Martxoaren 5eko El Correo-n BBVAko Pentsioen zuzendari David Carrascoren idazki bat irakurtzeko aukera izan genuen. Bertan pentsio publikoen geroaz mintzatu zen. Bizkaiko Pentsionistak Martxan Plataformakoek ezin dugu isilik geratu: jorratzen zuen gaiagatik, sinatzen zuen pertsonaren karguagatik eta han esaten zenagatik. Hau zen haren ikuspuntua:
—Gaur eguneko jendearen bizi itxaropenak ezinezko egiten du pentsio publikoeniraunkortasuna. Euskal Herrian, batez beste, 82 urte bizi gara.
—Etorkizuneko pentsioak, sistema mantendu nahi bada, laneko azken soldataren %50 izan beharko luke, eta ez %80, orain dagoen eran; hori ez litzateke bizitzeko nahikoa izango.
—Ezinbestekoa iruditzen zaio langilearen eta enpresaren ekarpenekin pentsio pribatuen plan bat egitea.
Bizkaiko Pentsionistak Martxan Plataformak urteak daramatza pentsio publikoen inguruan duen kezka kaleratzen. Joan den mendeko 80ko hamarkadan hasi ziren finantza erakundeak kezka ereiten: pentsio publikoek ezin zutela luzaroan iraun, pentsio pribatuak sortzea nahitaezkoa zela... bide guztiak erabili dituzte geroztik jendea larritzeko.
Denok dakigu erakunde horiek zein boteretsuak diren eta nola eragiten duten sare politikoaren erabakietan. Horrela, 90. hamarkada aldera, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zituen BGAEak bankuen laguntzarekin. Komunikabideen indarra eta onura fiskal oso erakargarriak erabili zituen jendea konbentzitzeko. Jendeak, errenta aitorpenean pentsatuta, aurrezkiak pentsio plan pribatuan jarri zituen, eta, bide batez, bankuen negozio pribatua jarri zen martxan; etorkizunean pentsioek jasango zituzten murrizketentzat bidea egiten hasi ziren.
2008ko krisiak aukera aparta eman zien gobernu, enpresari handi eta finantzariei aspalditik prest zeukaten plan estrategikoa abian jartzeko. Rajoyk martxan jarri zuen pentsio publikoen goitik beherainoko aldaketa. Gogoan ditugu denok erreformaren berme gisa erabili zituzten adituak; finantzetako morroiak, jakina, ia denak.
Pentsioen erreformak honako aldaketa hauek ekarri dizkigu: erretiroa 67 urtera arte atzeratzea; pentsioen urteroko birbaloratzea KPItik aske geratzea, pentsioaren kalkulua egiteko aldia azken 25 urteak izatea, eta osorik kobratu ahal izateko 38 urte kotizatuak izatea. Neurri horiek eta garai bertsuan egindako lan erreforma diraBBVAko Pentsio Zuzendariak etorkizuneko pentsioak %50 jaisteko eskatzen zuen bidea. Izan ere:
—Orain arteko pentsio sistemaren ahalmena bi puntutan oinarritzen zen: kotizatzaileen kopuru eta kalitatean, eta pentsioen gastuan. Une honetan enplegua hankaz gora dago: bost milioi pertsona langabezian, beste horrenbeste zatikako lanaldian, eta beste asko miseriazko soldata jasoz. Horrela, ekarpenak ezin dira aski izan pentsioak mantentzeko.
—Pentsioen gastua gora doa. Adin-piramidearen gailurra duela 30 urte gerria baino askoz estuagoa bazen, orain parekatzetzen ari dira. Hori datu objektiboa da, ez dugu ukatuko guk.
—Baina prozesu hori ez da urte gutxi batzuetan gertatu, poliki- poliki egin du aurrera; halere, 2010era arte pentsio kutxak ez du defizitik izan, nahiz eta 70, 80, eta 90eko hamarkadetan krisialdi gogorrak jasan izan dituen: petrolioaren krisia, industriaren birmoldaketak... Are gehiago, 2010. urtean, Pentsioen Berme Kutxan 75.000 milioi euro zeuden.
—BBVAko Pentsioen zuzendariak ez du zalantzarik gaurko bederatzi milioi pentsiodunak «hemendik hamarkada batzuetara» 16 milioi izango direla. Bankuek urteak daramatzate etorkizunari buruz iragarpenak egin, eta behin eta berriro huts egiten. Eta gainera, nahiz eta pentsionisten kopurua halakoa izan, beste aldagarri batzuk ere gogoan hartu beharko dira, ezta? BPGa, adibidez, ez al da gora joango?
—Baina demagun gaurko sistemak ezin duela jasan pentsiodunek etorkizunean ekar lezaketen zama ekonomikoa. Orduan, arazoa konpontzeko, orain arte erabili ez diren baliabideen bila hasi beharko genuke. Ez litzateke lehen aldia izango. Halaxe eraiki ziren hezkuntza publikoa, osasun zerbitzua, azpiegitura publikoak... Aurrekontuetan agertzen zen behar zuten diru kopurua. Pentsio kutxarako egiten diren gaurko ekarpenak aski ez badira, aurrekontuak egitean zerbait pentsatu beharko da. Halaxe egiten da hainbat herrialdetan. Baina BBVAko Pentsio zuzendariak ez du aukera hori aipatu ere egiten. Izan ere, jaun horri pentsio pribatuak bakarrik interesatzen zaizkio, eta negozio iturri bezala, gainera.
Jaun hori, pentsio pribatuak gutxiengo batzuentzat bakarrik dira baliagarri. Eta gure gizarteak pertsona heldu guztientzat bermatu behar du zahartzaro duin bat. Sortzen den aberastasunaren lehen helburua, bankuen negozioa baino lehenagokoa, gizon-emakume guztien oinarrizko premiak betetzea da. Baina, zerga bilketa egiten denean, %90 soldatapekoen ekarpena da. Fortuna handiek, bankuek eta abar aholkulari argiak erabiltzen dituzte zergetatik paso egiteko, lege-zirrikituak eta delitua bera ere erabiliz.
2008ko krisialdiak eztanda egin zuenean, Europa osoko agintariek aldarrikatu zuten bankuen kontrola ezinbestekoa zela, sistemak ezin zuela hala jarraitu. Gero ahaztu egin da kontu hori. Hemengo bankuen zorrak ordaintzeko 50.000 milioi euroko erreskatea egin da, eta zama horri aurre egiteko murrizketa basatiak ezarri zaizkie pentsiodun, gaixo, langile eta herritarrei orohar. Bitartean, bankuetako goi karguak milioika euroko soldatak eta urrezko pentsioak bereganatzen ari dira; politikarien artean eregain-pentsioak errazegi lortzen dira, urte gutxiko ekarpenaren ordainez. Inork konpontzen ez duen eskandalua.
Pentsio duinak posible dira baliabideak hobeki erabiltzen badira: aberastasun handiei zerga berezia ezarriz, langile berrien kontratuetan ematen diren kotizazio murritzak kenduz, eta pentsio kutxa arduraz kudeatuz.
Amaitzeko, behin eta berriro esango dugu: autonomia estatutuan agindu zitzaigun gizarte segurantza eta pentsioak eskuratu nahi ditugu. Noiz hitz egingo du argi Lehendakariak gai horren inguruan? Gure ongizatea dago jokoan, eta egia zor zaigu. Pentsionistak Martxan-eko kideak ez gara umeak, eta gogoan daukagu eman zitzaigun hitza; hitz hori oraindik ez da bete.
Zenbait ohar BBVAko pentsioen zuzendariari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu