Zelatatu eta zigortu

2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Aspaldi esaten zidan lankide on batek honako esaera zahar bezain berri hau: «Azeri zaharrari ilea joan eta buztana soildu, baina larrua gelditu». Hala, bat-batean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren irudia etorri zitzaidan gogora.

Parot doktrina babestu izanak berriro ere piztu egin du Michel Foucault, eta suharki sendotu gaur egun indarrean dagoen Justizia Paradigma: zelatatu eta zigortu; hori da errezeta magikoa. Eta sentitzen dut ilusioren bat egina zutenengatik, Euskal Herriaren gaur egungo jokalekuan Auzitegi Konstituzionalak bere doktrina eta jarrera aldatuko zituelakoan.

Michelek esaten zuenez, «jokaera onbideratzeko bitartekoak ezarri behar dira», eta Espainiako Estatuko botereek hitzez hitz hartu dute. Antza, Botere Judizialak atzera egin du jauzi, denboran eta espazioan, eta, nire irudimenean —garbi gera bedi, ez dut inolako gai psikoaktiborik hartu eta ez nago halakoren baten eraginpean—, ikus dezaket Epaile Predikari bat, eskuetan urrezko gurutze bat duela, Perutik ekarria, eta euskal preso politiko guztiei harako hura oihuka: «Damutu zaitezte!». Nazionalkatolizismoaren hondarrak betidanik egon dira Epailetzaren talde pentsamenduan. Ikusiak ikusi.

Halako diskurtso eta sententzien azpian bada fenomeno bat, Kriminologiako hainbat joeratakoek duela urte batzuk salatua: Estatuak bere interesei mehatxu egiten dien jokaerak eta pentsaerak hautematen baldin baditu, estigmatizatu egiten ditu lehenik, eta kriminalizatu gero, halakoen aldeztaileak gorputz otzan eta ideia propiorik gabeko bihurtzeraino. Batzuk haren jokoan sartzen dira. Beste batzuek tiraldiari eusten diote, «zigorraren oinazea» gorabehera. Foucaultek esango lukeenez.

Aurreko horrek ondorio larriak ditu, eta horiek berekin dakarte Euskal Herrian kondenatu talde bat izatea, sententzia judizial bat dutenek eta ez dutenek osatua. Antza, Estatuaren helburua da presoei eta haien senideei oinazea eragitea, eta nagusikeriaren eta harrokeriaren zoruan barrena nora gabe ibilaraztea.

Botere Judizialak hainbat zigor osagarri sortu ditu, ikusezinak direnak ofizioko betekizunean, baina ikusgarriak sakabanaketaren hainbat bidetatik doazen errepideetan, eta ezkutuan daudenak gure preso eta erbesteratuen senitartekoen ekonomian. Zigortzeko artearen parte da hori, eta egoitza Madrilen duen Estatu Homizida baten osagai ideologikoak elikatzen ditu, eta, aldi berean, hark oinarritzat dituen botere guztietako egoak sendotzen. Halako erantzunen bidez antolatzen da bizi garen garai berrietara «egokitzeko haien asmoa».

Goethek esaten zuenez, naturaren parte da naturaren kontrakoa. Zuzenbidearen kontrakoa ere, antza, Auzitegi Konstituzionalaren parte da. Teorian, bakarrik teorian, haren ebazpenek eta sententziek azterketa osagai objektiboek bideratuak behar dute izan, Zientzia Juridikoak deritzenetatik eratorriak; honetaraz gero, ordea, ez dezagun ahantz boterearen zerbitzura dagoen egitura bat dela Zientzia, eta independentzia judiziala Colomboren andrea bezalakoa dela: beti du hizpide edonork, baina orain arte ez dut ezagutu hura ikusi duen inortxo.

Orain arte azaldutako guztiarekin bat eginik, Pepe Reirekin topo egin nuen lehen aldia etorri zait gogora. Hark esan zidan: «Euskal Herrian, ezer ez da kasualitatea». Ez da kasualitatea Botere Legegileak bere garaian Alderdien Legea sortu izana, batzuen batzuek ahantzia izanagatik. Ez da kasualitatea Botere Betearazleak sakabanaketa ezartzea, zigor orokor gisa, ezer egotzi izan ezin dienen eta kartzelatu ezin izan dituenen kontra. Eta are kasualitate txikiagoa da Erregimen Totalitarioei dagozkien neurriak babestea Botere Judizialak. Azkenean, Espainiako Estatuaren diskurtso guztiak doaz haren botereetara, eta esana zuen Michelek: «Grisa da boterearen genealogia».

Foucault betierekoa.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.