Joan den uztailaren 19an, Diario de Navarra egunkarian, Jaime Ignacio del Burgo oldartu zen Gogoan monumentuaz eta German Rodriguezen hilarriaz informatzeko Memoriaren Institutuak berriki paratutako plakaren kontra. Artikulu luze bat idatzi zuen. Bertan, Felipe II.arendako errekonozimendua aldarrikatzen zuen, harresietako gune militarraren eraikuntza dela eta, Nafarroaren espainiartasuna segurtatzeko gauzatua, zenbait hamarkada lehenago Gaztelako armadak konkistatu baitzuen.
Alta, artikuluaren funtsezko parteak 1978ko sanferminetako eraso poliziala, eta, zehatzago, German Rodriguezen erailketa, desitxuratu eta faltsutzea zuen xede. Bere burua «bertako lekukotzat» harturik (aunitz gehiago izan ez balira bezala), uztailaren 8ko Germanen erailketa desitxuratzen du eta «Polizia Armadaren talde bat lintxatzeko saio baten aitzinean» ordena publikoen indarrak gauzatu zuen defentsa logiko gisa aurkeztu.
Iruñeak, uztailaren 8an eta 9an, etengabe pairatu zuen eraso poliziala (zezen plazan su-armekin sartzea, plazan bertan zenbait bala- zauritu eraginda; polizien tiroek German erailtzea Orreaga etorbidean; hedatu zen elkartasuna, non, Donostian, hiru egun beranduago, Joseba Barandiaranen heriotza eragin baitzuten; poliziaren konpainia batzuek Errenterian gauzatutako erasoa) desitxuratzen du orduan UCDko senatari zenak.
Del Burgo «lekukoaren» arabera, «Orreaga etorbidean, ke-pote eta gomazko piloten artean, zenbait tiro entzun ziren. Eta horietako batek Rodriguez jo zuen». Horren aitzinean, galde dezakegu: arratsalde eta gau hartan izan ziren tiroek jatorri ezezaguna izan al zuten edo zerutik erori al ziren? Ez al zituen ikusi, Miguel Rubio komisarioa buru zutela, plazan sartu ziren poliziak suzko armekin tiroak botatzen? Ez al zen enteratu zezen plazako erizaindegian bertan hiru balazko zauritu artatu zituztela? Ez al du ezagutzen, tiro hilgarria hartu zuelarik, Germanen ondoan zeudenen testigantza (egoitza judizialean eta ikerketa batzordeetan emana), ziurtatzen dutenak jeep polizial batetik jautsitako agenteek CETME fusilen eta pistolen tiroekin tirokatu zituztela? Ez al zituen ikusi Orreagako etorbideko paretetan eta Germanen aitzinean zegoen autoan balek eragindako zuloak? Ez zen ezta enteratu ere, Senatuan, Martin Villa burkideak aurkeztu zuen txostenaz, bertan aitortzen baitzen 134 bala, 4.513 gomazko pilota, 1.138 pote negar-eragile eta 657 ke-pote jaurtiki zirela?
Horiek al dira talde polizial baten aurkako lintxamendu baten ezaugarriak edo, aitzitik, ordena publikoko indarrek, Fernando Avila komandantearen eta Miguel Rubio komisarioaren agindupean, sortutako kate errepresiboaren katebegia? Gorputz polizial horiek, Germanen erailketaren 24 ordutara, bere irratitik, ahalkerik gabe, erasoarekin segitzeko animatzen zuten esaldi ikaragarri honekin: «Plazari buelta eman. Bokatxak prestatu. Tiro egin zuen energia guztiarekin. Ez izan hiltzeko ardurarik».
Ez zen polizia lintxatzeko inolako saiorik. Hori da burubero eta asmo gaiztoko baten emaitza, ez bertzerik. Benetan gertatu zena eraso polizial bat izan zen, zigor gabe gelditu zena. Halaber, egia da gertaera haiengatik irekitako prozesu judizial guztiak itxirik gelditu zirela auzipetze fasera iritsi aitzin. Agintari edo parte-hartzaile polizialetako inor ez zen ez prozesatu ezta auzipetua izan ere. Froga judizial oinarrizkoenetako bat ere (balistika, polizia parte-hartzaileen deklarazioak...) ez zen gauzatu.
Del Burgo jaunak benetako lekuko gisa aritu nahi badu, Ignacio Llano (orduko gobernari zibila) eta Martin Villa (barne ministro) alderdikideei galdetu beharko lieke non dagoen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1978ko Memoria (artxiboetatik desagertua) edo non dauden Miguel Rubio komisarioak Jose Sainzendako (Ipar zonako agintari polizial gorena) egindako txostenak edo azken horrek barne ministeriorako egin zuena.
Eta, azkenik, horrenbertze kezkatzen badute monumentuek eta antzinako aroen errekonozimenduak, erregeei begiratu beharrean, herri apalean paratu beharko luke arreta, 1936-1939 urteetan erretagoardian erailiko milaka pertsonak ordezkatzen dutena. Alkateak, zinegotziak, lurreko langileak, sindikalistak, irakasleak... Haren artikulua argitaratu duen egunkariak heriotza eta errepresioarekin mehatxatzen zituen horiengan, gezurrekin zikintzen zituen horiengan, uztailaren 19 batean ere, baina 1936koan, Mola genozidaren bandoa lehen orrialdean argitaratu baitzuen.
Iruñeko kasuan, haietako aunitz Gotorlekuan fusilatu zituzten. Del Burgo jaunari gotorleku horrek Felipe II.a gogora ekartzen badio, bertze aunitzi, erailiko pertsonen ahaideei, German Rodriguezen 1978ko uztaileko heriotza bezain bidegabeak eta zigorgabeak oroitarazten dizkie.
Horregatik dago hagitz ongi gauzatutako krimenak oroitarazten dituzten plakak paratzea, batez ere ezkutatu gogo duten inpunitatea salatzeko.