Ez dira desberdinak Kataluniako komunikabideek duten egoera eta herrialdea sartua den kale itsua. «Orain ari da irteten Francok prestatu zuen guztia. Orain ari dira jorratzen hark marrazturiko jarduera ildoak». Esaldi hori ez da nirea. Joan Brossa poeta eta antzerkigileak esan zidan, 1998ko urriaren 7an, hil baino bi hilabete lehenago, eta nire Yo no soy español (Ni ez naiz espainola) liburuaren amaieran jarri nuen, iragarlea iruditu baitzitzaidan. Hala, bada, hamahiru urteren buruan, Kataluniaren autogobernurako ateak itxita daude, oraindik ere. Baina, horrez gainera, argi geratu da Espainiaren arbuio erraietakoa, nire herrialdearen eskubide nazionalak direla-eta, hala nola arbuiatu zuten bere garaian Euskadin Juan Jose Ibarretxeren ahalegin herabea. Errealitatetik ezinago bazterrean bizi beharra dago ez ohartzeko zeharo espainoldu dela Katalunia, hiruko gobernuaren zazpi urteko aldiaren ondorioz —CiUk orain hurrengo hauteskundeetan garaitu izana, berriz, aurkariaren demerituari zor zaio norbere merituei bainoago—; eta horrek erakusten du, ezinago garden, herri baten kolonizazioan eginkizun erabakigarria duela hango klase buruzagien arteko kolaborazionismoak. Eta Kataluniako klase buruzagiak oso kolaborazionistak dira; oinarri-oinarrian, bizitzak hainbat botere gunetan jarrarazi dituen pertsonek inolako eskrupulorik gabe umiliatu ohi dutelako beren herrialdea, norberaren edo taldearen onuraren baten truke. Halako konturik, baina, ezin esan liteke.
Eta zergatik ez?, pentsatuko du norbaitek. Ba al da zentsurarik, gaur egun, Katalunian? Ba al da adierazpen askatasuna mugatzen duen arau ikusezinik? Bada, erantzuna baiezkoa da. Ez alor guztietan, jakina, baina zentsura existitzen da. Batik bat gobernuaren komunikabideetan. Euskal Herrian ere, ETB Alderdi Sozialistaren esku dagoenetik ETB espainoldu egin dela eta, beste horrenbeste gertatzen da. Besterik da arlo pribatua, zeinean salbuespenak baitaude, hala katalanen nola euskaldunen artean, eta BERRIA da horren erakusgarri bat. Baina komunikabide publikoetan, eguneroko ogia da zentsura, denik eta sotilena izanda ere. Hitzaren zentsura dago, pentsamenduaren zentsura dago, eta ahots deseroso eta intsumisoen zentsura dago, horien guztien baturak autozentsura ekar dezan emaitza gisa, horixe izaki zentsura formarik makurrena, eta pentsamendu eta mintzaira politikoki zuzenak ditu adierazpide. Disidenteak berak ere bere burua zentsuratzen badu, nork identifikatu ahalko du zentsuratzailea?
Esan daiteke gaur egungo zentsurak garro itxuraz atseginak dituela, eta, horien kontra —horrexegatik, hain zuzen ere—, ez dugu inolako babes mekanismorik aktibatzen. Egia da nahikoa dugula jakitea zer kapital eta zer ideologia politiko dagoen irrati edo telebista kate baten nahiz egunkari handi baten atzean —erredaktore katalanak edo euskaldunak edukiagatik, hispanozentrikoa izan baitaiteke—, igartzeko zein ikuspegitatik jorratuko dituen zenbait albiste. Hori, ordea, izozmendiaren erpina baino ez da, edo errealitatea sinplifikatzea. Honetan dago benetako amarrua: hain gabiltza lanpetuta kontrolatu nahian zein komunikabidek ez duen esan ez dakit zer, non ez baikara konturatzen esan duen hark zer-nola esan duen. Izan ere, %90etan, manipulazioak ez dio erasaten esan den zer horri, baizik eta zer-nola-ri.
Hala ere, ongi bereizi beharko litzateke zer den albiste bat eta zer den iritzi bat, jende askok nahasi egiten baititu; izan ere, manipulazioa ez da gertatzen iritzi batean, itxura batean emango lukeenez, baizik eta albiste batean. Iritzi batek, azken batean —denik eta polemikoena edo bitxiena izanda ere—, egile bat baitu, eta hura da haren erantzule, eta, hari aurka egiteko, urruntze osagaiak erabili ahal dituzte irakurleek, entzuleek edo ikusleek. Albiste bati dagokionez, ez. Egia da egunkari bateko edo irrati kate bateko erredaktoreak izenpetu egiten duela bere lana, kolaboratzaile batek bere iritzia ematen duenean bezalaxe. Alde bat badago, ordea: erredaktorearen lana —albistea— ez baitugu jasotzen egintza bati buruzko ikuspegi pertsonal gisa, baizik eta albiste komunikabide baten ikuspegi ustez neutro gisa. Ulertzeko moduan esanda: albisteak irakurtzen edo entzuten ditugunean, ez ditugu hautematen haiek erredaktatu dituenaren izen-abizenak, albiste agentzietan albistea iturrian bertan landu duten kazetariek ere bai baitituzte izen-abizenak. Eta, hara non, hain zuzen ere, angelu horrexetatik sartzen diguten golik gehien. Horixe ikusten dugu, esate baterako, nazionalista hitzaren erabileran, zeina indar katalanistak edo baskistak definitzeko erabiltzen baitute, baina sekula ez espainolistak: besteak beste, PP, PSOE, UPN edo UPDkoak. Hala, bere burua nazional-espainoltzat ez daukan oro nazionalista delako ideia hedaraziz, behin eta berriro, taldearen inkontzientea manipulatzea lortzen da, taldeari onarrarazteraino nazionalismoa dela Kataluniaren edo Euskal Herriaren eskubide nazionalak eskatzea, eta, aldiz, egintza natural bat dela Espainiako Nazioa inposatzea. Bestela esanda: nork bere burua katalantzat edo euskalduntzat edukitzea nazionalismoaren sinonimo da, besterik gabe; nork bere burua espainoltzat edukitzea, ordea, normaltasunaren sinonimo. Hortik aurrera dena da zilegi, pentsamolde halakoa buru-jate sakon bezain misteriotsu batetik baitator, eta, hain zuzen ere, hautematen ez dugulako, gatibu ez ezik, hedatzaile eraginkor bihurtzen gaitu. Eta makurrena da, lehen ere esana dugunez, ez direla Espainiako komunikabideak gure gogoen manipulatzaile nagusiak, baizik eta komunikabide publiko katalanak eta euskaldunak.
(Erredakzioan itzulia)
Zentsura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu