Zelaa Hezkuntza ministroa, balea esan eta belea izan

2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Edozein gobernuri 100 eguneko epea eman ohi zaio garatuko dituen politiken balorazioa egiteko. Batzuen kasuan, ordea, lehenengo egunekin nahiko izaten da egingo dutenaren inguruko ideia orokorra egiteko. Horixe da, hain zuzen, Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministro berriarekin gertatu zaidana.

Iragan ekainaren 7an hartu zuen Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioko erreleboa. Bost aste itxaron behar izan genuen bere arloari dagokion lehenengo agerraldia ikusi ahal izateko. Bost aste itxaron zituen Hezkuntza ministro berriak, Isabel Zelaak, 2013tik ezinegon berezi baten dagoen hezkuntza komunitateari bere asmo berrien lerro nagusien ingurukoak azaltzeko. Iragan asteartean ere, bigarren agerraldi publikoan, gehiago sakontzeko aukera izan zuen.

Zoritxarrez, argipen askorik ez emateaz gain, ministro berriak ez die Euskal Herriko hezkuntzak dituen beharrei erantzunik agertu, ezta hezkuntza komunitatetik aldarrikatzen ditugunei irtenbiderik eman ere. Are gutxiago, ez ditu berak horrenbeste aldarrikatutakoak iragarri ere egin.

Aspalditik ezagutzen dugu elkar Isabel Zelaa ministroak eta biok. Besteak beste, EAEko Hezkuntza sailburu zelarik langile mugimenduko ordezkari nintzenetik, edota aurreko legegintzaldian, Gasteizko Legebiltzarrean oposizioko kide ginenetik biak, PSE-EEkoa bera, eta EH Bildukoa ni. Dezente ezagutzen dut Isabel Zelaa anderea. Eta ez dakit harritu nauen, edo ez, bere ibilbide politikoan hainbeste aldarrikatu dituenak behin gobernuan egonda (EAEko Hezkuntza Sailburua izan zenean bezala ) betetzeko asmo berezirik ez duela deskubritzeak.

Ezin dut ukatu pertsona karismatikoa dela Isabel Zelaa. (...) Gogoratu behar dut kalapitak eta bi sortu zituela, besteak beste, ezker independentismoaren aukera politikoaren zati handi bat legez kanpo zegoela baliatuz Patxi Lopezen gobernuan, Hezkuntza sailburu zelarik, PPren babesarekin egin zituenak. Gatazka politikoa pil-pilean zegoelarik «Bakerako hezkuntza» programa doktrinatzaile eta baztertzailea inposatu nahi izan zuen. Euskalduntzen ez duten A, B eta D hizkuntza ereduak aldatzearen beharra mahai gainean zegoenean, euskararen kaltetan, «Hiruele markoa» proposatu zuen hezkuntza komunitatearekin adostu gabe. Eta honi guztiari itxura polita eman eta disimulatzeko helburuarekin «Eskola 2.0»-rekin ordenagailu berdeak sartu zituen eskoletan. Horiek izan ziren, laburrean bada ere, orduko sailburuaren hiru «plan izarrak». Ezin ahaztu ere garai hartan hasi zirela ematen hezkuntzan murrizketa esanguratsuenak.

Hezkuntza Saila utzi behar izan zuen ondoren. Eta oposizioan elkartu ginen 2012-2016 legegintzaldian. Aitortu behar dut proposamen interesgarri dezente adostu genituela elkarrekin. (...) Dena den, nola aldatzen diren gauzak! Madrilen aginte zorroa hartu, eta esandakoak, aldarrikatutakoak eta borrokatutakoak ahaztu egiten dira, Espainiako aginterako bidaian, han nonbait.

2013ko azaroaren 27an LOMCEren inguruko eztabaida monografikoa egin genuen Gasteizko Legebiltzarrean. Bilkura horren asmoa LOMCEri aurre egiteko herri gisako mekanismoak adostea zen. Hori lortu ez bagenuen ere, ebazpen interesgarriak atera ziren debate hartatik. Neurriok PSEren babesa ere jaso zuten, eta gaiaren bozeramailea Isabel Zelaa legebiltzarkidea izan zen. Orduan ez zuen gupidarik izan LOMCE deitoratu eta gure hezkuntzarentzat suposatzen zuen kaltea mahaigaineratzeko. Dena den, 2013ko azaro hartan sinatutakoak ahaztu omen ditu ministroak.

«Erlijio konfesionalaren irakaskuntza ikasle guztien curriculum zein eskola ordutegitik kanpo» egon behar zela sinatu zuen Zelaak orduan. Orain, erlijioa ebaluaziotik at utzi bai, baina eskola guztietan eskaini beharreko ikasgai gisa mantentzen du, LOMCEk agindu bezala.

«Legebiltzarrak LOMCEk planteatutako ebaluazio sistema gaitzesten duela» ere sinatu zuen. Baina balio loteslea kenduta ere (egun duguna), izena aldatuta ere sistema berdina mantentzea erabaki du.

Eta azkenik, Madrilgo Kongresuan, oposizioko talde guztiekin batera, PSOEk ondorengoa sinatu zuen: «Hurrengo legegintzaldiaren hasieran LOMCE bertan behera uztea eta bere aplikazioa berehala etetea adosten dugu».

Baina Isabel Zelaa ministroak, balea esan eta belea izan, ez du bere hitza bete. Ez LOMCE eten, ez bertan behera utzi, ezta hezkuntza eskumenei dagokion inongo aldaketarik ere.

Iruditzen zait, bukatze aldera, erronka nagusi baten aurrean gaudela: gure hezkuntzaren gaineko erabaki guztiak guk geuk hartzeko dugun eskubidearen bermean. Ildo horretatik, zuzen galdegin zion Oskar Matutek Madrilgo Kongresuko Hezkuntza batzordean egindako lehenengo zein bigarren agerraldian Zelaa ministroari: «Errespetatuko al ditu Hezkuntza ministroak, inongo betorik gabe eta demokratikoki erabakitakoa errespetatuz, Euskal Hezkuntza Komunitateak lor lezakeen Hezkuntza Akordio baten ondorioz sortu litezkeen ebazpenak, neurriak eta lege berria?». (...) Isabel Zelaak ez zion galdera horri erantzun nahi izan, hor baitago koska, hezkuntzaren «kontrola» non kokatzen den, Madrilen edo Gasteizen.

Norabide horretan, gure hezkuntzari dagokion irtenbide estrukturalik ez dio Madrilen dagoen inork emango, argi ikusi dugu hori azken hamarkadetan eta horren adibide berria da PPk utzitako sarraskiari aurpegi garbiketa eman nahi dion Sanchezen gobernua. Izan LOECE, LODE, LOGSE, LOCE, LOE, LOMCE edo etor litekeen beste edozein legek ez baitio gure errealitateari bere osotasunean erantzungo eta ez baitigu herri gisa ditugun beharrei erantzuteko askatasunik ematen.

Beraz, bertatik eragitea dagokigu. Gure errealitateetatik nahi eta behar dugun hezkuntza sistema propioa, publikoa ardatz izango duena, laikoa, euskalduna, anitza, integratzailea, feminista... egunez egun eraikitzea besterik ez dugu. Horretarako hezkuntza komunitate osoaren (ikasle, guraso, irakasle...) parte hartzea ezinbestekoa dugu. Zoritxarrez, egun EAEko Hezkuntza Sailak, Isabel Zelaaren garaian bezala, beste bide bat aukeratu du. Baina honetaz hurrengo batean arituko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.