Jauzi Ekosoziala

Zenbat dira gehiegi eta nahikoa?

Arrate Zelaia Eizaguirre
2024ko uztailaren 4a
05:00
Entzun

Zeintzuk dira gure benetako beharrizanak ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Galdera horiei erantzutea funtsezkoa da gehiegikeriaren gizartean, are gehiago larrialdi klimatiko, ekologiko eta zibilizazio krisiaren garaiotan.

Gaurko sistemak desirak sortu eta behar faltsu bihurtzen ditu. Horretarako, etengabeko kontsumo neurrigabera deitzen duen publizitateaz baliatzen da, sare sozialen, telebistaren eta abarren bidez. Horrela, bizimodu idealaren eta zorionaren iturri, xahutze-bizitza eta luxua saltzen digute.

Lotura artifizial hori nabariagoa da oporretan, are nabariagoa udako oporretan. Urte osoa lan prekarioan eta abiadura ansiosoan eman ondoren, oporretan joateko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta haren izenean edozein kontsumo egiteko eskubidea (armairua berritu, hegaldi merkeak, herrien kontsumoa, udako kredituak...). Nahikotasunean bizitzeak, aldiz, urte osoan lasai eta duin bizitzean datza.

Luxua eta xahuketa, bizitzaren kontra eskutik lotuak doazelako, jomugan jarri ditugu eta pertsona guztion bizitza duin eta desiragarrien alde nahikotasuna aldarrikatzen dugu.

Disparekotasun handiagoa duten herrialdeek kutsadura- eta indarkeria-maila handiagoak eta osasun-datu okerragoak izateko joera dute, estatusa igotzearen kontsumo-lasterketa amaigabea abiatzen baitute. Alegia, disparekotasuna anti-ekologikoa da. Eta noski, bidegabea: munduko biztanleriaren %1 aberatsenak 2/3 pobreenek adina isuri ditu. Aldiz, Zaurgarritasun Klimatikoaren Monitoreak ziurtatzen duenez Hego Globaleko herrialdeek karbonoaren ekonomiak eragindako kostu guztien 2/3-3/4 artean jasango dituzte. Atmosferaren kolonizazio moduko bat gertatzen da, Malmen hitzetan, behin itsasontzietan bidaiatu zen bidegabekeria orain Taylor Swiften eta Jeff Bezosen jet pribatuetan baitago.

Kutsadura atmosferikoari opor garaian kutsadura kulturala gehitzen zaio, lurraldeak eta gizarteak eraldatuz, merkantilizatuz; gure gastronomia, kultura, hiri edo paisaiei gertatzen ari zaien moduan (Vueling, Airbnb eta BBKLive). Ze aldaketa eragiten ote ditu gure turismo azkarrak beste herrietan ere?

BPGaren izenean garapena, garapenaren izenean turismoa, turismoaren izenean edozer, eta bertako zerbitzu eta denden desagerpena tokian tokiko ehuna desegiten dira auzoak parke tematiko bihurtuz. Behar faltsu horiek asetzeak, ordea, ez du luxuaren pareko den ezer sortzen. Bizimodu, lan eta planeta prekarioak eta turbo-oporrak ekonomia kapitalista bera dira. Jet pribatuak eskandalagarriak dira, baina, iaz Loiuko aireportuak 6,33 milioi bidaiariren errekorra lortu izana ez da onargarria.

Bizitza ona da norberaren zein kolektiboaren oinarrizko beharrizanak betetzen dituena, zaintza sistema publiko-komunitarioa, adibiderako. Bizitza on horrek behar duen egitura aldaketa martxan jartzeko ezberdintasunen ezabaketa funtsezkoa da. Gizartea ez da sentituko ahalegin kolektibo baten partaide, hari ihes egiten dion jendea dagoela sentitzen duen bitartean. Horregatik da hain garrantzitsua aberatsen portaera eta bizimodu jasanezin horiek mugatzea, bizi-baldintza kolektiboez hitz egin ahal izateko. Nork utziko du kotxe pribatua jet pribatuak dauden bitartean?

Eraldaketa kulturala ezinbestekoa da nahikotasunean oinarrituriko bizimodu bat irudikatzeko eta desiratzeko. Luxua aspirazioa da gure gizarteetan. Baina, luxu hori gutxi batzuentzat bakarrik dago eskuragarri, elkarren arteko lehia eta desberdintasunak areagotzen dituen sistema batean. Desberdintasun sozialak murrizte aldera eta larrialdi klimatikoa leuntzeko nahikotasunaren balioa berreskuratu nahi dugu. Nahikotasuna ez da austeritatea, ongizatetik kontsumismoa erauztea baizik. «Gero eta gehiago, hobeto» delakoaren ideia oso zabalduta dago, baina, oso gauza gutxik jarraitzen dute arau hori. Gehiegikeriaren gizartean ezinbesteko gauza gehienak urritu egiten dira.

Hazkunde ekonomikoari inolako mugarik jarri ez dion gizartean lurraren muga biogeofisikoen barnean bizitzen ikasi behar dugu. Orain arte gutxieneko soldataz edo gutxieneko zerbitzuez hitz egin bada, zentzua edukiko luke gehiegikeria murriztea, jabetzak mugatuz, gehieneko errentak jarriz, edo kontsumoari neurria jarriz (ura, gasolina, CO2 isurketak, hondakinak). Bizi baldintzak ziurtatzen dituzten mugen barruan kontsumoaren jaitsiera antolatu behar dugu gure beharrizanen asetzeko. Izan ere, ondasun material gutxiko, baina, harreman-ondasun handiko aberastasun batez ari gara. Nahikotasuna beharrezkoa dena (eta ez gehiago ez gutxiago) izatean datza.

Ihesa saiheste aldera, joko dugu oinarrira?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.