Duela gutxira arte Osakidetzaz harro sentitzen ginen. Orain, berriz, ezin dugu ulertu zer gertatu den. Osakidetzaren zerbitzua behar dugunean, jasotzen dugun arreta ez da espero genuena, jasotako zerbitzua nahiko kaxkarra baita. Honen inguruan ez dakigu asko, gure agintariek ez digutelako informazio zehatzik ematen. Eta horrela, pixkanaka zerbitzua geroz eta gehiago ari dira desegiten. Ordea, jarraian informazio pixka bat gehiago Osakidetzako gaur egungo egoera ulertzeko.
Osakidetza 1983ko maiatzean sortu zen. Urte batzuk geroago, eta bi legeen ondoren, 14/1986koa eta 15/1997koa, Azkunak eta Bengoak Osasuna Zainduz plana martxan jarri zuten gure erkidegoan, 1991tik 1993ra bitartean. Urte horiek inflexio-puntu bat markatu zuten, horren ondoren Osakidetzaren kudeaketa aldatu baitzen. Osasuna Zainduz plana sindikatuak, langileak eta herritarrak baztertuz onartu zen, eta horrela, Osakidetza enpresa eta negozio bilakatu zen 1990eko hamarkadan, Margaret Thatcherrek aurretik hartutako neurri neoliberal nahiko antzekoak hartu zirelarik.
Nahiz eta dirua publikoa izan, gurea, zerbitzuak ematerako orduan, Osakidetzak bere burua enpresa pribatuaren bitartez hornitzen du, zerbitzuak azpikontratatuz. Agentziei ematen zaizkie baliabideak eta hauek osasun-zerbitzuez arduratzen dira, betiere negozioa ardatz izanik. Eta hori guztia, inolako kontrolik gabe politikari edota herritarron partetik. Gaur egun, enpresa pribatuak normalizatu dira, Osakidetzako egituraren parte izango balira bezala, baina ez, pribatuak dira eta euren langileen lan-baldintzak prekarizatzen dituzte etekin geroz eta handiagoak irabazteko.
Osakidetzaren gastua handituz doala esaten dutenean jakin nahiko nuke nora doan diru hori, ea enpresa hauen zuzendariek jasoko ote duten. Enpresak Osatek, Medical Dom edota Diálisis Bilbo dira, batzuk aipatzearren. Biltegia, garbiketa edo anbulantziak enpresa pribatu horien menpe daude. Eta enpresa horiek itxurak gordetzen dituzte, Osakidetzaren ikurraren azpian ezkutatzen baitira, arropa berdinak erabiliz, baina enpresa horiek euren negozioaz bakarrik arduratzen dira. Eta horien goiko lanpostuetan Osakidetzako zuzendari eta sailburu ohiak eta euren senitartekoak egoten dira. Guk, langile eta herritarrok, ordea, ez dakigu zein zerbitzu diren publikoak eta zeintzuk pribatuak.
Osasuna Zainduz planera itzuliz, non bukatu zuten ekimenaren egileak? Enpresa pribatuetan, noski. Osasungintza publikoa saldu zuten eta haiek sortutako eredu korporatiboan parte hartu zuten, gaur egun ate birakari hau oraindik ondo koipetuta dagoelarik. Rafael Bengoa, adibidez, Institut for Health and Strategy-n dago, Madrilgo osasun sisteman, Urriak 12 Ospitalean. Hemendik Ayusoren politikak gauzatzera joan da hain zuzen. Mikel Alvarez, Mondragon Health-ean. Jon Darpon Keralty-n, Jon Azuak zuzentzen duen taldean, Mexikon eta AEBetan osasun publikoa ahultzeko lan egiten duen enpresan. Joaquín Estévez Fundación Española y Directivos de Salud Madrid-en. Gabriel Inclán Quirón-en, eta Ángel Larrañaga, Bruesan, Barcenasen paperetan agertzen den enpresan.
Osasuna Zainduzetik gertatu den guztia aldatu beharra dago. Borrokatu behar dugu informazioa izateko, hauxe jasotzeko eskubidea baitugu. Lehen arreta, Osakidetzaren zutabe dena, indartu behar dugu, eta indartzeko eskatu behar dugu. Horren alde borrokatu behar dugu. Osakidetzako eraikinak langilez beteta nahi ditugu, lan baldintza duinekin. Langileak finkatzeko eskatu behar diegu agintariei, eta horretarako, borrokatzen jarraitu behar dugu. Eta lortuko dugu.