Lurdes Auzmendi Aierbe.

Zentzuzko hizkuntza politika baten alde

2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza administrazio publikoen euskalduntze prozesuaren erreforma lantzen ari da, zeinetan oso eragin handia duten lanpostuetako hizkuntza-eskakizunek (euskararen ezagutza eskakizuna). Garrantzi sozial handiko kontua, enplegu publikoak Euskadin duen eragin kuantitatibo eta kualitatiboagatik eta gizartean, orokorrean, duenagatik ere.

Bi hizkuntza ofizial dauzkan gurea bezalako gizarte batean, agintari publikoak behartuak daude modu eraginkorrean horietako edozein erabiltzeko eskubidea bermatzera. Lanpostuetan hizkuntza eskakizunak ezartzea eskubide hori ziurtatzeko modu onargarria da; baina edozein erregulazio ezin da, ordea, onartu.

Sorreran ezarri ziren hizkuntza politikaren oinarriek oreka nahiko egokia lortu zuten: erabilera-hizkuntza ofiziala norberak aukeratzeko askatasuna; irakaskuntzan hizkuntza-askatasuna, beste hizkuntza ofiziala nahitaez ikastearekin osatua; hizkuntza politika herrialdeko zonalde desberdinetako errealitate soziolinguistikora egokitzea eta nahitaez euskararen erabilera —euskal gizartearen hizkuntza bereizgarri, baina sozialki minoritario eta ahula— sustatzea. Horri guztiari zuhurtziaz, errealismoz eta adostasun handiz heldu behar zitzaion, sinetsita euskara izango zela kalteturik handiena baldintza horiek egon ezean. Bakea posible egin zuena ahaztea, hizkuntzaren gaia konfrontazio-eremura eramateko arriskua dakarren arduragabekeria da.

Urteotan garatutako hizkuntza-politikak lorpenak izan ditu, baina baita itzalak ere. Hainbat jarduerak jatorrizko adostasunaren josturak tenkatu egin dituzte, multzoaren koherentziari eta orekari eraginez. Herri-administrazioak bi hizkuntza ofizial dituen gizartera egokitzean arazoak daude, gehiegiagatik eta gutxiegiagatik.

Estatuaren gobernuek izan duten jarrerak utzikeria izan du ezaugarri, Europako Kontseiluaren txostenek behin eta berriz adierazi duten bezala. Estatuko Administrazioak, kuantitatiboki, pisu txikia du, baina izandako utzikeriak, haren garrantzi kualitatiboaz gain, eragin sozial handia duten izapideak euskaraz garatzea erabat zail egiten du.

Bestalde, kasu askotan, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetako langileen egokitzapenak, baita tokikoen kasuan ere, boluntarismoaren ajea du —Euskara XXI gogoetan kritikatu bai, baina dirudienez ahaztuta dagoena—, zeinaren ondorioa izan baita errealitate soziolinguistikotik pixkanaka aldentzen joatea. Euskararen ezagutzaren derrigortasun-ehunekoa kalkulatzeko erabilitako formulek errealitatea baino emaitza handiagoak ematen dituzte, euskararen ezarpenaren eta erabileraren lurralde-desberdintasunarekin bat ez datozenak. Horren muturreko adierazpena dugu euskara menderatu behar den lanpostuen nahitaezko ehunekoa ('nahitaez bete beharreko indizeak') gutxieneko portzentaje ('gutxieneko betetze-indizeak') bihurtzeko ahalegina, administrazio bakoitzaren nahieran igo daitekeena. Horrekin, hizkuntza-eskakizunen sistemaren helburua urratzen da, hura 'nahierako' sistema bat bilakatuz, boluntarismo politikora irekia; gainera, erkidegoko erakunde komunek hizkuntza-politikaren zuzendaritzari uko egitea dakar, funtsezko elementua izan arren Estatutua onartzeko itunean. Hizkuntza-eskakizunari derrigortasun-data ezarri nahi zaio lanpostu guztietan (hortik aurrera, hizkuntza-eskakizuna nahitaez bete behar da lanpostu horretan sartzeko edo lanpostuari eusteko), eta horrek esan nahi du herri-administrazioetako hizkuntza-normalizazioaren helburua (pertsonen hizkuntza-eskubideen erabilera eraginkorrabermatzekoa zena) aldatzen dela, administrazioen euskalduntzea, bera, sistemaren beraren helburu bihurtuta.

Sektore publikoan euskararen 'normalizazioak' ezin du alde batera utzi askotariko gizarte baten errealitatea, gero eta etorkin gehiago dituena, non hizkuntza-eskakizunak bidegabeki bazterkeriarako beste elementu osagarri bat bihurtzea saihestu behar den. Bestalde, euskararen hiztun-komunitatearen errealitatera egokitu behar da. Kontuan hartu behar ditu euskaraz ahoz komunikatzeko gaitasuna eduki arren idatzizko komunikazio-gaitasunik ez dutenak. Komunikazio-maila pasiboa lortu dutenak ere kontuan hartu behar dira (euskara ulertu arren euskaraz sortzeko gaitasun bera ez dutenak). Euskaraldian hainbeste goraipatu dena —belarriprest— hizkuntza-eskakizunen sisteman eta egiaztapenean islatu behar da, sistemari malgutasun eta errealitate dinamiko batera egokitzeko gaitasun nabarmen handiagoa emanez.

Euskal gizarteak eta euskararen etorkizunak hizkuntza-politika orekatua behar dute (ekitatezkoa, zentzuduna eta zuhurra), aldi berean errealista izango dena (praktikoa eta errealitatera egokitua) eta adostasun zabala ekarriko duena —gehiengo sozialaren adostasuna ahalbidetuko duena—. Hizkuntza-eskakizunen sistemaren erreformak egun benetan existitzen den euskal gizartean bizikidetza eleaniztun egokia erraztuko duten balioei erantzun behar die.

ARTIKULU HAU BESTE HAUEK ERE IDATZI DUTE: Iván Igartua Ugarte,Juan José Larrea Conde, Alberto López Basaguren eta Lourdes Oñederra Olaizola, EHUko irakasleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.