Orain dela gutxi, Suediako DN komunikabideak egindako ikerketa baten emaitzak argitaratu ditu. Haur eta nerabeek sare sozialetan zer ikusten duten jakin nahi zuten. Ikerketa horren arabera, haur eta nerabe gehienek beren interesekin lotutako bideo barregarri eta hunkigarriak ikusten dituzte eta gehiengoak desegokiak diren bideo asko ere ikusten ditu.
Ikerketa egiteko, zenbait sare sozialetan, hala nola Tiktoken, Instagramen eta Youtuben, adingabe faltsuen hemezortzi kontu sortu zituzten sare sozialen algoritmoak nola funtzionatzen duen ikusteko. Hogei minutuan, algoritmoek badakite nolako edukiak gustatzen zaizkien erabiltzaile berriei eta, momentu horretatik aurrera, edukiaren %75 eduki horri buruzkoa da. Eduki zurrunbilo horretatik ateratzea oso zaila da.
Ikerketan erabiltzaileek sare sozialarekin zuten elkarreragin bakarra bideoak ikustea izan zen. Ez zuten edukirik partekatu, ez zuten interesik agerrarazi, ez zuten bideorik bilatu eta ez zioten gustatzen zait botoiari inoiz eman.
Haur faltsu horietako bati modan zeuden bideo batzuk eskaini zizkion Youtubek: dantzak, sukaldaritza, kirolak eta animaliak. Erabiltzaileak ez zuen kasurik egin eta ez zituen bideoak ikusi. Zazpi minutu igaro eta gero militarrez jantzitako indar berezien bideo bat agertu zen, gorputzez gorputz borrokan zebiltzan. Haur faltsuak bideoa ikusi zuen. Itxuraz ez zen arriskutsua, inork ez zuen minik hartu eta ez zegoen zauriturik, baina bideoa ikusterakoan, Youtubek pentsatu zuen armek eta gerrak erabiltzailea erakartzen zutela. Bost minutu geroago, gezurrezko haurrari AK47 bat nola kargatu erakutsi zioten. Horren ondoren, bideoen fluxuan armak, munizioen bideoak eta tiroketak izan ziren nagusi, batez ere Ukrainako frontetik. Erabiltzaileak errusiar propaganda militarrarekin topo egin zuen behin eta berriz.
Beste simulazio batean, fikziozko haurra bideo bat ikusten gelditu zen hutsik zegoen tren-nasa batetik. Ilun zegoen eta bideoaren musika tristea zen. Irudiak «niretzat beti izango zara lehenengoa» testua erakusten zuen. Hamar minutu geroago, eskaintzen zitzaion edukiaren %95 haur tristeak eta negarrez zeuden haurrak ziren.
Fikziozko erabiltzaile horiek sortzeaz gain, ikertzaileek 9 eta 16 urte bitarteko 71 haur eta neraberekin hitz egin zuten, zer ikusi ohi zuten jakiteko. Denetatik esan zieten: makillaje-aholkuak, animalia politak, jolasak eta kirolak, indarkeria hilgarria, lepoa moztutako gizonak, gorputz mutilatuak, trafiko-istripuak, jipoitutako eta itotako txakur eta katuak, beren buruaz beste egiten duten pertsonak eta beren burua mintzeaz hitz egiten duten pertsonak.
16 urteko Yadhira Maranon Hurtadok dio sare sozialetan hainbat pertsona bere buruaz beste egiten ikusi dituela. Lehenengoa duela lau urte izan zen. Bere hitzetan, ez zegoen hori ikusteko prest eta irudiak «itsatsita» geratu zitzaizkion. Lau urteren ostean, buruan tiro bat eman zion gizonaren bideoaren xehetasunak gogoratzen dituela esaten du. Ikusi zuen bideoak mundu osoan arreta jaso zuen. Irudiak, lehenengo Facebooken zabaldu zirenak, gehiago zabaldu ziren Tiktok bidez, itxuraz kaltegarriak ez ziren bideoen atzean ezkutatuta.
Udaberri hasieran, lagun batek soldadu estatubatuar baten bideoa bidali zion. Bideoan bere buruari su ematen zion Israelek Washingtonen duen enbaxadaren aurrean. Twitch bideo-plataformak zuzenean transmititu zuen eta soldadua ospitalean hil zen. Gazako gerraz geroztik, gorputz urratuen zentsurarik gabeko irudiak iritsi zaizkio. Bideo batean haur bat buru bat eskuan zuela zebilen.
Berak eta elkarrizketatutako beste haur batzuek, Tiktokek gauean depresioaren eta gaixotasun mentalen irudikapen gehiago erakusten dituela uste dute: «Askotan gehiago gertatzen da ohean etzanda zaudenean eta lotan egon behar zenukeenean, baina horren ordez bideoak ikusten ari zarenean. Askok gaizki sentitzen direla erakusten duten bideoak argitaratzen dituzte, jateari nola utzi zioten edo beren burua nola mindu zuten esaten dute. Normalizatuta dago».
Orain 13 urte dituen umeetako batek, Harry Karlssonek, esaten du hamar eta hogei bideo bitartean ikusi dituela non benetan pertsonak tirokatu edo hil dituztela ziur dagoen. Bahiketa baten bideo bat ikusten hasi zela kontatzen du, zirraragarria zela uste zuen eta ikusten jarraitu zuen bideoak bortxaketa batekin amaitu zuen arte. Sare sozialetan horrelako edukiak salatzen dituen arren, gutxienez hilean behin agertzen zaizkiola esan du.
Era berean, irudi horiek denbora luzean berarekin jarraitzen dutela dio, ikusten dituenean «shock» egoeran geratzen da eta ez daki zer egin, baina gertatzen denari begira jarraitu nahi du. Tiktok erabiltzeari utzi dio, orain bideoak Youtuben ikusten ditu eta jakin badaki zer eduki mota aurki dezakeen, baina «bideo dibertigarriak ikusteko besteak agertzeko arriskua hartu behar da».
2021ean, Tiktok enpresaren jabeek algoritmoak aldatuko zituztela iragarri zuten, eduki bereko bideoen «zurrunbiloak» saihesteko. Promesa ez dator bat DNren analisiaren emaitzarekin.
Ikerketak agerian utzi zuen haur eta nerabe gehienek ez dutela etxean esaten sare sozialetan zer ikusten duten.
Urteak daramatzagu sare sozialek haur eta nerabeentzat dituzten arriskuaz ohartarazten, baina datuek adierazten dute urtetik urtera gero eta adingabe gehiagok, gero eta gazteagoak direnean, eta gainera kontrolik gabe erabiltzen dituztela.
Suedian egindako ikerketaren antzeko bat hemen egingo balitz eta emaitza berak edo txarragoak emango balitu ere, beldur naiz horrek ez lukeela ezer aldatuko. Gurasoek, besteen seme-alabek bakarrik gauza horiek ikusten dituztela pentsatzen jarraituko lukete, bereak ez. Gurasoek beren seme-alabak arriskuan daudela onartu gabe jarraituko lukete, orain arte bezala beste alde batera begiratzen.