Xabier Makazaga.

Zer (ez) dakigu GALi buruz?

2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
CIAren txosten horiek agertu aurretik ere, edonork zekien nor izan zen GALen arduradun gorena, X jauna. Gehiengo oso handi batek ez daki, ordea, espainiar zein frantziar justiziek ez dutela gerra zikineko kasu bakar bat ere guztiz argitu. Bakar bat ere ez.

Horra, adibidez, Lasa-Zabala kasua. Argitua al dago? Baietz erantzungo dute agintariek, epaileek, kazetari gehien-gehienek... Egia da Intxaurrondoko buru zen Galindo eta beste hiru guardia zibil kondenatu zituztela, bai, baina bi errefuxiatu politikoak 1983ko urriaren 16an Baionan bahitu, Donostian torturatu, Alikanten erail eta kare bizian lurperatu zituztenak ezin zitezkeen haiek bakarrik izan.

Oso nabarmena da Intxaurrondoko guardia zibil gehiagok hartu zutela parte, eta, horrenbestez, ETAk egindako atentatuak argitutzat jotzeko aplikatzen duten irizpide berbera aplikatuz, kasu hori argitu gabe dago. Gainera, arduradun gorena, X jauna, judizialki identifikatu gabe dago, eta inoiz ez dira argitu bahiketa haren arrazoia eta testuingurua.

Biak desagertu eta pare bat egunera eskandalu galanta eragin zuen beste bahiketa saio bat izan zen, Hendaian. Lau espainiar polizia ETA pm-ko arduradun bat, Joxe Mari Larretxea, bahitzen ari zirela harrapatu zituen frantziar poliziak. Ez zen izan, ordea, egun haietan huts egindako bahiketa saio bakarra, lau egun lehenago beste lau espainiar polizia atxilotu baitzituzten Iparraldean, armaturik.

Hara zer zehaztu zuen El País egunkariak atxiloketen berri ematean: «Bilboko lau polizia izan dira atxilotuak, eta diplomatikoki konpondu da arazoa». Izan ere, azkar asko askatu baitzituzten, legez kanpo armatuak zeuden arren.

Filtrazio bati esker, jakin ahal izan zen ETA pm-ko beste errefuxiatu bat, Kandido Ostolaza, bahitu nahian zebiltzala, baina frantziar agintariek isilarazi egin zuten iturria. Maiz egin izan dute beste horrenbeste, espainiarren hanka sartzeak behin eta berriro estaliz eta argi utziz errefuxiatuen kontrako estatu terrorismoan izandako erantzukizuna. Oso handia.

Ostolazaren bahiketa saioa Lasa eta Zabala desagertu baino pare bat egun lehenago gertatu zenez, eta Larretxearena pare bat egun geroago, hara zein izan zen errefuxiatu giroan egindako hipotesia, Punto Y Hora astekariak jaso bezala: «Lasa eta Zabala milien girokoak izanik, eta Ostolaza zein Larretxea polimiak, litekeena da egileek ZEN Plana jarraitu izana, ETAko bi adarren arteko enfrentamendua lortu asmoz, elkarri egindako erasoak izan zirela iradokiz».

Orduko espainiar zerbitzu sekretuak ere, CESIDek, hala jokatzea gomendatzen zuen barne txosten batean, zehaztuz zeintzuk ziren ekintza egokienak: bahiketa bidezko desagertzeak. Eta gauza jakina da milien buruzagiak zituztela helburu nagusi, baina polimiliek Martin Barrios kapitaina bahitu izanak zeharo baldintzatu zituen haien planak. Izan ere, Vicente Almenarak Los servicios de inteligencia en España bere libururako elkarrizketatu zuen koronel batek dio Martin Barrios CESIDekoa zela, eta, hala bazen, oso litekeena da kapitainak informazio baliotsua izatea Iparraldean prestatzen ari zirenari buruz.

Kapitainaren bahitzaileek lehen komunikatuan esan zuten «zorrotz galdekatzen» ari zirela bere «benetako zereginaz», «isilpeko lan berezi batean» zebilela susmarazi zieten kapitainaren «mugimendu arraroak» antzeman zituztelako, eta testuinguru horretan kokatu behar direlakoan nago orduan gertaturikoak.

Estatuaren argi gorri guztiak piztu baziren, oso ondo ulertzen da Amedo GALosoa buru zuten Bilboko poliziek polimili garrantzitsuren bat lehenbailehen bahitzeko agindua jaso izana, kosta ahala kosta. Galindo buru zuten Intxaurrondoko guardia zibilek jasotako agindua, berriz, milien inguruko edozein bahitzea izango zen, eta horixe egin zuten.

Dena den, gauza asko daude argitzeke 1983ko urriaren lau egun haietan gertatu zirenei buruz. Adibidez, Ostolaza bahitu asmotan zebiltzan lau espainiar polizien atxiloketarena. Nork agindu zuen gertatuari buruzko xehetasunak eta polizien nortasuna ezkutatzea? Atxiloturiko poliziak ez ote ziren, hain zuzen ere, hilabete eta erdi geroago Segundo Marey bahitu zuten berberak? Haiek ere Bilbokoak baitziren eta Amedoren aginduetara baitzeuden.

Marey kasua ere zeharo argitutzat du jendeak eta ez du batere zalantzan jartzen epaileek esandakoa, Mikel Lujua errefuxiatua zela bahitzaileen helburua. Gezur galanta, espainiar agintari eta polizien hanka sartzea beste bat izan baitzen, Marey ETAren diruzaina zela pentsatzea. Gogotik torturatu eta galdekatu ondoren baizik ez ziren ohartu gizon hark ezin zezakeela batere zerikusirik izan ETArekin.

Halaxe salatu zuen elkarrizketa batean: «Tortura sistematikoa jasan nuen. Profesionalak ziren [...] Nire posturaz eta minaz barre egiten zuten. Haluzinazioak nituen, geroztik errepikatu diren amesgaizto ikaragarriak». Hala ere, Auzitegi Nazionalak emandako ebazpenean, epaileek ez zituzten Mareyk jasandako torturak batere aipatu, eta, gainera, esan zuten bahitzaileek ez ziotela galdeketarik egin. Baita zera ere! Hortik atera kontuak zenbateraino argitu dituen espainiar justiziak halako kasuak.

Gerra zikineko kasuen %100 guztiz argitu gabe daude, bai, eta horregatik da hain beharrezko estatu terrorismoa sakon ikertzea. Horretan saiatu izan naiz eta saiatuko naiz aurrerantzean ere. Estatu biktimek egia merezi baitute. Egia osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.