Zentsura politikoa

2014ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Piruxak Nafarroan: zentsurari buruzko ikerketa 1979-2009 ikerlan unibertsitario egin nuen, Asmoz Fundazioaren bitartez. Erregimen frankistaren ondorengo zentsuraren fenomenoa aztertzen nuen Nafarroari lotutako kasuak bilduz. Hona hemen haren ondorio batzuk.

Nire ikuspuntutik, zentsura debekuaren formetan eratzen da gaur egungo lege eta ekinbide judizialen bidez. Euskal gatazkan, hirugarren mundurako planteamenduaz eginiko ZEN plan haren kontzeptuekin janzten da zentsura. Zona Especial Norte planak, oraindik ere indarrean. Orduan bera osorik agerian jartzen da, aipatu gatazkak hartzen duen era errepresibo ideologikoa; ukatzen duten gatazkaren existentzia bera horrelaxe gorpuztuz eta bere errealitatea nabarmenduz. Komunikazio arloan bere luzapena baino ez da; helburu politiko baterako: isilaraztea bere moduko pentsamoldea ez duena.

Kasuen artean, batzuk zakarrak eta gardenak dira, frankismoan gertatzen ziren bezalakoak: gogora ekar ditzagun Soren Hansen eta Jesper Jensen egileen Libro rojo del cole edota Zeig Mal alemaniarraren ¡A ver!. Edo, askoz geroago, Alfredo Jaime alkatearen garaiko kasuak, Maribel Beriain zinegotziarenak batera, UPNkoak biak, «heretikoen mailua» berau: VI. Euskaraz Komikiaren Lehiaketaren komiki zentsuratuak «eduki biolento, biluzgorri eta mezu sasi-politikoengatik», edota Mikel Urmenetaren artelana Autorretrete, besteak beste. Zentsura giroa zen hura, iritzi publikoa hartua zuela eta bere hartan segitzen zuela, laino sarriaz, lehen bezalatsu. Ez dugu ahaztu behar, adibidez, Rodolfo Martín Villa, Sindicato Vertical taldeari lotua, 1976tik 1979ra arte Gobernazioaren kartera izan zuena (UCD); frankismoaren dokumentazioa erretzeko agindua eman zuela leporatua izan dela zenbait alditan, Montse Armengouk eta Ricard Belis-ek eginiko ikerketen arabera. Emilio Majuelo Gil historialariak Nafarroako Gobernu Zibileko dokumentazioa erreta izan zela baieztatu zuen, instituzio hartako artxibozainak berari esandakoan oinarrituta, hau da, UCDren Barne Ministerioak emandako agindua 70eko hamarkadan bete egin zutela.

Beste kasu batzuek era sofistikatuagoa dute: adibide gisa, Simonides-en Jamon de Gorrión komikia, Liburu bat egiten-Cómo se hace un libro erakusketa Ziudadelatik kendu zutenekoa, Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarra agertzen zelako, edo, Altaffaylla Fundazioaren Navarra 1936: de la esperanza al terror liburuarekin izandako arazoak eta abar.

Badira kasu dezente Nafarroan «errepresura kulturalari» loturikoak (J. A. de Blas argitaratzaileak sorturiko terminoa) eta dezentek badute lotura ez bakarrik kultura, politika edo erlijioarekin; sexualitate, abortu eta gisa horretako kontuekin ere badira.

Gai honen inguruan aditu handienetako bat, J. M. Torrealdaik, zentsura garaikidearen kasu nabarmenetako baten biktima berau, Egunkaria itxi baino lehen ziurtatzen zuen: «hala ere, oso ezberdina da orain egon daitekeena, eta hemendik aurrera egongo dena, frankismoaren zentsurarekin. Orduan, aparatu bat zegoen, pentsamendua bideratzeko zuzenki destinatutako aparatu administratiboa. Egun, ez da horrelakorik».

Nire ustez, aunitz dira orduko zentsura eta egungoaren arteko berdintasunak eta galdetzen diot neure buruari ea aparatu hori gure aurrean ez ote dugun, itxura legalaz. Akordio bat izan daiteke, aparatu garaikidearen pentsamolde judizial-politiko sarriaren baitan disolbaturik izanda ere.

Hain zuzen ere, lehen bazegoen aparatu espezializatu bat (aunitzetan apaiz bat ere); eta egun, betearazpen-akzio bat elkar banatua da aparatu polizial edo militar eta judizialaren artean, batzuetan, aparatu politikoak bultzatua. Egunkaria-ren kasua. Gizon grisaren txostena kapitain baten ofizio-agiriak ordezkatua, instrukzioko epail bati zuzendua, nork «ETA dena da» aski ezagututako diskurtsoaren izenean egunkaria ixten duen.

Zentsura, Francoren garaian, politikoa ere bada. Bizitzaren eremu guztia hartzen duen heinean, ohiko ekinbide bat. Normalizatua bai herrian bai erregimenaren kontrako intelektualen artean; zeren beraien baitan pairatu zuten auto-zentsura delako hura, nahiz eta borrokalari zintzoak izan. Aginte zentsuratzaileak markatzen du politika arloan debekaturik zer dagoen: erregimenaren aurka mugitzen den guztia. Horrek guztiak alderaketa egitera eramaten du: alde batetik, ze erraz ixten dituzten komunikabideak 1979tik aitzina, eta bestetik, statu quo-ren akolitoen konplatzentzia. Luis María Anson kazetari kontserbadoreak, berriz (Abc-ko zuzendari ohia), Egin-en itxieraren kontra azaldu zuen. Edozein delarik ere, zentsuraren helburua beti bera da: kolore bakarreko informazioa, eta bestea isilaraztea. Hauek horrela, XXI. mendeko zentsuaren sofistikazioa aparte utzita, zentsura hori zentsura baino ez da.Isilarazteko giza-joera, tik hori. Lehen, aurretikoa, orain, «kautelazkoa».

Nik uste dut ez dakigula elkarri hitz egiten, ez ziguten irakatsi, eta ikasi duguna justu kontrakoa da. Katalan izaeratik gutxi dugu, bai bikingoena. Eta espainiarrak ere bai. Zeren, auto-kritikaz eta desikasteko xedeaz ari garela, ulertu behar da, izan ere, zentsura botere instituzionalizatuetatik datorren ekinbide penagarria dela, baina ez da soilik haien esklusitibitatearena, kontra-boterea egin duena hark eramana edo tentatua noizbait izan da. Zentsurak paranoia kutsakorra badakar.

Zentsurak ez du meniarik. Bere makineria publiziatarioa saiatzen da iritzi askatasunaren eza normalizatua balitz bezala ikus dezagun. Boterearen ekinbide ez etikoak informazioaren kontrolean du oinarri. Horregatik Gara eta BERRIA egunkariak ez daude Nafarroako liburutegietan, Iruñeko alkateak ez ditu gogoko CANi buruzko dokumentalak eta Ateak Ireki itxi dute betiko diskurtso bereziaren bidez. Beharbada, Nafarroan Ateak Ireki izan liteke UPNk duen informazioa kontrolatzeko sistema bere lekutik kanpo utz dezaketen hedabide horietako bat.

Iritzi askatasuna denon eskura izan beharko lukeen eskubidea da, eta erabatekoa izan beharko luke muga inposatutakoen gainetik. Inor ez da horren ordezkoa eta jabe ofiziala, bestearen izenean inork ez baitu norbanakoaren askatasuna ordezkatu behar, eta, aldi berean, denon erantzukizuna da bestearen askatasuna defenditzea. Hitz egin dezagun inor baztertu gabe, hitza isilarazi gabe. Botereen banaketa benetan existitzen bada, militarrak politikoari ez agintzeko garaia da. Gatazkaren amaieraren garaia da. Zentsura gehiagorik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.