Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko partaideak

Zer dela eta doakotasuna itunpeko ikastetxeetan?

Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso eta Xabier Iglesias
2024ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, betiere botere publikoen finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek hartara esleituko duten diru publikoaren igoera handia iragarri dute:«Ministerioak azaldu duenez, helburua da itunpeko ikastetxeetan irakaskuntza doakoa izango dela bermatzea. Hori hala, espero du, itunen eguneratzearekin bat eginez, itunpeko ikastetxeek konpromisoa hartzea kuotak kentzeko...» (El País, 24/10/23). 

Zertarako irakaskuntza kontzertatua? 

Baina benetan desiragarria al da itunpeko irakaskuntzaren doakotasuna? Hori baino lehen, aurretiko eztabaida bat dago, gure ustez: irakaskuntza mota horren eginkizuna zehaztea gure egungo gizartean, zer papera jokatzen duen baloratzea, alegia. Horren arabera, erabakiko genuke bere finantzaketak merezi duen ala ez. 

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunean lan egiten dugunon ustez, irakaskuntza pribatuak hezkuntza publikoaren funtzio subsidiarioa behar du izan, eta soilik itundu behar da ekimen pribatu bat eskaintza publikorik ez dagoen tokietan (eta egon arte), hezkuntza eskubidea bermatuko bada. Irakaskuntza pribatuak irakaskuntza publikoarekiko bete behar duen eginkizun subsidiario hori onartzen baldin badugu, eta hezkuntza-plangintza eta diru publikoaren erabilera denona den eskola publikoari begira egiten bada, ez lirateke gastatuko 820 milioi euro baino gehiago (2023-24an) toki gehienetan beharrezkoa ez den sarean. 

Doakotasunarekin eskola-segregazioa bukatu? Txakur ametsak

Diru publiko gehiago emateak itunpeko irakaskuntzaren doakotasuna erraztuko lukeela eta segregazioa murriztuko lukeela pentsatzea eta defendatzea txakur ametsak dira. Itunpeko irakaskuntza ez da inoiz doakoa izan eta, sekula izan duen finantzaketarik handienarekin ere, ez da izango, nahi ez duelako: ikasleak (eta irakasleak) aukeratzen jarraitu nahi duelako, bereizteko beharra duelako, merkatuaren menpe dagoelako, eskaintza etengabe hobetu behar duelako (zerbitzu hobeak, eskola-ordutegi handiagoa, instalazioak...) eta eskola publikoarekin lehiatu behar duelako.  Kuotak kobratzea ilegala da legez 1987tik, eta inpunitate osoarekin egin eta egiten dute; diru gehiago emanez eta inolako zigor-neurririk planteatu gabe hori lortuko dela pentsatzea, eta ondorioz, segregazioa gutxitu egingo dela,  inozokeria handia da. Kontzertazioa bera da segregazioaren iturria. «Eskola segregazioa da itunpeko sistemaren oinarria. Sistema hori, hain zuzen, inklusiboa ez izateko pentsatua dago. Beren borondatez inklusiboak izan nahi dutelako ustea ez da egia; haien oinarrietako bat da inklusiboak ez izatea.» (Daniel Turienzo). 

Irakaskuntza pribatua kontzertatu? Diru publikoa eskola publikoarentzat

Irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna ez da, beraz, lortu beharreko helburua. Zertarako, ordea? Familia guztiak joan ahal izateko? Hori al da politika publikoen jokamoldea? Herritarrei  zerbitzu pribatuak erabili ditzaten bidea erraztea? Hori herriari iruzur egitea da, politika pribatizatzailea da, zerbitzu publikoen prekarizazioa baino ekartzen ez duena. Zer administrari mota da berea zaindu ez eta beste batena den enpresa bati dirua ematen diona? Kontua ezin da izan inola ere familiak zerbitzu pribatura bideratzea, baizik eta gehienok eskola publikoa aukera dezaten saiatzea eta lan egitea. Horretarako zerbitzu publiko horrek lehentasun osoa behar du, baliabideen eta planifikazioaren aldetik. Onena nahi dugu-eta gure seme-alabentzat.

Erantzun liteke planteamendu honek zalantzan jarriko lukeela familiek ikastetxea aukeratzeko duten askatasuna. Eztabaida ez da hori, ordea. Familiek gustukoen duten eskaintza aukeratu dezakete beti, baina ez dute aukera hori egin ez dutenek ordaindu dezagun eskatu behar. Gainerako sektoreetan bezala, edozein arrazoi dela-eta, irakaskuntzako zerbitzu publikoa erabili nahi ez eta pribatua nahiago duten familiek beren baliabideekin aurre egin beharko liekete gastuei. Familia batzuen aukera indibiduala gainerako guztien diruarekin laguntzen jarraitzea bidegabea da. Ezin da hezkuntza planifikazio osoa familiek egiten duten ikastetxearen aukeran oinarritu, orain arte bezala, eta ezagutzen ditugun ondorio kaltegarriekin.

Gure proposamena garbia da: eskola publikoa bere tresnekin gehienon aterpea izan badaiteke, ez du zentzurik  enpresa pribatuen bitartez egitea. Ez dezagun erabili denon dirua, beharrezkoa ez den hezkuntza-eskaintza pribatuan, auzoan edo herrian eskaintza publiko nahikoa dagoenean; ez diezagun diru gehiago eman inoiz doakoa izango ez den eta, beraz, diskriminatzailea den sare pribatuari; ez dezagun jarraitu kohesioaren kontra jokatzen duen sistemarekin. Logikoagoa da diru hori zentzuz eta eraginkortasunez erabiltzea eskola publikoan. Aurrekontuak eztabaidatzeko eta onartzeko gauden honetan, garaia da irakaskuntza pribatuaren ituntze sistema birplanteatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.