hori baretu zen, bere garaian, Estatu errepublikanoak proposatutako sasi kontratu sozialarekin; izan ere, kontratu horren bitartez, frantziar hiritarrek beren egoera sozial eta ekonomikoak hobera egingo zuelako itxaropena izan zezaketen. Alabaina, Estatu errepublikanoak aspalditik huts egin du kohesio sozial eta ekonomikoa lortzeko bere eginkizunean. Zerbitzu publikoak uzkurtzen ari dira, mindutako hatz lodi baten antzera. Estatuak bizkarra eman dio herritarren babes sozialari. Orain, arau ekonomiko suntsitzaileak zorrotz aplikatzeaz baino ez da arduratzen, bertako herritarren borondatea gorabehera eta borondate horren aurka.

Separatismoa, Errepublika eta Laikotasuna hitzen erabilera akusatzaile eta baztertzaileak lerratze nazionalista sakona irudikatzen du. Horrela, Frantziako nazioaren batasun santuaren izenean, Estatu errepublikanoak gizartearen amorru legitimo guztia desbideratzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.