Paul Rios.

Zer den salatzekoa eta zer mamia ETAren armagabetzeari dagokionez

2016ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Onartu beharra daukat, zintzo-zintzo, ezustea hartu dudala eta ez nekiela ETAk eta Iparraldeko eta Frantziako gizarte zibilaren ordezkari batzuek hitzartua zutela armak deuseztatzeko prozedura bat. Azken aste eta hilabeteetan, elkarlanean aritu naiz zenbait egitasmotan, denak ere armagabetze ordenatu bat prestatzeko akordioari bidea zelaitzekoak. Ez nik eta ez nire solaskideek ez genuen hasi berri den bide horren aditzea.

Oraintsuko gertakariak aztertzeko orduan, komeni da bereiztea zer den salatzeko modukoa eta zer den mamia armagabetze prozesuari dagokionez. Aurrena, salatzekoa da Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera. Jarrera hori ez da berria, azken urteotako estrategia berbera baita: ez daude prest batere laguntzarik emateko konponbide konpartitu eta adostuan, Euskal Herriko bizikidetza sendotzeko orduan dauden arazoen konponbide konpartitu eta adostuan.

Bi gobernuek, sistemaz, ez dituzte kontuan hartu nazioarteko komunitateak eginiko deiak —esaterako, nazioarteko taldeenak, hala nola Nazioarteko Egiaztatze Batzordearena eta Harremanetarako Nazioarteko Taldearena, bai eta nazioarteko hainbat pertsona ospetsuk Europan, AEBetan eta Hego Amerikan eginikoak ere—; entzungor egin diete, era berean, EAEko eta Nafarroako erakundeen proposamenei —komeni da gogora ekartzea Urkullu lehendakariari, esaterako, inork ez diola erantzun Rajoy presidenteari bidaliriko egitasmo guztien inguruan—; entzungor egin diete Iparraldeko ordezkari politikoen deiei —Baionako Deklarazioari, besteak beste—; eta entzungor egin diete gizarte zibilaren deiei, hala nola Foro Sozialak bake prozesua bultzatzeko eginikoari.

Dena dela, eskaera horiek baztertu beste ezer egin ez balute, gutxienez esparru bat libre utziko zuten beste eragile batzuek beste ekinaldi batzuk gida zitzatzen —esaterako, gure erakundeek edo gizarte zibilak—, baina gobernuen oztopo estrategiak helburu bat du: eragotzi nahi dute euskal gizarteak errespetuz eta elkar adituz lantzea etorkizuneko bizikidetza. Hala, Luhuson berriki eginiko operazioarekin eta halakoekin, mezu kezkagarri bat igortzen dute, errepikatzearen poderioz jakina den mezu bat: ez zaie inporta zein diren euskal gizarteak adiskidetzeko dituen premiak; ETA garaitu besterik ez dute nahi, kosta ahala kosta, Euskal Herriko bizikidetza desitxuratzen bada ere.

Eta oraintxe ikusi dugu estrategia horren zuzeneko ondorio bat: zenbait lagun, denak ere gizarte zibilaren ordezkari eta aktibista ezagunak, denak ere giza eskubideen eta herritar egitasmo demokratikoen alde engaiaturiko herritar eredugarriak, atxilo hartu dituzte ETAren armak deuseztatzeko prest egoteagatik, eta, nahiz eta geroago aske utzi dituzten, zain daude noiz epaituko dituzten, zenbait delitu egin izana leporatzen dietelako. Gobernuek hala jokatzea, euskal gizartzearen premiak hala mespretxatzea, borondate oneko pertsona horiek atxilotzea, hori guztia da salatzekoa.

Mamiari dagokionez, komeni da gogoraraztea ETA erabat armagabetzea dela helburu nagusia. Aurrerantzean ere salatu beharko da Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera, baina jokoan dago euskal gizartearen etorkizuneko bakea, eta helburu hori ezin da uztartu ETAk oraindik bere esku izatearekin herritar guztientzat arrisku potentziala dakarten armak, ETAk indarkeria larria erabili baitzuen iraganean.

Ezinbestekoa da, beraz, behin eta berriz lotzea armagabetze prozesu bat prestatzeko lanari; prozesu horrek bermea eman behar die herritar guztiei, eta lehenbailehen ekarri behar du ETAk oraindik dituen armak deuseztatzea. Badago hori egiteko modurik, nahiz eta gobernuek trabak jarri eta jarri segitu. Luhusokoan aritu direnen gutunak irakurriz, hortik segitzen da ETA prest dagoela armak suntsitzeko, eta hori, oraintsu arte, zalantzan zegoen, armagabetze prozesuari beti esaten baitzion armak «erabilera operatibotik kanpo uztea». Gainera, gizarte zibilaren parte handi bat, bai Iparraldean eta bai Hegoaldean, prest dago zerbait egiteko eta laguntzeko. Are gehiago: horretarako nahia sendotu egin da, polizia operazioari emaniko erantzun laster eta indartsuaren ondorioz. Eta, horretaz gainera, bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Nafarroako Gobernuak behin eta berriz adierazi dute prest daudela parte hartzeko, horrek esan nahi duen guztiarekin, armagabetzea modu instituzionalean sendotzeko asmoz.

Jabetzen naiz lan zaila dela hainbesteren nahiak eta ahaleginak batzea: bake prozesuari loturiko nazioarteko taldeak, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, Iparraldeko hautetsiak, alderdi politikoak eta gizarte zibileko organizazioak. Diskrezioa behar da, borondate ona, elkarlana eta elkar aditzea. Baina, ikusirik nolako trabak jartzen dituzten Espainiako eta Frantziako gobernuek, erantzunak behar bezain egokia izan behar du, eta gai izan behar dugu armagabetze prozesu blindatu bati ekiteko, euskal gizartearen aurrean, eta nazioarteko komunitatearen babesa jasotzeko moduan. Luhuson ezarri nahi zen eredua zilegizkoa eta egokia da, baina, ikusitakoak ikusita, sendotu eta bermatu egin beharko da euskal gizarteak bere esku dituen baliabide eta bitarteko guztiekin, eta laguntzeko prest dauden guztiak tartean sartuz. Horra hor bidea ataka honetatik ateratzeko.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.