Euskal Herrian 30 urte igaro eta gero, pasa ditut azken 4 hilabete Ingalaterran, jaio nintzen herrian, alegia. 4 hilabete eta gero, Erresuma Batuaren egoera ikusita eta Euskal Herrira itzulita, neure buruari galdetzen diot zer geratzen zaidan ingeles izanetik.
Esango didazue tontakeria bat dela, edo pribilegio bat horrela txantxa egin ahal izatea. Zenbat falta zaidan ingeles izanetik... edo euskalduna izatera... galdetzea ere! Pasaporte britaniarra eskuan, hiru hamarkada europar bezala bizitzen eta inkluso Brexit-aren aurrean nire nazionalitatea aukeratu ahal izan dut (neurri batean... euskal nazionalitatea eskuratzerik ez baitago). Egun, Europa zeharkatzen jarraitzeko baimena dut Erresuma Batura joan eta etorri egiteko, nahiz eta urtarrilean etxera itzultzean, aireportuan, europarrentzako ilaran jarri eta gero, konturatu nintzen pasaporte britaniarra dugunok dagoeneko europarrak ez garela.
Nire galderari erantzuteko orduan, britaniarra bainaiz, baina europarra ez. Egia esateko, ez da garai onena britaniarra naizela ozenki esateko, askoz gutxiago harro sentitzeko. Boris Johnson-en partygate madarikatuak inoren lotsa sortzen dit, Maggie Thatcher-en izena konpartitzeak lehen sortzen zidan bezalaxe. Une batean hasi nintzen Simpson familiaren txikienaren izena aipatzen, besteok nirea erraz ulertzeko. Hala eta guztiz ere, nire izena askok Maddi ahoskatzen dute eta polita iruditzen zait, britaniar-amerikarren asoziaziorik gabe.
Hogeita batgarren mendean, ingeles izatearen lotsa sentitzeko arrazoi mordoa ditugu. Azken hilabeteetan Erresuma Batuko goi-mailako erakundeak ustelduta daudelako ebidentziak izan ditugu, Downing Street-en hasi eta Buckingham Palace-raino. Andrew printzearen sexu abusuen istorioek «auzo» lotsa ez, lotsa besterik ez didate ematen, familia errealekoak nire auzokoak ez ditut inoiz kontsideratu eta. Ez dut hitzik arduragabeko lider horientzat. Alice in Wonderland-en Bihotzen erreginak zioen bezala, «Off with their heads!» esaten nion amari, Windsor familiaren astakeriak ateratzen ziren bakoitzean. Azken hilabeteetan, Alizia herri harrigarrian sentitu naiz Ingalaterran, gauza gero eta bitxiagoak agertu ahala, ni gero eta izutuago izan.
Mad Hatter-en tea party-a dela edo Downing Streeten festak direla, argi dago Johnsonek Aliziak bezala edan duela handia izateko edabea eta ez du inon topatzen txikitzeko erremediorik. Nahiz eta liderrek ez sinetsi, Britania Handia ez da batere handia gaur egun, handinahia besterik ez. Hemengo lagun baten hipotesiaren arabera, beste estatu europarretan gertatu zen bezala, gure herriak ez zuen iraultzarik izan eta horregatik, buruzagiek zigorgabetasunez nahi dutena egiten dute. Inperio britaniarra aspaldi erori zen arren, Boris eta bere lagunek jarraitzen dute «Rule Britiania» kantatzen eta hondakinen gainean dantzatzen. Erromatar Inperioaren erorialdia filmean hiria erretzen den bitartean Neron-en paperean Peter Ustinovek biolina jotzen zuen bezalaxe Johnsonek inguruko suntsipenari ez ikusiarena egiten dio.
Beste pelikula batek bide ematen digu gizarte britaniarrean gertatzen ari dena irudikatzeko. Denys Arcan-en La caída del imperio americano (2018) alegia. Film honetan, Arcanek ekonomia neoliberalaren eta sortutako prekaritateak balio humanoak arriskuan jartzearen ideiak esploratzen ditu. Horrelako zerbait gertatzen ari dela Britania Handian argi dago. Partygate baino lehen alderdi kontserbadorea ustelkeriaz josita zegoelako ebidentzia ugari mahai-gaineratu ziren. Gobernuaz eta monarkiaz gain, konfiantza eman behar ziguten erakundeak ere ustelduta daude, besteak beste Londresko polizia metropolitanoa.
Udazkenean Ingalaterrara iritsi nintzenean bi eskandaluk herria astindu zuten. Lehenengoa Wayne Couzens poliziaren epaiketa, atxiloketa faltsua egin eta gero Sarah Everard gaztea bahitu, bortxatu eta hiltzeagatik. Bigarrena, beste bi poliziak hildako bi ahizparen gorpua zaindu beharrean, argazkiak atera eta polizia lagun talde bati bidali zizkieten. Erresuma Batuko emakumeek babestu behar zutenengan konfiantza erabat galdu zutela iragarri zuten. Beldurgarria bihurtu da garai batean «bobby» deitzen genion agente atsegin hura.
Emakumeen kontrako indarkeria polizian, baita National Health Service-n ere. Azaroan, David Fuller ospitaleko gorputegian langile bat nekrofilia praktikatzeagatik epaitu zuten, 100 emakume eta neska baino gehiagoren gorpuak bortxatzeagatik, 30 urtez. Kasu hau, polizien krimenak bezala, muturrekoa da, jakina, baina azaleratzen den zorneak zaurien sakonera erakusten du. Garai batean Britania Handiak zeukan gauza onetako bat osasun zerbitzu nazionala zen, hizkuntza sistema bezalaxe. Gaur egun, gobernu liberalen menpean, enpresa ereduari derrigorrez jarraitu behar diote, osasuna zein hezkuntza saltzeko behartuak.
Hala eta guztiz ere, mugimendu dekoloniala zabaltzen ari da Britania Handiaren handinahiaren aurka. Bisitan egon nintzen hirian, Bristolen hain zuzen, joan den udan Edward Colston esklabistaren estatua ibaira bota eta gero, udazkenean jarraitu genion hori egiteagatik 4 lagunen epaiketa, eta Banksey-k beraien alde salgai jarri zituen kamisetek ilara luzeak sortu zituen. Elastiko horietan estatuaren idulkia baino ez zuen marraztu grafiteroak, arrazakeria estrukturalaren oinarria irudikatzeko, inperialismoa oraindik errotik atera behar da eta.
Kiroletan ere, beste erakunde britaniar-kolonial batean, Yorkshire County Cricket Club-ean alegia, Azeem Rafiq jokalariak bertan jasandako tratu txarrak eta abusu arrazistak urte luzez pairatu zituela publikoki aitortu zuen. Hori zela eta, klubeko lehendakariak zein exekutibo nagusiak zein entrenatzaile talde osoak kargua utzi zuten. Batzuek ustelkeriaz edo arrazakeriaz dimititu dute, baina Elizabeth erreginak tronuan 70 urte ditu eta lehen ministroak «sorry» esan baina bere baitan jarraitzen du.
Panorama honen aurrean, eta nire galderara bueltatuz, zer geratzen zait ingelesa izanetik? Patxada ingelesa, masail gorriak eta tearen zaletasuna, besterik ez.
Zer geratzen zait ingeles izanetik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu