Enrike Gisasola.

Zer gertatzen ari da Gipuzkoako EHNEn?

2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Horra aspaldian nekazaritza munduan dabilen galdera eta oraingoz erantzun bateraturik ez duena, gehienon gaitasun falta eta gutxi batzuen interesik ezagatik. Horrela, sektoreak oro har nozitzen duen eta sindikalismoa bera kutsatu duen etsipen giroari eztabaida eraikitzailea sustatu nahiko nuke, inoiz baino beharrezkoago dugun nekazaritza sindikalismoa biziberritzeko.

Gipuzkoako EHNE 1976an sortu zuten nekazariek, helburu zehatz batekin: «Gipuzkoako nekazarien eskubideak, interesak eta nahiak aurrera ateratzea». Zalantzarik ez dago, oparoa izan da EHNEren ibilbidea. Nekazarion klase kontzientzia piztu, elkarte eta kooperatibak sortzen lagundu, jendartean erreferentzialtasuna lortu, baserria alderdi politiko jakinen atzaparretatik askatzen saiatu eta Euskal Herri zein mundu mailako nekazarion arteko elkartasun loturak egitea izan dira, besteak beste, gure erakundearen lorpenak.

Zoritxarrez, gauzak aldatu dira. Sektorearen gainbeherarekin batera, arazoak pilatzen joan dira. Errekonbertsio basatiari aurre egin ezinik, ikuspegi kolektiboaren gainetik norbanakoikeria nagusitu da. Istorio honen azkeneko atala da Gipuzkoako EHNEk pairatzen duen blokeo egoera. Hainbat gairen inguruan desadostasunak sortu ondoren, zuzendaritza bitan zatitu da. 11 kideko zuzendaritzatik 7ren dimisioaren ondoren, egun lau kargudunek bakarrik gobernatzen dute sindikatua Gipuzkoan. Egoera bideratzeko Gipuzkoako EHNEko Batzarrak ezohiko kongresua egitea agindu bazuen ere, ez da bete. Egungo arduradunen iritziz ezin da kongresurik egin, gutxieneko adostasunak lortu arte.

Laburbilduz, hona bi proposamen nagusiak. Ildo «ofizialaren» iritziz, arazoak kideen arteko errespetu faltaren ondorio dira. Alegia, baserritar handiak baztertzeko, sektoretik kanpoko (?) elementuek kideen arteko talka artifizialak sortzeko gogoa dute, eztabaida antzuak aitzakia. Horrez gain, pertsona batzuen kudeaketa txarra eta egindako akatsek ekarri gaituzte egoera honetara. Ondorioz, ez dago sakoneko arazorik, eta, hortaz, ez dute sakoneko aldaketarik beharrezko ikusten. Horrez gain, ekoizpen eredu guztiak zilegi direla uste dute. Beraz, nekazaritza produktibista eta beste eredu iraunkorragoen arteko elkarbizitza, ekologikoa kasu, posible dela diote. Sindikatuak ez du diskriminaziorik egin behar, eta denak defenditu behar ditu maila berean. Barne Antolaketari dagokionez, Gipuzkoako EHNEren iraunkortasuna ez dute zalantzan jartzen. Sindikatuak nekazaritzaren ardatza izan behar du, eta berritasun nagusia: ibarretako EHNEko antolaketa tradizionala desegin eta sektoreak ordezkari banarekin izatea zuzendaritza osatuko dutenak.

Zuzendaritzatik kanpo gelditu garenok, berriz, arazoak sakonak eta egiturazkoak direla diogu, estrukturalak, eta ez soilik pertsonalak. Sektoreak pairatutako errekonbertsio basatiak jo du barne kohesioa, baina geuk ere akatsak egin ditugu. Nabarmenena diskurtso sindikal argirik ez izatea. «Denok gara baserritarrak» esatearekin ez da nahikoa. Diskurtso orokorregia da. Arazo zehatzen aurrean erantzun zehatzak emateko garaian adostasunak huts egin du. Zerk mantendu du, ordea, itxurazko batasuna aurreko lurrikaretan? Zerk bultzatu ditu unean uneko konpromisozko irtenbide txikietara? Politikaren polarizazioak. Beraz, diskurtso argien garaia da. Nekazaritza politikan lehentasunak jarri eta erabakiak hartu beharra dago. Denei berdin laguntzen dionak praktikan indartsuari egiten dio mesede, ahularen kaltetan. Nekazari autonomo ugari eta baliabide naturalak zein ekoizpenezkoak banatzea baimentzen dituzten ereduak hobetsi behar dira, bide produktibistan sartu dena/dutena eta aldatzea nahi duenari lagunduz. Nekazaririk behar ez dituen ekoizpen ereduak ezin ditu nekazari sindikatu batek defendatu. Eta horiekin batera gehien sufritzen ari direnak lehenetsi. Hitz batean, ezkerreko nekazaritza politikak aldarrikatu eta martxan jartzeko unea da.

Antolaketari dagokionez, herrialdeko eredu sindikala agortuta dagoela deritzogu. Oinarri nahikorik gabe, herrialdeko sindikatua zimendurik gabeko egitura zaharkitua da. Gaur, inoiz baino gehiago behar du euskal laborantzak tresna dinamizatzaile eta aldarrikatzaile eraginkorra. Beste nekazaritza ereduak posible direla frogatzeko eta eskaintza berriak egiteko, (elikadura subiranista, agroekologia, kontsumo taldeak...) garapen ereduaren inguruko eztabaidan lurrarekin lan egiten dugunok ardura berezia dugu. Euskal jendartea hala eskatzen ari da.

Barne antolaketari dagokionez, gure proposamena hau da: nekazari guztiak berdintzen gaituzten ibarretako antolaketa horizontalak indartu tokian tokiko garapen ereduaren bidean. Eta gainontzeko herrialdetako laborarion sindikatuekin hausnarketa bat hastea, elkarlanerako metodologia baten inguruan. Hain zatituta dagoen laborantza sektorean joera eta jarrera berriak sortu behar ditugu, oreka berri baten bila. Benetako Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunaren edota dena delako berri baten bila. Probintzia eta azpisektoreetako barreiatze eta sakabanatze fase batetik euskal nekazarien kolektiboa trinkotze fase batera igaro behar du.

Horra, beraz, izenburuko galderari ematen diodan erantzuna eta beste proposamenekin kontrastatu nahiko nukeena. Nekazari, dei egiten dizut parte hartzera eztabaidan, gardentasun, argitasun eta lasaitasun osoz. Ez da gutxi jokoan duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.